Eguraldia aitzakia ez denean

Negua heltzen denean, erosoago ibiliko direlakoan, askok bizikleta albo batera uzten dute udaberria iritsi arte. Gutxi batzuek, ordea, nahiago dute neguan ere bizikletan ibili, eta arrazoi ugari dituzte horretarako: denbora, kirola, osasuna edota ekonomia, besteak beste.

Bidegorria. Gasteizen 117 kilometro daude bizikletentzako prestatuta, bidegorri eta errepideen artean. JUANAN RUIZ / @FOKU.
Iñigo Satrustegi.
Gasteiz
2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun

Negua ate joka dago; izan ere, bi aste baino ez dira geratzen urtarorik hotzena hasteko. Alabaina, aspaldi iritsi ziren hotza, euria eta elurra: azaroa aspaldiko hilabeterik euritsuena izan da. Asko izango dira honezkero, eguraldi zakarrak bultzaturik, bizikleta aparkatu eta ohiko ibilbideetarako autoa edo garraio publikoa lehenetsi dutenak. Kontrara, beste askok bizikleta erabiltzearen alde egiten dute oraindik, eguraldi txarrari bizikletaren onena ateratzeko.

Juanjo Pinedo bizikletazale amorratua (Gasteiz, 1977) da ohiko erabiltzaileetako bat. Egunero hartzen du bizikleta, edozein dela ere bere egitekoa: lanera joan, erosketak egin, haurrak eskolara eraman, baita bidaia luzeetarako ere. Hain zuzen ere, egunero egiten du bizikletaz etxetik bulegora duen zazpi kilometroko ibilbidea, eta ezer gutxik geldiaraz dezake bere errutina hori: «Niri euriak bost axola. Ahal izanez gero, bizikletarekin noa edonora. Lankideek harrituta galdetzen didate maiz ea egiten duen eguraldiarekin bizikletaz joaten ote naizen lantokira».

Goitik behera estalita doa Pinedo eguraldia aldeko ez duenetan: zira on bat, praka iragazgaitzak eta kaskoa. Gainera, bi zakuto ditu, gauzak gorde ahal izateko, eta, beraz, bustitzearen aitzakiak ez du balio harentzat. «Soilik elurra ari duenean ez dut hartzen», aitortu du. Egin ohi dituen ibilbideetan bidegorri asko duela azaldu du, baina salatu du zenbait tokitan ez daudela egoera onean. Besteetan, errepidetik joatera behartuta egoten da, eta ikusgai izatearen garrantzia azpimarratu du: «Kaskoaz gain, argi gutxi badago, txalekoa ere janzten dut, autoetako gidariek ikus nazaten». Gaineratu du nahiago duela errepidearen erdialdetik joan, bazterretik baino: «erditik joanda, ez zaizkizu autoak horren gertutik pasatzen».

Juanjo Pinedok urteak daramatza gurpil gainean ibiltzen, eta bizikletaren aldeko ekintzailea da Gasteizen. Juanan Ruiz / Foku

Pinedok ez du ibilgailuaren zaintza berezirik egiten eguraldiagatik: «Orokorrean, autoekin bezala, bakoitzak badaki norbere ibilgailuak zer konponketa edo zainketa behar izaten dituen». Ildo horretatik, gaineratu du pneumatikoen eta frenoen egoera kontuan hartu beharra dagoela beti, istripuak saihesteko. Trebetasunak izan dezakeen garrantzia azpimarratu du Pinedok: «Urte asko daramatzat bizikleta erabiltzen, errepidean, lanerako bideetan eta beste gauza askotan, eta horrek asko laguntzen du». Gasteizko Bizikleteroak elkarteko kide ere bada; elkartean, bizikletentzako azpiegitura egokien alde egiten dute, eta, bizikletaren erabilera hedatu asmoz, kontzientzia zabaltzen dute, besteak beste. Pinedok galdera bat planteatu die bizikleta erabiltzeagatik «horrenbeste» harritzen direnei: «Zertarako hartuko dut autoa, bizikleta har baldin badezaket?».

Bizikleta lan tresna

Txirrindulari profesional izandakoa da Beñat Blazquez (Astigarraga, Gipuzkoa, 1989), eta ohituta dago, beraz, gurpil gainean ibiltzen. Egun Baionan bizi da, eta lanerako ezinbestekoa du bizikleta: fisioterapeuta gisa lan egiten du, eta etxez etxe egiten ditu kontsultak. Aitortu du Astigarragan bizi zenean autoa maizago hartzen zuela; orain, ordea, ahal duenean bizikleta erabiltzeko hautua egiten du: «Denbora gehiago kostatuko litzaidake distantzia berak autoz egingo banitu, eta, gainera, merkeagoa da». Eguraldi txarra ez da oztopo bat Blazquezentzat: plastikozko prakak eta pontxoa jarri, kateari olio pixka bat bota, eta lohi babesgarriarekin kalera irteten da; hala ere, galtzerdi parea darama beti gainean, «badaezpada ere».

«Mundu guztiak probatu beharko luke euri zaparrada baten azpian bizikletarekin ibiltzen, baina ongi jantzita»; erronka modukoa proposatu du Astigarragakoak. Izan ere, Blazquezek esan du txirrindulariak eguraldi txarrarekin ibiltzen direnean «arraro» begiratzen dituztela, baina motorrean ibiltzen direnei, aldiz, ez, «berdina den arren»; gaineratu du batetik bestera joateko modu «on» bat dela bizikleta. Blazquezek, aldiz, salatu du Baionan azken urtean obra ugari ari direla egiten Trambusarentzat azpiegiturak sortzeko; aitzitik, «bizikletari ez diote espaziorik utzi». Bidegorrien haritik, esan du Baionan bidegorri bakarrenetarikoa hondartzara joateko dagoela. Era berean, zalantzan jarri du jendeak autoa «gehiegi» hartzeko ohitura, eta «mania» gisa definitu du. Horregatik, ibilbide motz eta ertainetarako bizikletaren alde azaldu da, denbora, klima eta osasuna argudiatuta: «Denbora aurreztu, larrialdi klimatikoan lagundu eta sedentarismoa saihets daiteke. Ez du merezi hiri barruan hamar kilometro baino gutxiago egiteko autoa hartzea».

Beñat Blazquez txirrindulari profesional izandakoa da. Gaur egun, bizikleta ezinbestekoa du lanerako, Baionan. Guillaume Fauveau

Juantxo Urdirotz (Markalain, Nafarroa, 1964) irakasle eta idazleak brometan esan du «noiznahi, nolanahi eta nonahi» erabiltzen duela bizikleta. Bromatik gutxi du, ordea, bere adierazpenak: Iruñetik herrira joateko, paseorako, enkarguetarako eta lanerako ere hartzen baitu. Orotara, hiru bizikleta eta haietan atxikitzeko bi zakuto ditu, egitekoaren arabera aldatzeko. Gertu ditu etxea eta institutua, baina bide «polita» duela adierazi du, eta, horrenbestez, «gustura» egiten duela. Garai batean, egunean hogei kilometro inguru egiten zituen lanerako joan-etorrietan. «Hasieran, lekutan zegoela iruditzen zitzaidan, baina denborarekin ohitu eta aise egiten nuen ibilbidea», argitu du. Urdirotzek ere baditu euritarako zira eta galtza iragazgaitzak. Eskularruei garrantzi handia eman die, zeren, eroriz gero, hotzetik ez ezik kolpetik ere «zertxobait» babesten baitute. Baina, batez ere, kaskoa erabili beharra nabarmendu du, negua izan edo ez. Gainera, bustiko balitz ere, aldatzeko arropak eramaten ditu lanera.

Bizikletaren alde egiten du, besteak beste, gustatzen zaiolako: «Ibilbide polita baduzu edota egunsentiaren ordutegiekin bat egiten baduzu, plazer hutsa da», adierazi du. Alta, azaldu duenez, denbora du bizikleta erabiltzearen arrazoi nagusia: «Egunerokoan egiten dudan ibilbidea egiteko, nahiago dut, inongo zalantzarik gabe, bizikleta. Beste erritmo bat da, erabat». Auto ilarak eta aparkatzeko behar duen denbora kontuan hartuta, azkarrago ibiltzen da bi gurpilen gainean. Gainera, euriarekin denbora horiek are gehiago luzatzen direla esan du. «Egunero ibilita, estatistikagatik, arrisku handiagoa du autoak». Ekonomiaz berriz, esan du «oso merke» irteten dela bizikleta autoen prezioekin eta mantenuarekin alderatuta: «Auto bat ere merke erosten ahal da, baina, ez dakizu iraungo dizun».

Juantxo Urdirotz irakaslea da, eta egunero hartzen du bizikleta institutura joateko, eguraldia edozein dela ere. Idoia Zabaleta / Foku

Segurtasuna lehentasun

Pinedok badaki, esaterako, haize bolada handiak direnean arriskutsuagoa dela, eta, horregatik, halakoetan lasai hartzen du lanerako tartea, eta lehenago irteten da etxetik. Halaber, lanerako ibilbidea lasaitzeko une bat da gasteiztarrarentzat; hamabost bat minutuz kirola egiteko, erlaxatzeko eta gorputza berotzeko ere balio dio. Europa iparraldeko herrialdeekin konparazio bat egin du: «Belgikan ere hotz handia egiten du, eta ehuneko oso handi batek erabiltzen du bizikleta garraio modura. Hemen, lau katu gara».

Bidea ongi ezagutzea ezinbestekotzat jo du Urdirotzek: «Neguan, tenperatura aldaketen ondorioz, eremu batzuk irristakorragoak dira, adibidez, zubiak edo bihurgune jakin batzuk, eta komeni da horiek identifikatuta izatea, kolperik ez hartzeko. Nik bat edo beste hartu izan dut». Bestalde, argiaren garrantzia ere azpimarratu du: bidea argitsua bada ere, ezezaguna izanik, seguruagoa baita. Gainera, bidegorri eta antzekoetan erosoago sentitzen da, eta, ahal dela, ez da errepidera jaisten.

Bizikletarik hartzen ez dutenen azalean jarri da Blazquez: «Ni ohituta nago bizikletarekin errepidean ibiltzen, urteetan txapelketetan aritu naizelako, baina ohikoena da beldurra izatea datorkizun lehen sentimendua errepidea eta bizikleta hitzak elkarrekin entzutean».

Alde horretatik, uste du gidariek kontzientzia handiagoa dutela Hego Euskal Herrian Iparraldean baino. Hala ere, neguan bizikleta aparkatzen duten txirrindulari horiek neguan ere motibatzeko azpiegituren beharraz mintzatu da, Baionan ez baitago askorik. Bat datoz hiru bizikletazaleak: bizikletak abantaila ugari ditu, eta, horregatik, gurpil gainean ibiltzera eta onura horiek probatzera animatu nahi dute jendea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.