Koronabirusa

Sagarduik adierazi du Sabasi ez ziola baimenik eman txertoa hartzeko

Ikerketa bat hasi dute txertaketak ikertzeko. Erantzukizuna «norberarena» dela uste du Sagarduik

Gotzon Hermosilla - Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria
Gasteiz
2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Jose Luis Sabas Bilboko Santa Marina ospitaleko buru ohiak atzo elkarrizketa batean jakinarazi zuenez, Osakidetza txertaketaren jakitun zegoen, eta «mehatxuengatik» eman zuen dimisioa. Haren arabera, Osakidetzako arduradunei abisatu zien ospitalean «txertaketa jendetsu bat» egingo zutela, eta Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin ere hitz egin zuen. Sagarduik, ordea, atzo esan zuen ez ziola txertoa hartzeko baimenik eman: ez berak, ez sailak.

Sabasek asteazkenean aurkeztu zuen dimisioa, Eduardo Maiz Bilboko Basurtuko ospitaleko burua kargutik kentzearekin batera, Osakidetzak ezarritako protokoloa bete ez eta COVID-19aren aurkako txertoa hartu zutelako.

Sagarduik eskainitako informazioaren arabera, «gertakarien berri izan bezain laster» abiatu zuten ikerketa, eta aurrera doa, nahiz eta ez duen argitu irregulartasun gehiago egon daitezkeen ala ez. Halere, gehitu zuen «ekintza bakoitzaren ondorioak norberaren erantzukizuna» direla. Eusko Legebiltzarreko osasun batzordean agerraldi bat egiteko eskaria ere egin du.

Era berean, eztabaida sortu da ea politikariek txertoa hartu duten. Jaurlaritzako sailburuek eta goi kargudunek txertoa jaso duten galdetuta, «egoera honetan itaun desegokia» iruditzen zaiola erantzun zuen Sagarduik: «Ez zalantzan jarri herritarren aurrean gobernu honetako kargudun eta partaideok daukagun erantzukizuna, mesedez. Ez dugu hartu».

«Onartezina eta zitala»

Osakidetzako sindikatuek «onartezina eta zitala» iritzi diote zenbait arduradunek txertoa zegokien baino lehenago hartu izanari. Ez dute baztertzen arduradun gehiagok ere berdin jokatu izana, baina aitortu dute, «langileen susmoak gorabehera», zail zaiela kasu gehiago egon ote den jakitea, txertatze prozesuaz Osasun Saila «gardentasunik gabe» jokatzen ari delako. Sindikatuek adierazi dute dosi gutxi dagoenez txertoa «ondasun urria» dela, eta gertatutakoa «zorrotz eta sakon» ikertzeko eskatu dute, prozesuaren gardentasuna, protokoloa eta lehentasun hurrenkera betetzen dela bermatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.