Kontsultek ereindako gerorantz

Gure Esku Dago-k «bost urteko zikloa borobildu» eta beste baten abiapuntua ezarriko du martxoaren 31n, Bilbon. Erabaki eskubidea «erreferendum bidez» gauzatzea du helburu
Gure Esku Dago-ko dozenaka kide, atzo, Tolosan, herri galdeketetako hautetsontziekin.
Gure Esku Dago-ko dozenaka kide, atzo, Tolosan, herri galdeketetako hautetsontziekin. GORKA RUBIO / FOKU

Jon O. Urain -

2019ko otsailak 10
208 herritatik lurralde osorako jauzia egin nahi du Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak. 2013ko ekainean jendaurrean aurkeztu zenetik, bost urte eta erdiko ibilbidea egin du gizarte mugimenduak, eta «etapa berri bat» zabaldu nahi du aurrerantzean: «Orain arte, 208 herri argiztatzeko gai izan gara, eta, hemendik aurrera, Euskal Herri osoa argiztatzea dugu helburu». Aro berri horren abiapuntua martxoaren 31n Bilboko Euskalduna jauregian egingo duten ekitaldia izango da. Eguerdian elkartuko dira, jauregiko auditorium nagusian, eta herritar orori dei egin diote bertara joatera. Izena emateko modua jarri dute dinamikaren webgunean.

208 horiek etorkizun politikoari buruzko galdeketak egin dituzten udalerriak dira; 2014an egin zituzten aurrenekoak, Etxarri Aranatzen (Nafarroa) eta Arrankudiaga-Zollon (Bizkaia), eta 2016tik aurrera gauzatu dituzte gainerakoak. Kopuru horren erakusgarri, 208 lagun elkartu zituen atzo Gure Esku Dago-k Tolosan (Gipuzkoa); bertan egin zuten martxoaren 31ko ekitaldiaren berri emateko agerraldia. Larraitz Zubeldia eta Sugoi Etxarri mintzatu ziren guztien izenean, eta «harro» azaldu ziren galdeketek eginiko bideaz: «Orain arte, 218.248 herritarrek hartu dugu parte galdeketetan, eta, emaitza horretaz harro bagaude ere, oinarria zabaltzen jarraituko dugu». Prozesu horren helburua da «Euskal Herriko lurraldeetan erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izatea, erreferendum bidez, normaltasunez, libre eta demokratikoki, eta berme guztiekin», Zubeldiak azaldu zuenez.

Iazko azaroaren 18an Donostian, Irunen (Gipuzkoa), Zallan, Balmasedan eta Alonsotegin (Bizkaia) eginikoak izan dira orain arteko azken galdeketak, eta ziklo horrek emandakoa goraipatu zuen Zubeldiak: «Hautetsontzi hauek eman digute aukera etorkizuna irudikatzeko, zer nahi dugun eta nola erabaki nahi dugun jabetzeko, urteetan aurpegira begiratu ez diogunari eskua emateko, elkarrekin ahalduntzeko, ikasteko, gaitasun tekniko, ekonomiko eta kolektiboak geureganatzeko, demokrazian sakontzeko, gugan sinesteko...».

Kontsulten bidez «ereindako lurrak fruituak» eman dituela uste dute, etorkizunera begira «bide berean jarraitzeko konfiantza, indarra eta determinazioa» lortu dutelakoan. Zubeldiak adierazi zuen orain «lur emankor hori bera ereiten jarraitzeko garaia» dela, «galdeketen bidez lortutako horretan sakontzeko» tenorea dela: «Ezer ez dagoenean, ziur, dena da posible. Orain da unea. Herritarron unea. Eragiteko garaia».

Bihar, manifestua

Aro berri horren xehetasunak martxoaren 31n jakinaraziko badituzte ere, dinamikak ildo orokor batzuen berri emana du jada. Estatus berrirako ituna ezagutaraztea, adostasun soziala zabaltzea eta Kataluniarekiko elkartasuna izango dira jardun eremu nagusiak. Hirugarren alor horren harira, GEDek mobilizazioak antolatu ditu Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketaren kontra: etzi, elkarretaratzeak egingo dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, eta, gaur zortzirako, martxa bat prestatu dute: Donostiako Katalunia plazatik abiatuko da, 12:00etan. Era berean, askotariko alorretako 60 bat herritarrek sinatutako manifestu bat plazaratuko dute bihar, auzipetuei elkartasuna adieraziz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna