Albistea entzun

Ordu aldaketa ezbaian. Osasuna

Eguzkia, giltza gorputzarentzat

Ordu eremuaren hautuak gorputzaren organismoan ere eragina izan dezakeela gogorarazi dute adituek, eta eskatu dute sor ditzakeen arazoak aintzat hartzeko edozein erabaki hartzean.
Eguzkiaren erritmoak organismoarena baldintzatzen du.
Eguzkiaren erritmoak organismoarena baldintzatzen du. FRIEDEMANN VOGEL / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jon Rejado -

2018ko urriak 21

Eguzkiak hamaika modutan eragiten die gizakiei. Kronobiologian eta fisiologian adituek funtsezko funtzio bat aitortu diote: egunsentiko argiak egokitzen du gorputzaren erritmo zirkadianoa. Hots, eguzkiak giltza ematen dio organismoaren erritmoa erregulatzen duen erlojuari, orduan joan dadin. Adituek gaineratu dute pertsonen barruko erloju horrek argiaren erritmoarekin bat egitera jotzen duela: eguzkia ateratzean iratzarri, iluntzean lokartu... Beraz, gorputzaren erritmoa eguzkiarenetik urrunduz gero, desorekak gerta daitezke organismoan, eta osasunean eragin dezake horrek.

Europako Batzordearen eskaeraren aurrean, ordua egoki hautatzearen garrantziaz ohartarazi dute adituek, egunsentiko argiak organismoan duen pisua dela eta. Trinitat Cambras Riuk, Farmazian doktore eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Fisiologia irakasleak, ohartarazi du ordutegiaren hautaketak garrantzi handia duela batez ere neguko hilabeteei begira. Hilabete horietan dago argi ordu gutxien, eta agerikoagoa da neguko eta udako ordutegien arteko aldea. «Aukeratzen den ordu eremuaren arabera, gerta daiteke egunak 09:00etatik aurrera argitzea, edo 08:00etatik aurrera, eta argi ordu bateko aldea esanguratsua da».

Erritmo zirkadianoa egunero ondo doitzearen garrantzia nabarmendu du Cambrasek: «Goizean behar beste argi ez jasotzeak egun amaieran eragiten du, loaldia atzeratu egiten delako». Irakasleak gaineratu du loaldiari eragiten dion heinean osasunari ere eragiten diola: «Loa lotuta dago gorputzaren metabolismoarekin, eta, beraz, erritmo zirkadianoa aldatzeak bestelako eraginak ere ekar ditzake». Zenbait nahasmendu izateko arrisku handiagoa izango litzateke: obesitatea izateko joera handiagoa, tentsio arterial altuagoa, diabetesa izateko arrisku handiagoa... «Arrisku txiki bat handitzeak ez du esan nahi ezer gertatuko denik, baina, herrialde bateko biztanle guztiei eragingo dien heinean, ez du zentzurik arrisku hori handitzeak».

Nuria Chinchilla IESE Bussines Schooleko irakasleak gaineratu du orain, udako ordutegia indarrean dagoela, «bi orduko jet lag-a» bizi dutela herritarrek. Alegia, Euskal Herriko biztanleen berezko ordu eremua Greenwicheko meridianoarena dela: udako ordutegia baino bi ordu gutxiago. Beraz, orain bertan bi orduko desoreka dago argiaren eta gorputzaren barruko erritmoen artean. «Jet lag hori konpontzeko, komeni dena baino bi ordu geroago bazkaltzen dugu, adibidez; Europarekin alderatuta nahiko ordutegi irrazionalak ditugu».

Adingabeak eta adinekoak

Adituek nabarmendu dute kolektibo batzuek nabaritzen dutela gehien erritmoen arteko desoreka: adingabeek eta adinekoek. Adingabeei dagokienez, eskoletako egoeraz ohartarazi du Chinchillak: udako ordutegiaren aldeko hautua eginez gero —GMT+2—, neguko hilabeteetan ikasleak ilunpean iratzarriko lirateke, eta eguzki argirik gabe egingo lukete eskolarako bidea; ikasgela barruan daudela argituko luke egunak. Gaineratu du horrek eskolako emaitzetan eragin dezakeela, besteak beste. Adingabeei buruz hitz egitean, nerabeengan jarri du arreta Cambrasek. Azaldu du adin talde horretako gazteek gorputz barruko erritmoan aldaketak bizi izaten dituztela, eta «berezko joera» dutela barruko ordutegia atzeratuz joateko. «Goizeko argia jasotzen ez badute, barruko erritmoa atzeratzeko joerak okerrera egin dezake».

Adinekoek ere gehiago nozitu ditzakete ordu hautu desegokiaren eraginak, adituen esanetan. Cambrasek gogora ekarri du oro har adineko pertsonek lokartzeko arazo gehiago izaten dituztela. Horrez gain, erloju zirkadiano «zurrunagoa» dute, eta, ondorioz, zailtasun gehiago dituzte erritmo ezberdinetara egokitzeko. Zailtasun horiek zenbait arrisku handitu ditzakeela gaineratu du Chinchillak: «Metabolismoan aldaketak eragiten ditu, eta bazkalorduetan eragiten die, diabetesa izateko arriskua ere handitzen du...». Ondorio horiek «oso agerikoak» izan direla nabarmendu du, baina maila akademikoan geratu direla. Hau da, ez dira gizartera heldu.

«Bizitza osasungarria»

Osasunean nola eragingo duen bakarrik ez, beste gai batekin ere lotu daiteke ordutegi eremuaren gaia, adituen iritziz: gizartearen erritmoak nola aldatuko dituen. Arlo askotan: lan eta eskola ordutegiak trinkotzea, kontziliazioa errazteko neurriak... Hala azaldu du Fabian Mohedanok, ordutegiak aldatzeko Kataluniako itunaren sustatzaileetako batek. Aitortu du eztabaida desberdinak direla, baina uste du bien oinarrian kontzeptu bera dagoela: bizitza osasungarria izatea. «Eguzkiaren erritmoak gure gorputzean eragiten du, baina enpresa batek 20:00ak arteko ordutegiari eutsi nahi badio... Logikoena da 16:00ak aldera ateratzea».

Mohedanok nabarmendu du aldaketa ez dela erraza. Nahiz eta helburua izan ordutegi guztiak adostea, prozesuan oztopoak sor daitezkeela. Chinchillaren esanetan, edonola ere, ordutegien gaiari heltzeko garaia da: «Gizartearen erritmoa ez badoa naturak markatzen duenarekin bat horren aurka doa. Giza ekologia gehiago zaindu behar dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Gaiak

Albiste gehiago

 ©BERRIA
Miarritzeko harrotasunen martxa, atzo. ©BOB EDME

«Mugak hausteko» harrotasunez hartu dituzte Miarritzeko karrikak

Oihana Teyseyre Koskarat

Ehunka lagun bildu dira harrotasunaren martxan. LGTB komunitateko eragileek nabarmendu dute gora egin dutela horien kontrako erasoek

Barakaldon eraso matxisten aurka egindako elkarretaratze bat, aurtengo martxoan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gizon bat espetxeratu dute, neska lagun ohia hiltzen saiatzea egotzita

Jon O. Urain - Maddi Ane Txoperena Iribarren

Labanaz eraso dio andreari, eta emakumea larri dago, Gurutzetako ospitalean. Basauriko kartzelan sartu dute gizona. Mugimendu feministak elkarretaratzera deitu du gaur arratsalderako Barakaldon

Osasun zentro bateko sarrera, artxiboko irudi batean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Bere burua hiltzen saiatu direnen arreta hobetzeko prozedura, abian

Oihane Puertas Ramirez

Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea Osakidetzako sare osoan dago erabilgarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.