'Brexit'aren garaipena. Emaitzak

Eskoziak independentziari buruz berriz erabaki nahi du

mikel rodriguez
2016ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
«Gauzak dauden bezala, Eskozia bere borondatearen aurka atera nahi dute Europako Batasunetik. Hori demokratikoki ez da onargarria». Argia izan da Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa. Erresuma Batuak EBtik ateratzea erabaki ondoren, Eskozian independentziari buruz bertze erreferendum bat egiteko aukera «mahai gainean» dagoela erran du argi. Gaur bertan bilera bat eginen du Edinburgon bere gobernuarekin, hartu nahi dituzten neurrien bide orri bat prestatzeko. Horrez gain, Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteari bilera bat egiteko eskatu dio.

Argi gelditu da Ingalaterraren eta Galesen guztiz bertzelako botoa eman duela Eskoziak. Erreferendumaren aitzinetik, brexit-aren ondorioen inguruko espekulazioetan zegoen gai nagusietako bat zen zer eginen zukeen Eskoziak kasu horretan, eta erantzuna berehalakoan eman du Sturgeonek. «SNPren [Eskoziako Alderdi Nazionalaren] joan den hileko manifestuak argi dio: 'Eskoziako Parlamentuak eskubidea izan behar luke bertze erreferendum bat egiteko, Eskozia bere borondatearen aurka EBtik ateratzearen ondorioz behar adinako baldintzak baleude'. Orain, egoera horretan gaude».

Sturgeonek adierazi du Erresuma Batuko Gobernuari eskatuko diola EBrekin hasi beharreko negoziazioan Edinburgok ere ordezkari bat izan dezala. Lisboako Itunaren 50. artikuluak arautzen du batasuna utzi nahiko lukeen kide batek bi urteko epean egin beharko lukeela hori. Sturgeonek epe horretan egin nahiko luke independentziarako erreferenduma, baina argi utzi du ekinbidea Eskoziako Parlamentuak izanen duela. «Parlamentuak erabakitzen badu bigarren erreferenduma biderik onena dela Europan dugun tokia defendatzeko, bi urteko epe horretan deitzeko aukera eduki beharra du».

SNP, gehiengo osorik gabe

Joan den hilean izan ziren Eskoziako Parlamenturako hauteskundeak, eta SNPk alde handiarekin irabazi zuen, baina gehiengo osoa galdu zuen. Independentziarako erreferenduma egiteko, SNPk gehiengo osoz irabazi zituen hauteskundeak programan hitzemanda erreferenduma eginen zuela, eta David Cameron Erresuma batuko lehen ministroarekin negoziatu ondoren egin zuten. %45ek baietz bozkatu zuen, eta %55ek, ezetz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.