Andoni Landa Arozena. IKA euskaltegiko irakaslea

«Pena ematen dit euskara bereizteko erabiltzeak, eta ez biltzeko»

Arabako Errioxan euskalduntzean lan egiten duenetik, 1991tik, nabarmen handitu da euskararen ezagutza. Baina ikuspuntu akademikoa hartzen ari ote den susmoa du, eta, besteak beste, aisialdian lan egitearen beharra nabarmendu du.
JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Jon Rejado -

2019ko martxoak 10
Hogeita zortzi urte inguru dira Andoni Landa Arozena (Nuarbe, Azpeitia, Gipuzkoa, 1966) Oiongo bizilaguna dela. Aurrez ezagutzen zuen, baina 1991. urtean joan zen bizitzera Arabako Errioxara, IKAn irakasle izateko. Ordutik, euskaltegiko lankideekin batera, euskara irakatsi du Araban, Nafarroako zenbait herritan, baita Logroñon ere (Espainia). Lan horretan, gertutik bizi izan du eskualdearen euskalduntzean gertatutako bilakaera, baita horrekin batera sortu diren behar eta erronka berriak ere.

Noiz izan zenuen lehen esperientzia euskara ikasle gisa?

Iruñera joan nintzen Agronomia Ingeniaritza ikastera. Ikasketa horiek, noski, gaztelera hutsean egin nituen. Euskara elkartea sortu genuen. Ikasketa amaierako lanak euskaratu genituen... Bertan ikusi nuen lehenbizikoz euskararekiko jazarpena. Adibidez, zuzendaritzakoek hots egin ziguten, ezin genuela kartelik jarri euskara hutsean...

25 urte inguru zenituela heldu zinen Oionera, 1991. urtean. Zergatik?

Azkoitiko lagun baten bidez etorri nintzen. Inguru honetan irakasle faltan zeudela, eta etortzeko eskatu zidan. Aurretik ere azpeitiarrak eta azkoitiarrak egonak ziren Oionen irakasle.

Bi urterako etorri, eta 28 urte egin dituzu jadanik.

Hasieran, gehiagotan joaten nintzen Azpeitira, asteburuetan. Baina zaila egiten da bi lekutan inplikatzea. Azpeitian gaztetxe inguruan ari nintzen, gauzak mugitu nahian. Hemen ere lan hori egin nahi nuen, eta geratu egin nintzen. Familia ere sortu nuen hemen: emaztea, semea...

Bi errealitate oso ezberdin ziren 1990eko hamarkadako Azpeitia eta garai hartako Oion?

Baziren, bai. Lehen hilabete horietan, trenez edo autobusez itzultzen nintzen Azpeitira. Ez dakit non izan zen, baina, bidaia horietako batean, autobus aldaketa batean, emakume batzuen ondoan jarri nintzen, eta euskaraz entzun nituen... uf... belarriek sentitu zuten bakea.

Esan duzu Oion aurretik ezagutzen zenuela, baina lanera etorri zinenean zer aurkitu zenuen?

Lehenik eta behin, IKAren proiektua bera aipatu beharko nuke. Hori pausoa emateko garrantzitsua izan zen.

Zergatik?

Lehendik ere banuen harremana asanblada mugimenduekin: Gaztetxe ingurua, irrati librea... IKAn oso proiektu polita ikusi nuen: batzar bidez mugitzen zen, denon arteko erabakiek eragina zuten, koordinazioa... Nire bizitzeko ideia batzuekin bat zetorren hori.

Oionen lanean hasi zinenean, 1991n, 662 euskal hiztun zeuden Arabako Errioxan. Gaur egun, 2.525 euskaldun daude, eta 2.200 «ia-euskaldun», Eustaten arabera.

Igoera nabarmena izan da ezagutzaren ikuspuntutik, bai. Ikastoletatik ateratako belaunaldi horiek eta euskaltegietatik ere ateratakoak. 1990eko hamarkadan, Ttiki Ttaka elkartea sortu zen, eta garai hartako egoerari buruzko hausnarketa egin genuen. Ondorioztatu genuen zulo bat zuen zaku bat betetzen ari ginela.

Adibidez?

Ikastoletako irakasleek esaten zuten ikasle izandakoekin elkartzen zirela, eta euskaraz egiten zieten arren ikasle ohiek gazteleraz erantzuten zutela.

Jakitetik erabilerarako jauziaz luze hitz egin da.

Iaz, ikastolako irakasle batek pasadizo bat kontatu zidan. 14-15 urte inguruko ikasle batzuk ikusi zituen, eta horietako batek euskaraz egin zuen bati bota zion: «Qué pringao, habla en euskara» [Babo halakoa, euskaraz egiten du]. Badakite, baina ez dakit gauzak ondo egin ote ditugun leku guztietan. Ez dakit ez ote den oso akademikoa bihurtzen ari: irakasgaiak gainditu...

Euskaltegian ere hori antzematen duzue?

Etorri nintzenean, esango nuke jendeak ikasten zuela euskara jakin nahi zuelako. Gero, agian, ikasleen ehunetik batek bakarrik lortuko zuen. Gaur egun, gehiago ikasten dute, baina titulua dute buruan. Euskaltegiko ikasleek inoizko mailarik onena dute, baina eskaileretan inoiz baino gaztelera gehiago erabiltzen da.

Zer iritzi duzu gai horretaz?

Kontua da ez dakidala ikaslerik izango ote genukeen horregatik ez balitz. Egia da gizartean ere eskaintza zabalagoa dagoela, alor guztietan.

Arabako Errioxan ez ezik, IKAk inguruko herrialdeetan ere irakasten du euskara, ezta?

Nafarroan ematen dugu, bai: Viana, Mendabia... Logroñon ere ematen ditugu eskolak. Hango Hizkuntza Eskolan taldea sortzen bada, horra joaten gara. Badago beste elkarte bat ere, Universidad Popular [Herri Unibertsitatea], eta horiek katalana eta euskara ematen dute. Jakin nahia dago.

Aurretik bazegoen?

1991. urtean, Logroñotik pare bat auto etortzen ziren eskoletara; gaur egun, 30 inguru izango dira. Harotik [Errioxa, Espainia] Bastidara ere joaten dira. Dena den, Logroñorako jauzia eman bagenuen, gure ikasle ohi batzuek Laminiturri elkartea sortu zutelako eman genuen.

Euskara irakasten hasi zinenetik asko aldatu da irakaskuntza?

Asko. Ni neu aldatu naiz. Ia ezer jakin gabe etorri nintzen. Ez nuen ziurtasunik. Glotodidaktika moduko ikastaro bat egin genuen, gaur egun gurekin lanean ari den irakasle batekin. Gero, klaseak ematen hasi, beste irakasle batzuengana joan ikasteko, ikastaroak egin... Baina beti ikasten.

Eta lan baldintzak aldatu dira?

Hobetu dira, bai. Garai batean baldintza okerragoak izan genituen: udan eteten ziren kontratuak, soldata baxuak genituen, kobratu gabeko hilabeteak... Gaur egun, hilabetero kobratzen dugu. Kontua da oraindik urrun gaudela, euskara bezalaxe, helduen euskalduntzean dauden lan baldintzak normalizatzeko. Hor ari gara, administrazioarekin betiko borrokan: lana aitortu dezatela; eta aitortza diruan ikusten da ondoen.

40 urte dira helduen euskalduntzea hasi zela Arabako Errioxan.

Seguruenik, lehenengoak Gasteiztik etorriko ziren, oso modu soltean. Gerora, beste batzuk etorri ziren AEKren izenean, eta IKAk bidea hasi zuen ni heldu baino apur bat lehenago, 1989an. Gaur egun, bost lagun jardun osoz ari gara, eta beste batek ordukako laguntza ematen digu. Garai batean, 11 irakasle izan ginen, ordukako asko. Gaur egun, ikasle kopuru bertsua dugu, baina irakasle gutxiagorekin gehiagorengana hel gaitezke. Eta euskaltegia Oionen dagoela esaten badugu ere, eremu zabalagoa hartu du: Arabako Errioxa, Viana, Mendabia...

Sortu dira euskara sustatzen duten elkarteak 1991tik. Aurrez Ttiki Ttaka aipatu duzu; 2009an Txandrio Bertso eskola sortu zen. Nola eragin dute?

Etorri nintzenean, ez zegoen elkarterik, eta horrek harritu egin ninduen. Azpeitian gazte asanblada zegoen, emakumeena... Hori aldatuz joan da. Gazte asanblada dago, errefuxiatuei laguntzeko elkartea... Esango nuke alde horretatik egitasmo gehiago daudela, eta euskara kontuan hartzen dutela.

Eta administrazioen jarrera aldatu da?

Administrazioek pertsona bat jarri dute: kuadrillako euskara teknikaria. Teknikari horrekin oso ondo moldatzen gara, baina administrazioek uste dute horrekin egin beharreko guztia eginda dagoela. Gaia ez da zehar lerroa administrazioan. Gainean egon behar da: azken agiria gaztelera hutsean atera dute...

Nola irudikatzen da teknikariarekin duzuen lankidetza hori?

Koordinazioan asko nabaritu da. Kalean Bizi-bizi proiektua sortu dugu, adibidez. Pertsona bat jarri dute, eta guraso elkarteekin eskola eta ikastoletan euskarak aisialdian duen garrantzia azpimarratzen. Lan hori oso gutxi ikusten da, baina gainean egon behar da etengabe; bestela, galdu egiten da denbora laburrean.

Arabako Errioxa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan migratzaile atzerritar gehien duen eskualdeetako bat. Horien euskalduntzearen egoera zein da?

Oso zaila da, oso. Iruditzen zait bertako politikan dagoela koska. Gaztelania eskaintzen zaie migratzaileei, dohainik. Euskara, aldiz, ez. Ikasteko laguntzak badaude, baina beti dira gerora begirakoak. Alegia, aldez aurretik ordaindu behar da. Euskara ikasteak ere doakoa izan beharko luke.

Eskoletako segregazioaz luze eztabaidatu da. Arabako Errioxan zein da egoera?

Eskola publikoa eta ikastola Bastidan eta Oionen daude, eta esango nuke bi herrietan segregazioa nabarmena dela. Pena handia ematen dit euskara bereizteko erabiltzeak, eta ez biltzeko. Uste dut leku askotatik egin beharko litzatekeela lan.

28 urte dira etorri zinela. Hemendik 28 urte barru zer espero duzu?

Espero dut 28 urte pasatu baino lehen haurrek eredu bakarrean ikastea: euskara komunikatzeko hizkuntza duen ereduan. Nahiko nuke euskara gehiago erabiltzea ere; euskaraz egiten duenari pringao esaten diona ere euskarara etortzea, euskara modan dagoelako bada ere. Alde horretatik, lan handia egin beharko da aisialdiko eskaintzan. Administrazioan eta lan munduan ere badago zer egin. Ikastolak eta euskaltegiak duela 40 urte ari dira lanean, baina oraindik euskara oso gutxi hartzen da kontuan lan munduan. Ez da baloratzen euskara jakitea. Horrez gain, euskaltegietako langileen egoera erabat normalizatua nahiko nuke 28 urte barru.

Esan izan duzu zaila dela euskararen beharra sustatzea, Arabako Errioxak gertuago baitauzka Logroño eta Haro, Gasteiz baino.

Eragina garbi dago. Batetik, ez dakit alde handia ote dagoen alor batzuetan: Gasteizko zinemetan euskarazko eskaintza ote dagoen, edo alderik ote dagoen Logroñoko edo Gasteizko merkataritza gune handietan... Edonola ere, argi dago Logroñora joanda ez dutela euskararik aurkituko, eta Logroñok betetzen ditu gazteen aisialdi behar asko. Uste dut beste zerbait falta dela: sentimendua, identitatea, euskal kultura...