KRITIKA. Dantza

Jiraka eta bueltaka

Agus Perez.
2018ko azaroaren 27a
00:00
Entzun

'All ways…'

Koreografia: Sharon Fridman. Musika: Danski - Idan Shimoni. Dramaturgia-laguntzailea: Antonio Ramirez - Stabivo.Dantzariak: Melania Olcina, Diego Arconada, Tania Garrido, Richard Mascherin, Lucia Montes, Juan Carlos Toledo. Lekua: Donostiako Gazteszena aretoa. Eguna: Azaroak 24.

Jiraka eta bueltaka ibili dira dantzariak emanaldian zehar. Galaxiak bezala, planetak bezala, izpirituak bezala. Ez beti, baina bai askotan, eta biratzearen ideia hori nagusitzen zait buruan lerrok idazterakoan. «Gutariko bakoitzak bide asko ditu aurrean, baina batek bakarrik darama norberaren baitara» irakurri dut Sharon Fridmanen All ways... honen esku-programan, eta Madrilen finkatutako koreografo israeldarrak biraketaren ideia hartu du ardatz giza arimaren azterketa egiterakoan.

Baina ardatzak puntu finkoa behar du jiraka eta bueltaka ibiliko bada, eta puntu zehatz batean kokatu da hasierako neska dantzaria, beste guztiek haren inguruan abiadura bizian pasatzean mugiarazten, ia erorarazten, batzuetan haiekin arrastaka eramaten zuten bitartean.

Lehen irudi indartsu horrekin batera hasi gara antzematen dantzaren inguruan zeuden beste osagaien indarra. Benetan ederrak izan dira sei dantzariek jantzi dituzten soineko gris-urdinxkak eta tonu bereko tunika botoidun luzeak. Diseinu ausarta bezain dotorea erakutsi dute, eta bai dantzaren bai espiritualtasunaren zerbitzura egon dira, musika barne-bidaia kolektibo horren gidaria zela. Partitura piano-notetan oinarritu da askotan, eta soinu-banda aberats bihurtu da gehienetan. Iluna zen batzuetan, esperantzagarria besteetan, benetako sinfonia betiere, eta haren inguruan eratu da gizakiarentzat hain funtsezkoa den zentraltasunaren bilaketa.

Esan bezala, jiraka eta bueltaka ibili dira dantzariak emanaldian zehar, ez beti, baina bai askotan, eta haien artean gure izpirituek une oro egiten dituzten oreka delikatuak, arabesko konplexuak, lasterketa zirkularrak eta elkarketa iragankorrak diseinatu ditu Fridmanek. Bere planteamendua deskribatzeko likidoen izaera etorri zait burura, haietan dena baita aldagarria eta ezer ez eusteko modukoa. Hurrengo fase batean argi espektral baten pean zirkulatu dute dantzariek hasierako emakumearen inguruan, astroek huts sideralean bezala, eta haietariko batzuk biluzik zebiltzan piano-musikak edertasun malenkoniatsu bat ekartzen zigularik.

Argi-eremu zapalak eratzeko gai den foku berezi horrek emanaldiaren kutsu mistikoa areagotu du, eta biraka ibili diren duo ausarten ostean batekin hasi eta bi eta hiru izan arte biderkatu diraharen bidez eratu dira paisaia estrainio eta oniriko batzuk. Haietan, dantzarien eskuak, oinak eta buruak besterik ez ziren ikusten, eta haietatik abiatuta eratu dira amaiera aldeko giza eraikin ezegonkor, poetiko eta geldoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.