Igor Makazaga. Donostiarrako entrenatzailea

«Donostiarran tentuz ibili behar dugu pausoa huts egin baino lehen»

Makazagak bigarren urtea du Donostiarra entrenatzen, eta gustura dago taldeak sasoian egindako lanarekin, «aurrerapausoa eman» dutelako. Kontxaz ere aritu da, orainaz eta iraganaz, eta arraunaren bilakaera gizartearenarekin lotu du.
GORKA RUBIO / FOKU

Berria -

2018ko irailak 9
Hausnarketak plazaratu zalea da Igor Makazaga, Donostiarrako entrenatzailea (Pasaia, Gipuzkoa, 1972), eta horrelako hainbat utzi ditu solasaldi honetan.

Nolako lana egin zuen taldeak lehen igandean?

Gusturago geratu naiz hotzean aztertuta momentuko berotasunean baino. Ondo borrokatu ginen; aurreneko sei sailkatuek oso maila altua daukate, eta gu koska bat beherago gaude. Txanda ona ez zitzaigun tokatu, ezta kalea ere, denbora galdu genuelako leku zehatz batzuetan, Oriori gertatu zitzaion bezala.

Zein duzue helburua gaurko?

Postuari baino, irabazleak aterako digun denborari begira gaude. Nahiago dut gerturatzen joan eta postu ona egin, urruti geratzea baino. Iaz, lehen igandean, 40 segundora geratu ginen, azken. Aurten, 32 segundora gaude. Gai gara gehiago gerturatzeko.

Zeinek irabaziko du bandera?

Estu joango da, eta badiaren barruan erabakiko delakoan nago. Lan zailak izango dituzte biek, Zierbenak eta Hondarribiak.

Berezia al da Donostiako traineruarekin Kontxan aritzea?

Bai. Niretzat oso berezia da estropada, eta aurreneko aldiz ari naiz bizitzen herriko bezala; klubean antzematen da bestelako mugimendu bat, antolakuntzako lanengatik. Urduritasun puntua dago inguruan.

Hirian ere antzematen da beste zerbait taldearen inguruan?

Kontxan bakarrik aritzen gara Donostian entrenatzen, bestelakoan Pasaia delako gure oinarrizko kanpamentua, nolabait esateko. Iazko termometroa dugu; lehen urtea nuen Donostian, eta ikusi nuen uda aurrera joan ahala gero eta jende gehiago biltzen zela klubaren inguruan. Harrera asko izan genituen banderengatik, eta aurten ere izan dira, nesken eta B taldearen garaipenengatik. Badago zaleen mugimendua, eta gero eta handiagoa da. Potentzial handia daukagu hor, ugaritzeko tartea, eta Kontxako Bandera honetan hori ikusten ari gara.

Herriaren ordez hiria izateak ezberdindu egiten du zaleen mugimenduaren izaera?

Hirian beste modu batean mugitzen dira zaleak, sare sozialetan-eta bestelako eragina daukate. Herrietan dabilen kaleko mugimendu hori ez dago, Parte Zaharrean izan ezik.

Non dago orain Donostiarraren egitasmoa?

Asko hazten ari gara denbora gutxian, eta abiadura horrek harrapatu egiten gaitu batzuetan. Mantso joan nahi dugu haziz, pauso sendoak emanez. Iaz, maila nagusira igo ginen, eta aurten bigarren taldea igo da KAE 1 ligara. Emakumeek ETE liga irabazi dute, iaz sortu eta gero. Ondo eta azkar ari gara hazten, eta pausoa huts egin baino lehen tentuz ibili behar dugu. Ondo ari gara.

Zein da hurrengo pausoa?

Erritmo bizi hori barneratzea eta emandako pausoak sendotzea, gero etorri diren lanak oinarri sendoa izan dezaten. Apar gehiago ez dugu behar; hazkuntza honi oinarria jarri behar diogu.

Babesleak bat datoz norabide horrekin?

Bai. Nabarmenak dira azken hiruzpalau urteetan klubak eman dituen pausoak. 2015ean, lehen bandera irabazi zen, Xabier Zabala entrenatzaile zela, eta harrezkero aurrerapauso handiak eman dira. Eutsi egin behar zaio orain arte egindakoari.

Pazientziarekin lan egitea esaten zaio horri, eta ba al da halakorik gaur egungo kirolean?

Beharrezkoa da, lanean presaka hasiz gero kontu onik ez baita izaten. Gure filosofian dago beste bultzada bat ematea, baina egin dezakegun neurrian.

Nolakoa izan duzue lehen urtea Eusko Label ligan?

Oso positiboa. Liga bera handitxo geratu zaigu une jakin batzuetan; tentsioa eta erritmoa barneratzea, gehienbat uztailean. Antolakuntzari dagokionez ere justu antzean ibili ginen hasieran klub gisa. Abuztuan hobeto ibili ginen, eta, ligaren martxa barneratu ondoren, orain gaude urteko onenean.

Kanpoko aurreikuspenak handiagoak ziren?

Gure aldetik ez. Oinak lurrean edukita eta mundu guztiari genion errespetuagatik, taldea erdialdean ikusten genuen. Hor ibili gara. Erdiko lekuek arriskua daukate: gorago ibil zaitezke, goikoen mailaren arabera, edo behean sartu eta arazoetan ibili. Arazo horiek ez ditugu inoiz eduki, eta jaitsiera urrun eduki izan dugu beti. Erdiko mailan, oso ona izan da taldeen maila, eta gure helburua bete dugu. Gustura gaude.

Noiztik duzu Kontxako Banderaren aurreneko oroitzapena?

Umetakoa da; aitarekin joaten nintzen. Aitak bitan du irabazia Kontxa (1961 eta 62an), behin aitonak (1924an) eta beste behin nik (1999), aitonak irabazi eta 75 urtera. Denok San Juanekin. Etxean, urteko egun guztietako gaia izaten da arrauna. Hitz egiten dugu etxeko kontuez edo dena delakoaz lehendabizi, eta beti, egunero, berdin bukatzen dugu, arraunaz solasean. Aitarekin Aquariumeko balkoi txikira joaten nintzen, eta goizean 09:30erako han ginen. Hango barandaren oroitzapena daukat, nola umetan burua beherago izaten nuen, gero parean, eta azkenean goitik. San Juan ikusi izan dut irabazten, galtzen...

Aitona ez al zen joaten?

Ez. San Juango Puntetara joaten zen ihes, estropada ez ikusteko, oso urduri jartzen baitzen. Irratia ere ez zuen eramaten.

Garai batean, ohitura zen Kontxa aurretik mezetara joatea, adibidez. Zuenean ere bai?

Bai, joaten ginen, Kontxa azken batean tradizioekin oso lotua egon delako. Azken batean, euskaldunak oso tradiziozaleak gara.

Noiz aritu zinen aurrenekoz Kontxako igande batean?

1992an. Gogoratzen dut Zumaiarekin eta Ondarroarekin ginela txandan, baina laugarrena ez dakit zein zen. Bosgarren egin genuen. Oroitzapen pila bat dauzkat estropada horretakoak; Zumaian, Zulaika eta oraintsu arte presidente izandako Etxaniz ziren arraunean, eta Ondarroako patroia Asier Lopez zen, donostiarra. Garai hartakoa naiz ni.

Goazen 1999ra. San Juanek bandera, eta zu, arraunean. Zure Kontxa bakarra da oraingoz.

Prozesu bat izan zen. 1992a aurreneko urtea izan zen San Juanen kluba bitan banatu zenetik. 26 urte neuzkan, eta traineruko zaharrena neu nintzen. Beste garai batzuk ziren haiek. Poza eta lasaitua hartu nituen aldi berean, banuelako horrelako zama bat etxeko kontuagatik: «Nik ere irabazi beharko diat bandera bat, aitak eta aitonak bezala». Umetatik esan izan didate aitaren kuadrillakoek ea noiz irabazi behar nuen nik Kontxa, aitak eta aitonak badutela bat. Umetan, futbolean jokatzen nuen 15 urte arte, eta arraunean hasi nintzenean esaten zidaten banuela garaia arraunean hasteko. Pentsatu izan nuen zorra nuela, etxean, herrian edo ez dakit non. Baina gero, irabazi nuenean, neure buruari esan nion: «Hau al da dena?». Hainbeste desiratu, eta ez iruditu hainbestekoa zenik. Pasatu dira 19 urte, eta Kontxa irabaztea baino une politagoak eman izan dizkit arraunak. Kontxa baino askoz zabalagoa da arrauna, osotasunean.

Puztuta dago Kontxako Bandera?

Ez. Kontxa da arrauneko handiena, baina arraunlari batentzat badaude gauza garrantzitsuagoak.

Adibidez?

Taldekide batek ematen dizun laguntasuna gaizki zaudenean. Garai zailetan talde osoak aurre egiteko izaten duen gaitasuna. Zahartzen ariko naiz, baina bizipen asko daude arraunean oso baliagarriak eta aberasgarriak direnak. Kontxa irabaztearen parekoak edo handiagoak.

Zuen garaitik asko aldatu da arrauna, eta aldatuz doa. Zer nabarmenduko zenuke?

Arrauna, zorionez, ezin da egon inguruan gertatzen diren gauzetatik kanpo. Guraso ere bagara, eta alaba zaharrenak 15 urte dauzka. Oraingo 15 urte eta gure garaikoak ez dira berdinak. Uste dut gu izan garela oso herrikoak, auzokoak, lagunen artekoak, baina orain mundua globalizatu egin da, eta oraingo gazteek ez daukate sustrai hori, ezta lagun artean edo herri eta auzoetan ere. Guk eskatzen diegu hori dena edukitzeko, baina agian geuk egokitu behar dugu garai berrietara, edo onartu behar dugu beste garai batzuetan gaudela. Niretzat ez da tristea aitortzea galduz joan dela herriko koloreekiko lehengo identifikazioa. Ez da txarra, eta polita ere bada. Guk umetan futboleko elastiko bat erosten bagenuen, Realekoa izaten zen, baina, gaur egun, edozein ikastolara begiratu eta mundu guztietako taldeen elastikoak janzten dituzte neska-mutilek. Gauzak aldatzen ari dira, eta zaila da ume horiek klub, herri edo inguru jakin bakarrera sustraitzea; ez zait iruditzen txarra denik. Gauza onak ere baditu. Horrek guztiak arraunean ere izan du eragina.

Zuen garaiko batzuk izan zineten aurrenetakoak klubetatik ateratzen eta taldea aldatzen.

Bai. Klubak orduan hasi ziren eskatzen orain denen ahotan dabiltzan formakuntza eskubideak, Joseba Arbona eta biok Castrora joan ginenean. 2004an izan zen. Ordurako, beste batzuk hasiak ziren mugitzen. Dramatikoa izan zen gurea San Juanen eta familia barruan. Baina ez zizkidan itxi betiko klubera itzultzeko ateak, eta 2007an entrenatzaile gisa bueltatu nintzen, beste ziklo bati hasiera ematera. Oso naturala da joan-etorri hori guztia, baina ulertzen dut batzuek ez ulertzea ere. Azkenean, pertsonalizatu egiten dira gauza hauek, herri eta kluben gainetik, eta ez dut uste txarra denik. Adibide zehatz bat jarriko dut: semeak 7 urte dauzka, eta behin Orion batek esan zion erdi txantxetan: «Kontxan zeinen alde zoaz, Orio edo Donostiarraren alde?». Gure semeak erantzun zion: «Zein maiteko dut gehiago, aita edo nire herria?». Jende askorentzat traumatikoa da kolore kontu hau, eta arraunlariak kasu horretan batetik bestera ibiltzea, baina oso garbi daukat guztiaren gainetik pertsonak garela, eta ulertu egin behar dugu hori. Azkenean, zikloak dira, norbere bizitzakoak edo arraunean bizi ditugunak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna