Gexan Alfaro. Militantea

«Gure ideien plazaratzeko ziren kantaldiak»

Elkar argitaletxearen sortzaile eta urte askotan bertan lan egindakoa da Alfaro. Seaskari biziki engaiatua egon da, eta kantugintzari osoki lotua. Militante nekaezina da, irria beti ahoan.
ISABELLE MIQUELESTORENA

Eihartze Aramendia Iparragirre -

2018ko irailak 9
«Kultur mundua hemen Iparraldean bizi baldin bada, talde lanari esker da». Garrantzi handia ematen dio Gexan Alfarok (Urepele, Nafarroa Beherea, 1941). Txiki-txikitatik bere bizi moldea izan da; «denbora hartan, sozializazioa etxetik ikasten genuen». Euskal Herrian gaztetxo asko bezala, apaizgai ikasketak egiten hasi zen etxetik horretara bideratuta. Gauzak aldatzeko gogoek bultzatuta, bide hori utzi eta beste batzuk urratzen hasi zen.

Lantziria, zure sortetxearen izena, gero goitizentzat hartu zenuen idazle gisa. Nolako haurtzaroa gogoratzen duzu?

Urepelen haur guztiek bezala iragan dut nire haurtzaroa, baserri munduan, laborantzan. 6-7 urtetan abiatu nintzen ez ikastolara, orduan frantses eskola bakarrik baitzen, eta bistan dena: gure euskara atean uztea galdegiten ziguten, denei bezala, baina gu bihurriak ginen pixka bat, eta euskaraz aritzen ginen, frantsesa nekez ikasten genuen bitartean.

Isiltasuna nekez ezagutu duzue etxean.

Orotara, baginen hamazazpi haurride bizi, baina gure amak hogei haur sortu ditu hemeretzi haurdunalditan.

Meritu galanta.

Bai, segur! Beti erraten dut orduko emazteak atletak zirela! Hainbeste haur ukaiteko, kanpoko lanetan barnekoetan bezain usatuak ziren, zinez azkarrak behar zuten izan.

Apezgai gisa ikasketak segitu zenituen; gero, ordea, baztertu egin zenuen bide hori.

Denbora hartan, apezak eta serorak segidaren segurtatzen ibiliko ziren, eta ikusiko zituzten mutiko edo neskak itxuraz haien iduriko apezgai edo seroragai egin zezaketenak. Pentsatzen dut orduan familiarekin harremanetan jarriko zirela, eta, beraz, eskolara bideratzen zuten, eta ni Hazparneko kolegiora igorri ninduten apezgai gisa; 10 urte nituen orduan.

Ume kozkor bat oraindik.

Garai hartan, 10 urtetan handiak ginen jada! 10 urterekin, hiru hilabeterentzat joaten ginen etxetik, eta moztura handia zen; etxeko goxotasuna galtzen genuen.

Zerekin egin zenuen topo?

Urtez urte gure bidea egin genuen; kolegioan lagunak atzeman genituen, gu bezala euskaldunak, zorionez. Hazparnen bost urte iragan nituen, gero beste bospasei Uztaritzeko seminario ttipian. 17-18 urtetan, hasiak ginen anitz gauzei ohartzen, eta bereziki erranen dut bagenuela gure taldean aitzindari bat: Manex Pagola. Hark bazituen beti ideia berriak; kantu berriak egiten hasia zen jadanik 1953an, Uztaritzeko kolegioan, eta horrelaxe, gauzak berritu nahi genituen gure artean.

Zuen aldarrikapenak plazaratzeko aldizkari bat ere ba omen zenuten.

Uztaritzen bazen apaizgaien artean argitaratzen zen aldizkari bat; Milizia deitzen zen. Armadako izen bat da, baina... Beraz, hartan argitaratzen zuen nahi zuenak, eta guk, gure ideia arraroekin, bistan da, ez genuen sarbide handirik aldizkari horretan. Hor ere Manex Pagolaren ideia izan zen gure gisako aldizkaria eginen genuela euskaraz: Txantzikitin izena eman genion, eta hor gure ideiak argitaratzen hasi ginen.

Gure aldetik, Eliza berri baten aukera ikusten genuen; urrats ttipi batzuk ziren, zinez, eta galdegiten genuen euskarazko formakuntza bat, Euskal Herriko apaiz izan nahi genuela eta. Meza euskaraz, ateraldiak parrokietarat... Gure gisako moldaketa bat egin genezan jendearen artean ere, baina ideia sobera barrabasak ziren; ez zituzten onartzen.

Inoiz ez zenuen zalantzan jarri apaiz izan nahi ote zenuen?

Zerbait egiten da, baina bide batean engaiatua zara edo engaiatu zaituzte, eta gustura aurkitzen duzu zeure burua, lagun talde batean... Eta nik ez nion galdeketa berezirik egin nire buruari; bide hori nahiko egoki atzematen nuen. Bagenuen helburu ideologiko edo espiritual bat; helburu ederra zen Euskal Herriaren zerbitzuko aritzea. Ongi bizi genuen, baina gure gisakoa nahi genuen, hala ere, eta haiek, zuzendaritzakoek, erraten ziguten ezetz, edonora deituak izaten ahal ginela, eta beraz frantsesezko formakuntza hartu behar genuela. Hor ziren gure gatazkak.

Noiz erabaki zenuen uztea?

Giro nahasi horretan, Manex Pagola kanporatu zuten, eta, hori ikustean, nik deskargua eman nion idatziz zuzendariari, eta gure euskal mundura joan ginen.

Ordutik makina bat lanetan aritu izan zara.

Hastapenean, atez ate ibili ginen, eta galdegiten ziguten zer diploma genuen. Teologia ikasi genuela erantzuten genuen, eta hori zer zen galdegiten ziguten harriturik! Laborantzan ibili nintzen zakuak kargatzen Bokalen, eta gero beste hainbat enpresatan. Seminariotik atera eta Baionan finkatu aitzin, Iruñera joan nintzen; Donapaleuko lagun batek proposatu zidan —Iruñeko ikastolako frantses irakaslea zen— Iruñeko komertzio eskolan zerbait ikasten ahalko nuela, eta, zerendako ez, Nafarroa ezagutzeko gogoa nuen, gainera. Orduan, industrializazioa garatzen ari zen Nafarroan, eta herri anitzetan lantegi berriak sortzen ari ziren.

Kazetaritzan ere ibilia zara.

Enpresetan ibiltzen ginen, eta garai hartan Herria, Zeruko Argia edota Anaitasuna aldizkarietan izkiriatzen aritzen nintzen, eta erreportajeak egiten nituen. Gustukoa nuen lan hori; euskarazkoak Herria-ri pausatzen nizkion, eta frantsesezkoak, berriz, Marijane Minaberriri ematen nizkion. Basque Eclaire-n idazkari zen, eta horrela ezagutu nuen. Gustukoa atzeman zuten nire lana. Horrela egin nituen zazpi-zortzi bat erreportaje, eta, Baionara itzultzerakoan, Zelai garraiolariaren etxean hasi nintzen lanean. Han ari nintzela, Minaberri jin zitzaidan egun batez, proposamen bat egitera: Janbattitt Dirassar kazetaria Sud Ouest-era joatekoa zen; beraz, toki bat libre gelditzen zen, eta toki hura hartzea zen proposamena. Nik izkiriatzea gustukoa nuen, eta, beraz, zerendako ez? Eta horrela sartu nintzen Basque Eclaire-n, eta bospasei urte egin nituen. Gero, Sud Ouest-ek erosi zuen, eta itxi egin zen. Pauera joateko proposamena egin zidaten, baina nik nahiago nuen aitzur lanean ari izan Pauera joan baino!

Nola hurbildu zinen kantuaren mundura?

Piarres Laffitek Uztaritzeko seminario ttipian kantua erakusten zion nahi zuenari, eta hark, batez ere, kantu zaharrei gustua hartzean izan du nigan eragina. Sekula oroitzen naiz berak sustaturik parte hartu genuela kantari lehiaketa batean; jendea kantura bildu nahi zuten, eta lehiaketa gisako bat antolatu zuten —pentsatzen dut Euskaltzaleen Biltzarrak antolatu zuela—. Uztaritzeko besten kari izan zen, fraideen plaza handi horretan. Parte hartzeko 40 kantu zahar ikasi behar ziren gogoz! Gu aspalditik ari ginen kantu zaharren ikasten, eta Manex eta biak joan ginen. Nonbait heldu ginen 40ak ikastera, eta parte hartu genuen. Galdegiten ziguten horrelako kantuaren lehen kopla, bosgarrena, hamargarrena... Egia da kantu zaharren gustua horrela hartu nuela nik, eta horrek naturalki ekarri zuela bertsoetako gustua, pentsatzen dut, zeren eta geroztik bai bainuen gogoa mementoko pentsamoldea idatzirik uzteko. Denborarekin, berriz irakurtzen dituzu, eta harritu ere egiten zara [barreak].

Kantaldiak antolatzen ere hasi zineten.

1968tik aitzina hasi ginen horretan. Tartean zeuden Beñat Sarasola kantaria, Manex Pagola, Joanes Borda... Hegoaldeko kantari zenbait ezagutzen genituen, Ez Dok Amairuren inguruko Lertxundi, Lete, Lourdes... Beraz, beti horietako bat jiten zen Euskal Herriaren batasuna erakusteko eta han eta hemen euskaldunak garela erakusteko. Gure ideien plazaratzeko bide bat ziren kantaldiak; gustuko genuen, eta ohartu ginen jendeak ontsa hartzen zuela. Giro ona sortzen zuen, eta sekulako ametsak egiten genituen, independentzia eta hori dena, eta aitzinatzeko horrelako ideiak behar zirela...

Zerk bultzatuta sortu zenuten Elkar argitaletxea?

1972an, Goiztiri argitaletxea, Jakes Abeberrik Enbataren inguruan sortu zuena, gelditu egin zen. Manex Pagolak erraten zuen absolutuki ordezkatu behar zela, Baiona ez zela argitalpenik gabe utzi behar. Gure artean mintzatuz deliberatu genuen argitaletxe bat sortzea, eta dirua biltzen hasi ginen. Bakoitzak orduko 1.000 libera eman genituen. Proiektu hartan hogei idazle eta kantari bildu genituen; Elkar izena eman genion. Elkarrekin, baina bazen ere Euskal Liburu eta Kantuen Argitaletxea. Urte berean sortu genuen Zabal aldizkaria, idazle multzo baten inguruan.

1975ean, beraz, galdu nuelarik Basque Eclaire-ko lana, Zabalen lanean ari ziren Joseba Jaka eta Jokin Apalategi. Jaka jin zen niregana jakinik langabe nintzela —ez nintzen batere gaizki langabezian, pixka bat pausatzen ari nintzen—, hirugarren batentzat tokia bazutela zabalkundea egiteko. Harritu nintzen hirugarren pertsona batentzat lan saria aterako zutela pentsatzean, baina beraiek baietz, lortuko genuela eta horrela hasi ginen. Parioa egin genuen; lagunak ginen, eta engaiatu ginen. Zaku handietan sartzen genituen gure liburu eta diskoak, saltegietan erakutsi... Anitzetan, bistan da, gure itzuliak egiten genituenean bizpahiru kasete baizik ez genituen saltzen, baina orduan ez zen beste biderik eta horrela ibili ginen ttuku-ttuku.

Patxika Erramuzperekin batera Kantuz kantu albuma sortu zenuen 1980ko hamarkada hasieran, haurrei zuzendua. Orduko haur euskaldunek gaur egun seme-alabei kantatzen eta kontatzen segitzen dizkiete istorio horiek.

Bai, harrigarria da; ez genuen uste albumak horrelako oihartzunik ukanen zuenik. Istorio eta kantu horiek denak xoko batean neuzkan, eta, gure haurrak ikastolara abiatu zirelarik, irakasle batek galdegin zidan ateratzeko, eta Elkarrek argitaratu zituen. Orain dela bi urte, gainera, berriz argitaratu dira, gaur egungo garaietara egokitutako formatuarekin.

Aire berri bat ekarri zuen album horrek? Batik bat gaiei dagokienez, beharbada?

Bai, garai hartan kantu eta istorio guziek errege-erreginak eta horrelakoak kontatzen zituzten. Hori hautsi nahi genuen.

Seaskan ere engaiatu, eta lehendakari ere izan zinen.

Ahantzia nuen hori [barreak].

Zer momentutan zegoen orduan Seaska?

1985-1986an hartu nuen kargua, eta momentu txarrak ziren; manifestaldiak, negoziazioak... 1986an, Seaskako Bulegoa berritu zen. Aurrekoek denek utzi zuten aseak leporaino, bistan da, akituak, eta segida segurtatu behar zen. Ni, orduan, Seaskako pedagogia taldean ari nintzen, eta nehork ez zuen bere burua lehendakari presentatu nahi. Azkenean, eskua altxatu nuen; denak ados ziren, bistan dena! Urtebetez arituko nintzela izan zen jarri nuen baldintza, eta hala izan zen.

Kartzela ere ezagutu zenuen urte batzuk geroago.

Bai egia da, hori ere gertatu zitzaidan. Denbora hura errefuxiatuen denbora zen; baziren jadanik zenbait urte gure etxea ezagutua zela errefuxiatuengandik, gure etxean bazuten sustengua eta ostatua. Gau batez, atea jo zuten; ireki, eta adiskide handi bat zen: «Badiat hemen lagun bat; lekuz aldatu behar dik, eta ez du nehon lekurik atzematen. Hartzen ahal duzue?». Adiskide bati nola errefusa laguntza? Etxean hartzen genuen azkena izan zen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna