Zika birusa

HERRI OSO BAT ZIZTADEN BELDUR

Txikiek dezaketenaren metafora dira. 'Aedes aegypti' eltxoek milaka lagun ziztatu dituzte hilabete gutxian, eta zikaren epidemiak zabaltzen jarraitzen du Amerikako kontinentean. Birusaren eta hura hedatzearen arrazoiak ikertzen ari dira adituak. Kezka nagusitzen ari da osasun erakundeetan.

Jone Amonarriz -

2016ko urtarrilak 31
Eltxoaren aurkako borroka galtzen ari gara», esan du Brasilgo Osasun ministro Marcelo Castrok. «Irabazi egingo dugu gerra hau», adierazi du, ondoren, Dilma Rousseff presidenteak. Alde batetik edo beste alde batetik begiratu, emaitza bera da: Zika birusak kutsatutako milioi eta erdi kasu baino gehiago erregistratu dituzte Brasilen. Gehien kalteturiko tokia da. Baina ez bakarra. Hogei herrialdetik gora hartuak ditu gaitzak Hego Amerikan eta Erdialdeko Amerikan; eta, OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, ia kontinente osora zabalduko da urtebetean. Birusak ondorio larrienak fetuetan ergiten dituen arren, hainbat osasun arazorekin lotuta egon daiteke. Izurritea hartzen ari den tamainaz kezkatuta, larrialdi batzorde bat osatzeko deia egin du OMEk. Astelehenean bilduko dira, lehenengoz, osasun arloko adituak birusaren inguruko ezagutzak partekatzeko, eta adosteko larrialdi global moduan erantzun behar duten ala ez.

«Kontuan hartuta iaz dengearen bi milioi kasu egon zirela Amerikan osoan eta gaitza kutsatzen duen eltxoa bera dela, uste dugu hiru eta lau milioi bitarte izan daitezkeela kutsatutakoak urtebetean», jakinarazi du Sylvan Aldighieri OPS Osasunaren Erakunde Panamerikarreko adituak. Afrikatik Asiara igaro ostean iritsi da Amerikara zika, eta, hipotesi baten arabera, mutazio horiek eraginkorrago eta arriskutsuago egin dute. «Birusa aldatu egin da», dio Texaseko Unibertsitateko Scott Weaver adituak.

ZER DA ZIKA?

Infekzio bat da; oro har, arina. Toki tropikaletan soilik antzeman dituzte gaur arte zika kasuak. 1947an Ugandan (Afrika) birusa aurkitu zuten basoaren izen bera jarri zioten. Ordutik, Asian, Ozeano Pazifikoko irletan eta Amerikan agertu dira kasuak. Orain Hego Amerikan eta Erdialdeko Amerika astintzen ari da. Denge eta chikunguny gaitzak barreiatzen dituzten intsektu berak dira eragile: Aedes aegypti eltxoak. Pertsona bat ziztatuz gero, ganglio linfatikoetara eta odolera pasatzen da infekzioa zuzenean. Baina infektatzen diren lagun gehienek ez dute sintomarik izaten. 1950eko hamarkadatik ezagutuagatik, oso gutxi ikertu da haren inguruan. Gaixotasun ezezaguna da adituentzat, oro har.

NON HEDATU DA?

OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, Amerikako kontinente osora zabalduko da birusa datozen hilabeteetan, Kanadara eta Txilera izan ezik. Oraingoz, Hego Amerikako eta Erdialdeko Amerikako hogei herrialde eta irlatan baino gehiagotan diagnostikatu dituzte kasuak. Dimentsio handiena Brasilen eta Kolonbian hartu du, baina hedatzen ari da El Salvadorren, Panaman, Cabo Verden, Barbadosen, Bolivian, Ekuadorren, Guadalupen, Guatemalan, Guyanan, Guyana Frantsesean, Haitin, Hondurasen, Martinikan, Mexikon, Paraguain, Puerto Ricon, San Martinen, Surinamen, Nikaraguan eta Venezuelan.

Txile eta Kanada dira salbuespenak, Aedes aegypti eltxoak klima tropikalean soilik bizi baitaitezke. Adituek diote eltxoak ez direla bi herrialde horietara iritsiko naturak berak jarritako mugei esker. Txilek Atacamako basamortua du iparraldean eta Andeetako mendikatea ekialdean; hala, zika Txilera iristea «ezinezkoa» dela azaldu du Rodrigo Blamey infektologoak. Eta Kanadako kliman ere ez lirateke irauteko gai izango, tenperatura hotzengatik.

Fokua, kezka eta alarma Amerikan piztu da, baina Afrikan ere birusak bizirik jarraitzen du, askoz maila txikiagoan bada ere. Ez dute informaziorik kaleratu Afrikako egoeraren inguruan. OMEk eginiko azken iragarpena abenduan izan zen; Cabo Verde irlan 4.700 kasu susmagarri detektatu zituztela eta Senegalen hamazazpi zika kasu agertu zirela jakinarazi zuen erakundeak.

Europarako hainbat lekutan antzeman dute gaitza, kasu bakanetan: Katalunian, Frantzian, Suitzan, Danimarkan eta Austrian, besteak beste. Hego Amerikan kutsatu dira denak. Europako herritarren osasun publikoa ez dagoela arriskuan nabarmendu du Europako Batzordeak: «Birusaren transmisioaren arriskua ikaragarri txikia da». Eltxoak neguko klimari ezingo liokeela aurre egin azaldu du.

LARRIA AL DA?

Inor ez da hil zikaren ondorioz. Hortaz, ezin parekatu daiteke ebolak Afrikan eragindako sarraskiarekin. Oinarrizko terminoetan hitz egitean, gripearekin parekatzen dute osasun arloko adituek. Dena den, OME «oso kezkatuta» dago birusa Amerikan azkar hedatzen ari delako eta mikrozefalia kasuak nabarmen igo direlako. Izan ere, ia seguru izan arren lotura dagoela birusaren eta haurren mikrozefalia kasuen artean —ohikoa baino burezur txikiagoarekin eta arazo neurologikoekin jaiotzen dira—, oraindik ikertzeko dago bien arteko harremana.

«Zika ez da ebola», adierazi du Marcos Espinal OPS Osasunaren Erakunde Panamerikarreko gaixotasun kutsakorren saileko zuzendariak. OMEko zuzendari Margaret Chanek jakinarazi du zikari aurre egiteko larrialdietako batzorde bat eratuko dutela. Datorren astelehenean bilduko dira. Airean dauden zalantzen araberakoa da kezka, OMEren arabera; hots, «oso handia».

NON DU JATORRIA?

1947an identifikatu zuten, lehenengoz, birusa, Ugandan (Afrika), Zika izeneko baso batean. Rhesus espezieko tximino bati antzeman zioten, sukar horiaren transmisioaren inguruko ikerketa bat egiten ari zirela basoan. Bost urteren ondoren baieztatu zuten hainbat pertsona kutsatu zirela Ugandan eta Tanzanian. 2007an Yap irlan (Mikronesia, Ozeano Pazifikoa) erregistratu zuten Zika birusak kutsatutako lehen pertsonaren kasua, ordura arteko jatorrizko bi kontinenteetatik at. 2013an beste agerraldi bat hasi zen Polinesia Frantsesean (Ozeano Pazifikoa); 10.000 kasu zenbatu zituzten. Urtebete eskasera iritsi zen Amerikara. Mende erdian hiru kontinenteetatik pasatu da, eta bitartean indartuz joan da, adituen esanetan. Gaitz berria izanik, Amerikako herritarren immunitate faltak ere hedatze horretan eragina izan dezakeelakoan daude. 2015eko otsailean hasi ziren Brasilen zika kasuak ikertzen. Ordura arteko muga eta kopuru guztiak gainditu ditu. Hego Amerikako eta Erdialdeko Amerikako milaka lagunen osasuna jarri du arriskuan.

Eltxo berak buruhauste eta osasun arazo gehiago ere sortuak ditu aurretik Amerikan. Denge kasuak, adibidez, bi milioitik gora izan ziren joan den urtean, eta 1.000 lagunetik gora hil ziren; eta chikungunya 660.000 pertsonari kutsatu zien. Erosotasunez ari da hedatzen kontinente osoan, ugaltzeko baldintzarik egokienetan: tenperatura handiak eta arrautzak jartzeko ur geldoak.

ZEIN DIRA SINTOMAK?

Birusa kutsatu eta, gehienez, hamabi egunera agertzen dira lehen sintomak. Oro har, lau eta zazpi egun bitarte irauten dute. Dengearen antzekoak dira. Dena den, bost pertsonatik batek nabaritzen ditu sintomak, batez beste. Gaixo dagoenak eta sintomak azaleratzen zaizkionak 39 graduko sukarra ere izan dezake. Hortik aurrera agertzen dira ahultasuna, muskuluetako mina eta artikulazioetakoa, eskuen eta hanken handitzea, zornarik gabeko konjuntibitisa, edema, pikortak. Ezohikoagoak izanagatik, zikaren sintomak izan daitezke goragalea, beherakoa, abdominaletako mina eta apetitu falta ere.

NOLA KUTSATZEN DA?

Eltxoen ziztaden bidez kutsatzen da zika, oro har. Hala ere, OPS Osasunaren Erakunde Panamerikarrak jakinarazi du sexu bidezko transmisioa eta odolaren bidezkoa ere gerta daitezkeela kasu bakanetan. «Oro har, birusak bektore bat behar izaten du, kasu honetan, eltxoa, pertsonak kutsatzeko. Dena den, kasu batzuetan, birusa semenean geratu da —Haitin gizon bati antzeman diote—, eta sexu bidezko transmisioak dokumentatu ditugu. Transmisio mota horren inpaktua oraindik ez du aztertu osasun publikoak». Orain arteko kasuetan oinarrituta, OPS Osasunaren Erakunde Panamerikarrak esan du «ezohiko» mekanismoa litzatekeela sexu bidezko kutsatzea. Odolaren bidezko transmisioa ere ez dela ohikoa azaldu du.

TRATAMENDURIK BADA?

Atsedena eta likidoak hartzea dira birusari aurre egiteko modu bakarrak. Oraingoz, ez dago ez txertorik, ez eta tratamendu espezifikorik ere. Adierazi dutenez, AEBek adierazi dute ikerketa «itxaropentsuak» egiten ari badira ere zikaren aurkako txertorik ez dela prest izango laster, ez behintzat bi urtean.

KALTEAK HAURDUNALDIAN

Haurdun dagoen emakume bat kutsatzen bada, fetuaren buruari eraso egiten dio birusak. Ohiko neurriekin alderatuta, buru oso txikiarekin eta arazo neurologikoekin jaiotzen dira haurrak. Urrian hasi ziren kezkatzen Brasilen mikrozefalia kasuekin, orduan ohartu baitziren nabarmen areagotzen ari zirela, zika nagusitzen ari den gune beretan. Brasilen, ia 4.000 mikrozefalia kasu antzeman dituzte zika duten umeetan. Guillan-Barre sindromearekin izan dezakeen lotura ere ikertzen ari dira, baina zientzialariek aitortu dute ez dakitela gaitza nola gelditu.

NOLA EGIN AURRE BIRUSARI?

Prebentziorako hainbat gomendio behin eta berriro zabaltzen ari dira osasunaren erakundeak: eltxoak uxatzeko produktuak erabiltzea eta elastiko eta galtza luzeak erabiltzea egun osoan —zomorroak aktiboen daudenean—. Haurdun dauden emakumeei kontu handiagoa eskatu diete. Hainbat gobernuk haurdun ez geratzeko deia egin dute, eta epidemiaren gunerik larrienetara ez bidaiatzeko gomendioa eman diete gainerako herrialdeetako emakumeei. Gaitza bera eta hain azkar hedatzearen arrazoiak ikertzen ari diren bitartean, eltxoak akabatzea da hartu duten neurri bakarra, oraingoz. Era berean, egoeraren diagnostikoa egiten ari da osasunaren sektorea.

Gerra batekin parekatzen dute egoera. Brasilek 220.000 militar jarri nahi ditu eltxoaren aurka borrokan. Aztertzen ari da indar armatuak zeregin hori jartzea. Hala erabakiz gero, orain egiten ari diren etxez etxeko fumigatze lanak indartuko lituzkete; eltxoak dauden guneak detektatu, haztegiak suntsitu, eta haiek hil. Urtearen hasieran jarri zuten operazioa martxan, eta jada 260.000 pertsona ari dira parte hartzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna