Bakea eta elkarbizitza. Euskal presoak

Ertzetako gatazkak errutinaren erdian

Ez dituzte euskal gatazkaren ondorioak zuzenean jasan, baina sumatu dituzte kalteak. Urruntzeak egunerokoan duen eraginaz aritu dira Eider Blanco gimnasta, Ihintza Ostolaza irakaslea, eta presoen senide Mikel Gallaga eta Oihana Parot.
<b>Oihana Parot eta alaba. </b>Oihana Parot bi hilean behin joaten da bere aita Unai Parot bisitatzera, eta urtean lau aldiz eramaten du alaba aitonak ikus dezan.
Oihana Parot eta alaba. Oihana Parot bi hilean behin joaten da bere aita Unai Parot bisitatzera, eta urtean lau aldiz eramaten du alaba aitonak ikus dezan. BOB EDME

Maider Galardi F. Agirre -

2018ko urriak 14
Ez daude euskal gatazkaren zentroan, baina gatazkak halabeharrez zeharkatzen ditu beraien eguneroko bizitzak. Irakasle gisa gurasoekin harremanetan nola jarri; gelakideei nola esplikatu aitona kartzelan duela; gimnastika erritmikoko erakustaldietara huts egin; 88 urteko ama zaintzeaz gain, kartzelan dagoen anaiaren ardura hartu... Euskal gatazkaren ertzetan egonagatik, bete-betean harrapatu ditu euskal presoen urruntzeak, eta egunerokoa moldatu behar izan dute egoerari aurre egiteko. Errutina nola aldatzen duten gatazkaren ondorioek, horra zer izan duten mintzagai Ihintza Ostolaza irakasleak, Eider Blanco gimnastika erritmikoko entrenatzaileak, Mikel Gallaga Javier Gallaga presoaren anaiak eta Oihana Parot Unai Parot presoaren alabak.

30 urte betetzear da Oihana Parot, eta 2 urte zituela atxilotu zuten aita. Ordutik joan-etorrian ibili da 28 urtez, eta, egun, Cadizko (Espainia) Puerto III espetxean dago, Hazparneko (Lapurdi) etxetik 1.050 kilometrora. Badaki haur izanda bidaiak egitea zein pisutsua den, eta nerabezaroan aitarekin haserretu zen, bere identitate propioa eraiki nahi zuelako, aita espetxean eduki arren. Orain, ordea, ama ere bada, eta zortzi urte daramatza alabarekin bisitetara joaten, aitonaren eta bilobaren arteko harremana mantentzeko: «Ez nuen pentsatzen haurra ukanen nuenean aita preso izanen zela. Jadanik, txikitan pentsatzen nuen handia izatean kalean izango zela». Are, egoera aldatu ezean, Unai Parotek oraindik hamar urteko espetxe zigorra bete beharko du: «Sentitzen dut historia errepikatzen ari dela. Nire alaba izango da nire egoera berean: 18 urte dituelarik irtengo da aitatxi kalera. Ez da haren aita, baina antzekoa da».

Eskolan ere ezohiko egoera du Oihana Paroten alabak, gutxi baitira aitona espetxean duten haurrak: «130 dira ikastolan, eta ez dago horrelako kasurik», ohartarazi du. Hala ere, orain gutxi esan zion irakasleak hasi zela haurra lagunekin aitonaren egoeraz hitz egiten: «Egun batean, irakasleak erran zidan alabak erran zuela aitatxi kartzelan zuela, hala; naturaltasunez». Txalotu du irakasleak egoera bideratzeko izan zuen gaitasuna.

«Naturaltasuna», hitz hori erabili du Eider Blanco Hernaniko Gimnastika Klubeko koordinatzaileak eta haur motxiladun baten entrenatzaile ohiak ere: «Argi dago haur horrek salbuespenezko egoera bat bizi duela, baina naturaltasunez aritzen da aitaren egoera esplikatzen». Azaldu duenez, entrenamenduetan ez du desberdintasunik nabari beste haurrekin, baina, iaz, Lehen Hezkuntzako 3. mailan hasi zen taldea, eta benjamin mailara pasatzean igarri zen diferentzia: «Haur honek gimnastika erritmikoa egiten zuen hilean zortzi aldiz; beraz, bakarra galtzen zuen, eta ez zen ezer gertatzen. Akrobatikoan, ordea, hilean lau saio dira, eta, aitari bisitan joaten zaionez, galdu egiten zuen laurdena». Entrenamenduetan ez ezik, erakustaldietan ere nabari da haur motxiladunaren berezitasuna: «Federazioaren arabera, koreografia egingo duen taldeak bostekoa izan behar du; beraz, ikusi behar dugu haur honek noiz duen bisita, erakustaldiek eta espetxerako bidaiek bat ez egiteko».

Aurretiazko lana eskatzen du horrek, Blancoren ustez: «Aurten gimnasta batzuk hasi dira bakarka entrenatzen. Urtean lau hautatzen ditugu, eta horietako bat da hain justu bera. Salbuespena egin dugu berarekin. Normalean derrigorra da entrenamendu guztietara joatea, baina badakigu zer arazo duen. Entrenatzaile guztiak bildu ginen hori erabakitzeko».

Baionako Bernart Etxepare lizeoan ere irakasleen artean lantzen dute gurasoak espetxean dituzten nerabeen auzia. Hala azaldu du Ihintza Ostolaza irakasleak eta gurasoak kartzelan dituzten bi ikasleren tutoreak: «Gazte hauek lizeora etortzen direnean, tutoreak hautatzerakoan, kontuan hartzen da kartzelaren egoera, noski. Baina saiatzen naiz haien intimitatea eta zuhurtasuna zaintzen».

Alegia, arretaz erreparatzen diote nerabe horien testuinguruari, baina, gazteak nahi ez badu, ez dute egoera hori gelan esplizituki lantzen: «Heziketa balio gisa lantzen dira gai horiek: kartzelaldia, askatasuna, ardurak... Ikasgai batzuetan azaltzen dira, herritar heziketan, euskaran, historian... Batzuetan, testigantza ematen dute, baina beste batzuetan nahiago dute beren kabuz klasetik kanpo hitz egin horri buruz. Hori errespetatu behar da». Blancok ere gogoan du nola ihes egin zioten behin gaiari taldean: «Gimnastikako udalekuetan ginen, eta beste haur batek galdetu zion ea zergatik zuen aita espetxean. Haurrak ez zuen erantzun nahi, eta, horretaz ohartu ginenean, jolas berri bat hastera deitu genituen».

Gaia normaltasunez landu

Hortaz, Ostolazak uste du «normaltasunez» landu behar dela gaia. Are, uste du nerabe horiei ez zaiela halako berezitasunik igartzen: «Arduratsuak dira, eta ez dugu sentitzen aparteko deus ere. Gurean ere errealitate hori oso ohikoa izan da». Gainera, uste du garrantzitsua dela nerabezaroaren ezaugarri propioak ere kontuan hartzea: «Ikasle guztiak mundu bat dira. Ikasle guztiekin landu behar da bilakaera hori. Gurasoak espetxean dituzten nerabeek badituzte, noski, emozioak eta absentziak, baina uste dut nerabezaroa justuki egoera horretatik berezko nortasun bat markatzeko garaia dela;errespetatu behar da». Egin du hortik harago gogoeta ere: «Haientzat, aita edo ama da kartzelatua, ez gudari bat. Ez diogu garrantzirik kentzen, baina ez diogu ematen haiek nahi baino garrantzi handiagorik».

Hala ere, irakasle lanak badakartza ikaslearekin harremana izateaz haragoko eginbeharrak, eta azaldu du kartzelan dauden gurasoekin harremana mantentzea berezia dela: «Gurasoekin biltzen gara bederen hiru hilean behin; gainera, gurasoak Seaskan inplikatuak dira, eta kasu horietan nabaritzen da hutsunea. Ikasleen kalifikazioak eskolak bidaltzen ditu espetxeetara, eta nik ere izan dut harremana gurasoren batekin gutunez». Bestalde, babes ekonomikoa bermatu ohi dela azaldu du: «Ezin badu jantokia pagatu, beste guraso batzuek hartzen dute bere gain gastu hori».

Izan ere, urruntzeak «kalte ekonomiko handiak» ekartzen dituela azaldu dute Mikel Gallagak eta Oihana Parotek. Mikel Gallagaren anaia Javier Gallagak hogei urte daramatza preso, eta Kordoban (Espainia) dago orain, Algortatik (Bizkaia) 800 kilometro baino urrunago. Toñi Ruiz amak 88 urte ditu, eta autoa erosi berri dute, Ruizek ezin baititu bidaia luzeak egin presoen senideak espetxeetara eramaten dituen Mirentxin furgonetan: «Kordobara joateko erosi genuen autoa. Ez genuen beste aukerarik. Senide bat kartzelan edukitzea oso garestia da». Oihana Parotek ere oroitarazi du aitari bisitan joateko 120 euro ordaintzen dituela aldiro: «Hemendik bi urtera, bikoitza ordaindu beharko dut, haurrak 10 urte izango baititu». Egun, Mikel Gallaga amarekin bizi da, zaindu behar duelako: «Zaintza lanak egin ditzaket, langabezian nagoelako». Hortaz, espetxeko semearen gastuak, etxekoak eta bidaietako dirua, guztia Ruizen pentsiotik ordaintzen dute.

Zaintza eta ardura bikoitza

Baina, kalte ekonomikoez gain, urte asko espetxean daramatzan senide bat edukitzeak bestelako ondorio batzuk ere badakartzala azpimarratu dute Oihana Parotek eta Mikel Gallagak. Modu batera edo bestera, biak arduratzen dira kartzelan duten senideaz, eta, aldi berean, arreta berezia behar duen alabaz edo amaz. Hala dio Oihana Parotek: «Orain ziur da nire lehentasuna direla aita eta alaba; haien egunerokoa erraztu eta poztu behar dut. Amatxi baten antzekoa naiz. Duela urte batzuk banituen proiektu batzuk, baina erabaki dut uztea hori alde batera». Mikel Gallaga ere Madrilen bizi izan zen urte luzaz, baina anaia ikustera joandako bidaietako batean ohartu zen ama nagusitzen ari zela, eta Algortara itzultzea erabaki zuen ama zaintzeko.

Ordutik, egunero ari da ama zaintzen, eta ikusi du apurka-apurka ahultzen ari dela: «88 urte izan arren, osasunez oso ongi dago, baina igartzen zaizkio urteak». Hala, erabaki zuten urtean hiru aldiz joatea Javier Gallagari bisita egitera, eta Mirentxinen joateari utzi zioten: «Bi ordutik behin gelditu behar dugu. Hankak puzten zaizkio, eta apenas egiten duen lorik. 800 kilometroko bidaia bat bere adinean egitea sekulako astinaldia da». Ondorioz, Mikel Gallagak hartu du anaia hilabetero bisitatzeko ardura, batik bat Ruiz lasai uzteko: «Amak onartu zuen gutxiago joatea kartzelara, ikusten zuelako bisitak bermatuta zeudela». Aitortu du, hala ere, hilabetero oso urduri egoten dela: «Biok Kordobara goazenean, edo ni bakarrik joaten naizenean, amak pultsazio altuak izaten ditu, antsietatea, insomnioa... Oso gogorra da».

Haur txiki batekin espetxera joatea ere ez da erosoa, Oihana Parotek azaldu duenez: «Jadanik bisitan zaila da, baina espetxean ere ez dizute uzten fardelik eta biberoirik sartzen; beraz, haurra negarrez hasten da gosea duelako edo zikina dagoelako. Bisitatik ateratzen bagara, galdu egiten dugu aitarekin egoteko aukera».

Hala, Mikel Gallagak eta Oihana Parotek bere gain hartu dute barrukoaren eta kanpokoaren ardura, eta beren egunerokoaren ardatz nagusi bilakatu dira: «Ez dira lanorduak, baina egunean zortzi orduz baino gehiago ditut Javi eta ama buruan. Azkenean, babestu egin behar dituzu egoera oso larrian dauden pertsonak». Edonola ere, saiatzen dira salbuespenezko egoera hori arintzen ere. Oihana Parotek Cadizko bidaiak aprobetxatzen ditu alabarekin inguruko herriak ezagutzeko, eta Mikel Gallaga saiatzen da ama hala-nola animatzen. Izan ere, hori du azken denborako kezka nagusia: Ruizek susmoa du ez duela semea espetxetik kanpo ikusiko, libre, bera bizi den artean: «Hori da gogorrena. Amak negar asko egiten du badakielako bera ez dela bizirik egongo Javi ateratzen denean. Sekulako pena du. Baina indartsua da. Militantea da, eta gaztetan egin zuen hautua. Jarraituko du Javiri bisita egiten».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna