Izpi ultramoreak jomugan

Anses Frantziako Osasun Segurtasunaren Agentziak beltzarantzeko kabinak debekatzeko eskatu du minbizia sortzeko arriskua areagotzen dutelakoan; kontrako ahotsek diote zientifikoki ez dagoela oinarririk.
Azpeitiko Jone eta Maikar zentroan solariumen erabilera aldatu dela diote, jendea kontzientziatuago dagoelako.
Azpeitiko Jone eta Maikar zentroan solariumen erabilera aldatu dela diote, jendea kontzientziatuago dagoelako. JON URBE / FOKU

Eihartze Aramendia Iparragirre -

2018ko azaroak 29
Ohartarazpena ez da berria. Hainbat erakundek jakinarazi izan dute beltzatzeko kabinek igortzen dituzten UV izpi artifizialak hartzea arriskutsua dela. Anses, Frantziako Osasun Segurtasunaren Agentziak, ordea, beste pauso bat eman du, eta helburu estetikoak dituzten kabinak debekatzeko eskaera egin du, Brasilek 2009an debekatu bezala eta Australiak 2015ean.

Ansesen arabera, azken hiru hamarkadetan kabina mota horiek «progresio handia» izan dute, eta, hori ikusita, Frantziako Osasun Ministerioak ikerketa zientifikoetan oinarritutako txosten bat eskatu dio Ansesi, izpi ultramore artifizialen ondorioak zein diren jakite aldera.

CIRC minbizia ikertzeko nazioarteko zentroak 2009an ofizialki sailkatu zuen UV izpi artifizialak kantzerigeno gisa. Ordutik, hainbat ikerketa egin dira, eta ondorio berberetara iritsi dira. Ansesek 2014an egindakoak, adibidez, nabarmentzen du 35 urte baino lehen kabina mota horiek behin bederen erabili dituztenei %59z handitzen zaiela arriskua azaleko melanoma bat garatzeko.

«UV izpi artifizialek ez dute azala prestatzen gero eguzkia hartzeko garairako, eta ez dute eguzki kolpe batez babesten. Horrez gain, kabina mota horiek ez dute B bitamina esanguratsurik ematen». Adierazpen horrekin eta Ansesen debeku eskaerarekin bat dator Sylvie Truchet Donibane Lohizunen (Lapurdi) kontsulta duen dermatologoa. «Pentsatu ohi dugu gutxi erabiltzen badugu ez dagoela arrisku handirik, baina ikerketek frogatzen dute sesio gutxirekin ere arriskua hor dagoela». Azalaren zahartze azkarra ere eragiten dutela ohartarazi du:«Hau da, azal lehorra, zimurrak, mantxak...». Horri lotuta, Ansesek dio beltzatzeko lanparek eguzkiak baino lau aldiz azkartzen dutela azalaren zahartzea.

Trucheten esanetan, garrantzitsua da norberak bere azalari begiratzea, eta, aurretik ez zeuden «lesioak» ikusiz gero, medikuari kontsultatzea: «Goiz antzematen badira, sendatzeko aukera handiagoak daude».

Debeku eskaerari berehala etorri zaio kontrako iritzia. CNEP Frantziako Estetika eta Perfumeriaren Konfederazioarena eta SNPBC Beltzarantzeko kabinen profesionalen sindikatuarena. «Elementu berririk» ez duela ekartzen leporatu diote Ansesi, eta ez duela ematen «datu zientifiko ziurrik». 2018ko otsailean International Journal of Cancer Research and Treatment aldizkari berezituan argitaratutako ikerketa baten ondorioa aipatu du: «Gaur egungo ezagutza zientifikoek ez dute ahalbidetzen beltzarantzeko kabinek melanomak gehitzen dituztenik».

Patricia Doihenartek estetika zentro bat du Uztaritzen (Lapurdi), Harmonie. Beste hainbat zerbitzuren artean solariuma eskaintzen du. Zerbitzu hori erabiltzen duten bezeroak urte osoan ditu, sasoi guztietan; aste hauetan hiru bezero etortzen zaizkio, eta, udara baino lehen, askoz gehiago: «Jendea normalki udarari begira azala prestatzeko etortzen da. Estetika zentro moduan, guk ez dugu eskubiderik psoriasi edo azaleko arazoak sendatzeko solariumak eskaintzeko. Gure izpiak eta dermatologoek erabiltzen dituzten makinetakoak ez dira berdinak».

Ansesen eskaeraren berri badu, eta jendeak ere badakiela dio: «Biharko egunean esaten badidate ezin dela gehiago zerbitzu hau eman, ez dut emango, baina bitartean jarraituko dut; egin behar diren kontrolak egiten ditut, gainera». Kontrol horiek Frantziako Estatuari lotua den Dekra elkarteak egiten dizkio bi urtean behin. Elektrizitate sistema, lanparak eta beste begiratzen dizkio. «Lehen, arauak ez ziren batere zorrotzak; gerora hasi ziren kontrolen egiten, eta kontrol horiek etorri ziren zernahi egiten zelako. Baziren tokiak non solarium zerbitzua bakarrik eskaintzen zuten, eta jendea egunero joaten ahal zen. Hortik azaleko arazoak antzematen hasi ziren».

Solarium zerbitzua kendu

Beltzatzeko kabinaren ondoan informazio eta aholku orriak ditu paretan. Betaurrekoak erabiltzeko; izpi artifizialak hartu aurretik, kosmetikorik ez emateko; fotosentikor diren botikak hartuz gero, ez erabiltzeko; azalaren arabera zenbat denboraz egon daitekeen solariumean... Aholku edo neurri horiek berak paper batean ditu Doihenartek, eta solariuma erabiltzen duten bezeroek sinatu egin behar dute: «Legearen aurrean badakit ez nauela babesten, baina gutxienez jendeak neurriak zein diren irakurtzen dituela bermatzen duzu».

Haren ustez, jendea ez dago eguzkiaren arriskuez kontzientziatua: «Kontzientzia duena ez da hona etortzen, hori behintzat ez da nire bezeria. Bezero bat izan nuen egunero etorri nahi zuena solariumera. Ezetz esan nion. Ez zen kontent, eta beste nonbaitera joan zen, eta seguru naiz topatuko zuela baietz esan zion norbait». Bere estetika zentroan urtean hamabost saio eskaintzen ditu. «Norbaitek gehiago nahi badu, hemen behintzat ezin du. Agian beste norabait joango da, baina nik behintzat gehiago ez ditut eskainiko. Bakoitza arduratsu izan behar da egiten duenarekin».

Maite Etxeberriak Lilia estetika zentroa du Luhuson (Lapurdi). Orain dela hamar urte ireki zuen zentroa, eta hastapen horretan solarium zerbitzua eskaintzen hasi zen, «jendearen eskaera bati erantzuteko». Izpi ultramore artifizialak arriskutsuak izan zitezkeela entzuten hasi zen gero, eta barrenean kezka bat sortzen hasi zitzaion: «Erraten zuten ez zirela erremedioak hartu behar, kremak ezin zirela eman... nik aldi oro jendeei galdegiten nien ea hori dena errespetatzen zuten... baina ez nuen ezer izenpearazten».

Azken urteetan ez zen gustura sentitzen: «Bezeroak solariumerako hartzen nituelarik zerbait banuen, ez nintzen lasai. Banekin arrisku posible bat bazela». Kentzea erabaki zuen. Eta kentzearekin batera bezeroak ere gutxitu dira, horretara bakarrik joaten ziren bezeroak baitzituen. «Jende anitz jiten zen, eta kentzea diru sartzeetan nabaritu zen», azaldu du Etxeberriak. CNEPeko presidente Regine Ferrerek France Info irratiari adierazi dionez, kabina mota horien debekuak «ondorio ekonomiko larriak» ekarriko lituzke. «Diru erraza da azkenean; hamar saiorengatik 80 euro ordaintzen zuen jendeak, eta zuk ez duzu gauza handirik egin behar, eta bitartean beste bezero batekin egon zaitezke», adierazi du. Hala eta guztiz ere, kenduta «lasaiago» dagoela aitortu du: «Nik ez dut arriskurik hartu nahi». Urtero, baina, bezeroen deiren bat badu solariumaz galdezka, baina kabina hortxe du, zentroko gela batean du deskonektatua.

Hegoaldean eskaerarik ez

Hego Euskal Herrian ez da horrelako eskaerarik egon orain arte, hala adierazi du behintzat Begoña Aseginolaza dermatolog oak. Berak ez lituzke beltzarantzeko kabinak debekatuko, baina kontrol zorrotzagoa egotea eskatzen du: «Hemen solarium asko daude inolako kontrolik gabe. Dendetan salgai daude, edonork eros ditzake eta jendeak ez du formakuntzarik egiten. Ez dira etxean edukitzeko tresnak. Berez araudi bat badago nola erabili eta, baina gero praktikan...».

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eramaten du solariumen araudia. Bezeroei ematen zaizkien gomendioak Ipar Euskal Herrian ematen diren berberak dira, eta, horrez gain, estetika zentroek bete behar dituzten arauak ere zehazten ditu. Hala nola egiaztatzea beltzarantze artifizialeko aparatuak teknikoki egokiak direla eta urtero edo aparatuaren zenbait elementu aldatzen direnean aztertzea; ez eskaintzea beltzarantzeko prozesua arintzeko, iragazki modura egin edo aparatuaren izpi ultramoreen pean denbora gehiago egoteko produkturik; bezeroari beltzarantze zentroan bertan ematea agiri informatibo bat, izenpetu eta adostasuna eman dezan; zerbitzu hori ematen den denbora guztian behar besteko prestakuntza teknikoa duen pertsona izatea zentroan; eta jendaurrean, itxaron gelan edo sarreran, kartel informatibo bat jartzea, bost metroko distantzian argi eta garbi ikusteko moduan informazioa.

Betebehar horiek guztiak betetzen dituztela baieztatu du Amaia Salegi Azpetian (Gipuzkoa) dagoen Jone eta Maikar zentro mediko estetikoko arduradunak. Duela 25 urte inguru ireki zuten, eta ordutik izan dute kabina bertan, euren kasuan ere jendearen aldetik eskaera bat bazelako. Urte horietan aldaketa antzeman dutela onartu du: «Kontrolen aldetik ez da bereziki aldaketa nabarmenik izan. Beti egin dizkigute kontrolak, segitzen dugu urteroko kontrolekin eta guk ere egin beharreko ikastaroa egin genuen. Baina jendearen aldetik nabaritu dugu aldaketa. Lehen astakeria gehiago egiten ziren, eta orain emandako aholkuak betetzen dituzte. Jendeak segitzen du etortzen, bezero kopurua ez da gutxitu, baina bai erabilera, beste erabilera bat ematen diote solariumari. Kontzientziazio handiagoa dagoela esango nuke».

Horrekin bat dator Aseginolaza: «Lehen, jendeak kontsultetan horrelako makinetara joan zitekeen galdetzen zidan, baina orain galdera hori oso jende gutxik egiten dit. Eguzkiari beldur handiagoa zaio, eta dagoeneko ez ditugu ikusten lehen bezala erredura izugarri horiek. Hori bai, hogei urte inguru kosta zaigu jendea konbentzitzea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna