Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

Taldeko immunitatea

2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Erresuma Batuan COVID-19aren lehenengo kasuak atzeman zituztenean, Boris Johnsonek esan zuen beldurrik ez geniokeela izan behar birus honi, taldeko immunitatea sortuko zelako. Taldeko immunitatea infekzio jakin baten aurrean behar adina indibiduo babestuta daudenean gertatzen da, hau da, antigorputzak sortu dituztenean, eta indibiduo horiek suebaki gisa jarduten dute; horrela, mikroorganismoa babestuta ez daudenei heltzea eragozten dute.

Babespen mota hori txertaketaren bidez lortzen da gehienetan. Baina koronabirus berriaren kontra momentuz txertorik ez dagoenez, espero dena da denbora aurrera joan ahala gizabanako asko egotea infekzioa pairatu dutenak, eta, beraz, birusak ez duela erraz aurkituko kutsatzeko moduko pertsonarik; horri esker, transmisioa eten egingo litzateke. Kasu honetan, taldeko immunitatea lortzeko aurreikusten da populazioaren %70 babestua egon beharko litzatekeela. Hori kalkulatzeko, Ro balioa kontuan hartzen dute, hau da, kutsatutako indibiduo batek zenbat pertsonari transmititu ahal dion birusa. Koronabirus berriaren kasuan, balio hori 2-3 da.

Balio hori zenbat eta handiagoa izan, orduan eta pertsona gehiago egon behar dira babestuak taldeko immunitatea lortzeko. Horrela elgorriaren edo kukutxeztularen kasuetan, esate baterako, populazioaren %94 egon behar da babestuta.

Taldeko immunitatea eraginkorra izateko, baldintza batzuk behar ditu: ostalari bakarra egotea (kasu honetan gizabanakoak), pertsonen arteko transmisioa egotea eta transmisioak immunitate sendoa eragitea. SARS-CoV-2 birusaren kasuan, oraingoz, hainbat datu falta zaizkigu jakiteko, eta infekzioaren ondoko immunitatearen gradua zehazteke dago.

Medikuntzan erabili izan da txertatuta egon behar zuten pertsonen ehunekoa kalkulatzeko, esate baterako, baztangaren kontra. Horrela, kalkulatu zen %90era iritsiz gero birusaren hedapena geldiaraztea lor zitekeela. Balio horri txerto-estaldura esaten zaio. Baztangaren kasuan, sintomak zituzten pertsonen bidez baino ez baitzen transmititzen birusa. Mundu osoan zehar balio horietara ailegatuz, baztanga desagerraraztea lortu zen.

SARS-CoV-2aren kasuan, hori ez dago batere frogatua, uste baita pertsonak kutsakorrak izan daitezkeela bai sintomak izan aurretik, bai ondoren, eta horrek izugarri zailtzen du haien kontrola.

Aditu guztien ametsa da infekzio ororentzako taldeko immunitatea lehenbailehen lortzea, eta babestuek arriskuan daudenen kutsatzea eragoztea. Baina COVID-19arekin hori gertatu ahal izateko, zoritxarrez, denbora asko falta da oraingoz. Hori dela eta, funtsezkoa da ikerkuntzari baliabideak ematea, botikak eta txertoak garatzeko, gaixoak tratatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.