Presidentetzarako bozak Kolonbian. Bake akordioa. Camilo Gonzalez Posso. Indepazeko presidentea

«Indarkeria ziklo horren egiturazko kausei eragiteko egin behar dira aldaketak»

Possoren ustetan, 2016ko bake akordioa betetzeko, «bestelako bide bat» urratu beharra dago, hemendik aurrera Kolonbian politika «armarik gabe egin dadin».

BERRIA.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Camilo Gonzalez Posso (Popayan, Kolonbia, 1947) Indepaz Garapenerako eta Bakerako Ikerketa Institutuko presidentea da, eta Kolonbiako Osasun ministro izandakoa 1990etik 1992ra. Indarkeriaren auziaz, eta gaurko hauteskundeetara begira, Gonzalez Possok uste du herritarrek behin betiko bukatu nahi dutela «gerraren pasartea».

Elkarrizketa batean, zera esan zenuen behin: «Gobernuan aliantza bat dago oraintxe: botere ekonomiko handi batzuen eta botere mafioso handi batzuen artekoa». Nola alda lezake gobernu berriak egoera hori?

Eraldaketa demokratikoak behar dira. Mafia horiek guztiek instituzioetan duten presentzia ahuldu beharra dago, ustelkerian aritzen baitira, aktiboak zuritzen, narkotrafikoan eta halakoetan. Baina, horretarako, garden gobernatu behar dira instituzioak, justizia erreformatu behar da, eta alderdi politikoak modernizatu ere bai. Ordezkaritza bidezko demokrazia sendotu eta araztea da kontua, aldi berean ekonomiaren eta kriminalitatearen arloetan errotiko estrategiak baliatuz, zeren, narkotrafikoaren bitartez ez ezik, legez kanpoko afera askotarikoen bidez ere hedatu baita kriminalitatea.

Herrialde honetan, ohitura bihurtuta dago indarkeriaz eta armaz negozioak egitea eta boterea eskuratzea; hortaz, jardunbide hori aldatzea da kontua.

Sinesten duzu posible dela hainbesteko aldaketa bat egitea?

Uste dut hauxe dugula aukera bakarra bide horretan aurrera egiteko. Beharbada, Kongresuan erreforma batzuk egin daitezke ustelkeriaren eta mafien kontrako neurriak hartzeko, baldin eta ezkerrak, zentroak eta zentro-eskuinaren parteren batek elkar hartzen badute. Gaur egun, errotiko aldaketak egiteko modurik ez dago, orekak oso ahulak dira eta.

Bestalde, gizartea ere deitu beharra dago presioa egin dezan eta, horrela, modua jar dezan gerra bukarazteko eta armadatik hasita justiziaraino geruza guztietan barrenduta dauden egitura mafioso guztiak deuseztatzeko.

Botere judizialak nolako pisua du horretan guztian?

Botere judiziala, oraindik ere, zigorgabetasun egitura bat da. Epaile eta fiskal batzuek neurriak hartu nahi izan dituzte, baina mehatxuak eta atentatuak egin dizkiete. Haiek babesteko premia dago. Esparru judizialaren autonomia bermatu behar da, zeren gobernuak bere erara moldatu baitu azkenaldian, eta horrek haren independentzia higatu baitu.

Zer behar du Kolonbiak 2016ko Bake Ituna benetan bete dadin?

Akordio integral bat da, eta erreforma ekonomikoak behar ditu, politika zabalago baterako erreformak, justizia trantsizionalekoak. Horrez gainera, suspertu egin behar dira erreforma sozial eta politikoak, horiek baitaude atzeratuena. Habanako 2016ko akordioaren bidez, aro bat bukatu zen Kolonbian, baina herrialdea ez da igaro gatazkaoste batera, eta hortxe dauzkagu 70 urte iraun duen gerra baten azken ukaldiak.

Indarkeria ziklo horren egiturazko kausei eragiteko egin behar dira aldaketak. Izan ere, aldaketak egitearen kontrako jarrera hori oztopagarri da bake akordioa betetzeko, zenbaitek uste baitute gerran segitu beharra dagoela, matxinatuen kontrako gerra utzi eta drogaren kontrako gerrari ekinda, eta horrela. Baina logika hori beti da gerra logika bat, eta hori jendea menperatu eta gobernatzeko bide bihurtu zen bere garaian. Bake akordioa betearazteko, bestelako bide bat urratu behar da, hemendik aurrera armarik gabe egin dadin politika, eta elkarbizitza demokratikoa izan dadin nagusi.

AEBek noraino sartu dute eskua Kolonbiako prozesu historikoan, azken urteetan batez ere?

AEBetako Gobernuaren zenbait ordezkarik gainbegiratu eta babestu egin zituzten Habanako bake akordioak: ondoko mahaian egon ziren, eta parte hartu zuten hitzarmenak sinatzeko zeremonian ere. Elkarrizketa aro berrirako helburua hauxe da: batetik, berriz heltzea akordioak guztiz babesteko bideari, AEBek alde formalean bederen babestutako bide horri, eta, bestetik, babes hori hedatzea erreformak sakontzeko beharrezkoak diren beste esparru batzuetara, betiere gogoan harturik Kolonbiari orain ez dagokiola beste gerra aro bat, baizik demokratizazio aro bat.

AEBek garrantzi handia dute honetan guztian, historian izugarrizko eragina izan baitute Kolonbiako ekonomian, politikan eta nazioarteko harremanetan.

2021eko urritik 2022ko maiatzera, ia 2.000 indigenak okupatuta eduki dute Bogotako Parke Nazionala, zenbait gauza salatzeko: beren lurraldean sufritzen duten indarkeria, gosea, lurraren eta meatzaritzaren kontrola… Zer iruditzen zaizu?

Indigenen aferak izugarrizko pisua du, proportzioan herritar asko baitira. Azken hiru urteetan, 300.000 desplazamendu baino gehiago izan dira, eta haien %70 herri etnikoetan izan dira. Herritar horietako asko komunitate indigenetakoak dira, eta Bogota erdialdeko parke bat okupatu dute modu sinbolikoan.

Oraintsu alde egin dute handik, baina ez gatazka konpondu delako: besterik gabe, ahitu egin da borrokarako ahalegin hori, eta neurri aringarri batzuk ezarri zaizkio aferari, baina arazoa bera, hau da, beren lurretara itzuli, beste leku batean kokatu eta beren lurraldean lasai bizitzeko aukera izatearena, hori ez dago konponduta, eta horixe da gaur egun eginkizun nagusietako bat.

Zergatik da hori garrantzitsua?

Ez da ahaztu behar Kolonbiako lurraldearen %40 jabetza kolektibo etnikokoa dela, eta hainbat babesleku eta kontseilu komunitario afro-kolonbiar daudela. Horrek erakusten du zenbaterainokoa eta zein garrantzitsua den lurralde horiek kontrolatzeko borroka biolentoa, eta estrategia sakon bat exijitzen du, gobernu berriak lehentasuntzat hartu beharko duena.

Akordioan, nekazaritza eremuko erreforma integral bat adostu zen, baita droga politika bat ere, besteak beste. Batere aurreratu al da arlo horietan?

Zoritxarrez, bake ituneko bi auzi funtsezko horiek urardotu egin dira. Lurrei dagokienez, erdibideko aukera bat zen nekazariei hiru milioi hektarea ematea, fisikoki, baina azkenean ez zen halakorik egin. Eta drogen eta legez kanpo landutako lurren inguruko politikak atzera bota, eta drogen kontrako gerra politika bat eta ordezkapen behartuko politika bat ezarri dira.

Kolonbiako lekurik arazotsuenetan ditugun indarkeria arazo asko eta asko horrekin lotuta daude, Nekazaritza Eremuko Erreforma Integrala ezarri ez izanarekin, droga politika berriarekin, eta legez kontra landutako lurren auziari erantzun sozial bat emateko politikarekin.

Zure ustez, zergatik babestu zuen Komunen Alderdiak—FARCeko borrokalari izandakoenak— Itun Historikoa lehen itzulian?

Bake hitzarmena defendatzea funtsezko gaia da edozein gobernu berrirentzat, eta, ezbairik gabe, Itun Historikoa alderdiak du erabakimenik handiena bake akordioak ezarrarazteko bidean, hau da, askoz ere bake osoago bat lortzeko bidean. Nire ustez, horregatik iruditzen zaio alderdi horri itunak bat egiten duela gehien beraren jarduera politikoarekin, hark ematen diola bermerik handiena.

Inkesten arabera, litekeena da Kolonbiak ezkerrerantz jotzea. Hala gertatuko balitz, zer aldatuko litzateke, zure ustez?

Martxoko hauteskundeetan jada sumatu da badatorrela aldaketa, badatorrela sendoaldia, ezkerrarena ez ezik zentroarena ere, eta eskuin muturra ahultzen ari dela. Kolonbian, arazoa da 70 urte bizi izan garela gerran, eta, hortik abiatuta, errepresioa erabili izan dela protestaren, bestelako iritzien eta oposizioaren kontra.

Bake itunak aldatu egin du panorama politikoa, eta irauli egin du orain arteko logika hori, oposizio oro subertsioa delako logika; egoera berri honetan, zenbait mugimendu sozial eta ezin konta ahal herri adierazpide sortu dira, eta horiek badute beren isla bozetan.

Aldaketarik ekarri al du itunak?

Nahiz eta bake akordioa ez den bere osoan bete, aldaketa kultural bat ekarri du, kontzientzia aldaketa bat, eta, horri esker, herritar mugimendu berriak sortu dira: besteak beste, gazteen eta emakumeen mugimendu sozial berebizikoak, gerraren, ustelkeriaren, gauzak egiteko modu zaharren kontrakoak. Prozesu honen parte da hori, eta horixe ari da dinamizatzen Kolonbiako gizartea.

Proiektu uribista, nahiz eta azken 30 urteetan hain pisuzkoa izan den, oso ahulduta dago orain. Jendeak behin betiko bukatu nahi du gerraren pasartea, eta orobat nahi du gobernuak beste modu batean jokatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.