Albistea entzun

Dragoietan emandako urtea

Grabitazio uhinen bitartez atzemandako bi neutroi izarren arteko talka izan da urteko zientzia albisterik sonatuena, baina ezagutzaren abenturak bidezidor ugari urratu ditu. Hona horien aukeraketa txiki bat.
Bi neutroi izarren arteko talkaren arrastoa atzeman zela jakinarazteko NASAk urrian zabaldutako irudia.
Bi neutroi izarren arteko talkaren arrastoa atzeman zela jakinarazteko NASAk urrian zabaldutako irudia. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Juanma Gallego -

2017ko abenduak 31

Hic sunt dracones. Antzinako mapetan idatziriko esaldia zen. Esploratu gabeko eremuak hala izendatzen zituzten zenbait mapatan. Hor dragoiak besterik ez daude. Hobe, beraz, ez bertaratzea. Lurraren mapa osoa ezagutzen den honetan, oraindik ere badira dragoiak besterik ez duten eremuak. Atzean geratu den urtean, ezagutzaren mapan marraztutako eremu ezezagun horietan izen berriak jarri dituzte zientzialariek. Dragoiak baino liluragarriagoak diren fenomenoak aurkitu dira. Hona hemen horietako batzuk.

UNIBERTSOAREN TAUPADAK

130 milioi argi urtera zeuden bi neutroi izarren arteko talka izan da, zalantza barik, urteko zientzia albisterik nabarmenena. Grabitazio uhinak atzemateko teknologiaren lehen emaitza praktikoa izan da. Urrian LIGO (AEBetan) eta Virgo (Italian) grabitazio uhinen detektagailuen bidez jaso ziren datuak, baina, aldi berean, ohiko teleskopioen bitartez ere ikertu ahal izan zen talka, espektro elektromagnetiko osoan: gamma izpietatik irrati uhinetaraino. Jasotako datuek bidea eman dute Albert Einstein fisikariaren teoriak berresteko; horrez gain, urrea, platinoa eta halako elementu astunak kilonoba izeneko talka erraldoi horietan sortzen direla frogatu da.

BIZIAREN ADREILUAK

Geneak editatzeko CRISPR-Cas9 teknikaren aldaera berriak garatu dira aurten. Geneak era azkarrean eta merkean editatzeko teknika ezagunak arazoak eman ditzakeela jakin da, eta, hortaz, ikertzaileak aldaera ziurragoen bila abiatu dira. Aurten bereziki bi aldaerek izan dute oihartzun handiena, eta biak batera aurkeztuak izan ziren, urrian. Batak DNAren hizkiak aldatzea ahalbidetzen zuen, «artazi» genikoak modu askoz kontrolatuagoan erabiltzeko aukera emanez. Besteak, DNA aldatu beharrean, RNA aldatzeko gaitasuna du. Azken horren abantaila da eginiko aldaketek ez direla betiko izaten, eta eragindako aldaketak, beraz, ez litzaizkieke transmitituko ondorengoei. Bestalde, abuztuan ezagutarazi zuten giza enbrioi batean miokardiopatia hipertrofikoa eragiten duen mutazioa aldatzea lortu zutela.

ENERGIA ITURRIAK

Txinako agintariek maiatzean jakinarazi zutenez, itsaspean gordeta dauden metano hidratoetatik gasa erauztea lortu dute, Japoniak 2013an irekitako bideari jarraituz. Astebetez, eguneko 16.000 metro kubo atera zituzten txinatarrek. Hilabete berean Japoniako Gobernuak bigarren saio arrakastatsu baten berri ere eman zuen. Europako Batasunak aukera hori aztertu nahi du, berriz, Itsaso Beltzean. Oraingoz, garabidean den teknologia bat da, baina, etorkizunean, hidrokarburoak lortzeko modu berri bat izan daiteke, batez ere ohiko hidrokarburoen ustiapena garestitzen den heinean. 2023. urterako aurreikusten da baliabide horien ustiapen industriala. Ez da kasualitatea lehia hori Asian izatea, han erregaiekiko menpekotasuna handiagoa baita, hain zuzen ere. Eta, horri atxikita, geopolitikari lotutako arriskuak ez dira faltako; izan ere, Txinak martxan jarritako ustiapenak Hego Txinako Itsasoan daude, eta bertako mugen inguruko tirabirak errotuta daude oraindik ere.

MUNDUAK BARRA-BARRA

Eguzki Sistematik kanpo dauden 3.500 exoplaneta inguru ezagutzen dira jada, baino askoz gehiago daude esperoan. Aurten, gainera, bereziki, zirraragarriak diren munduak aurkitu dituzte. Urteko «izarra», zentzu guztietan, TRAPPIST-1 izeneko sistema izan da. 39 argi urtera dago, eta zazpi planetaz osatutako eguzki sistema bat da, eta, hiru planeta bizigarritasun eremuan daude. Ohartarazi beharra dago, alta, bizigarritasuna terminoak esan nahi duela ura izateko moduko tenperaturak tartean daudela, baina horrek ez du esan nahi ura dagoenik, ezta bizia garatu daitekeenik ere. Abenduan NASAk zortzi planetaz osatutako beste sistema bat iragarri zuen, Kepler-90 izarraren inguruan.

ERAZTUNEN JAUNA

Saturnorekiko ametsak maila gorenera eraman dituen espaziontziaren amaiera handia izan zen, irailean. NASAko ingeniariek Cassini planeta erraldoiaren kontra amildu zuten, modu kontrolatuan, Saturnoren inguruan dauden ilargiak kutsatzeko edozein arrisku alboratzeko. Zundak hamahiru urteko esplorazio lanaren ondoren hartu zuen erretiroa. Denbora horretan, besteak beste, Saturnoren ekaitzak, eraztunak, Entzelado ilargiaren geiserrak eta Titango hidrokarburo itsasoak aztertu zituen, duela gutxira arte pentsaezina zen zehaztasunarekin. Zientzia artikulu ugari argitaratu dira behaketa horiei esker; diotenez, hamarkadetarako lana utzi die ikertzaileei. Zientzialari ez direnengana ere heldu da eragina;Cassini-k bidalitako irudiak herri kulturan errotzen hasi dira.

DATEN DANTZA

Ohikoa izaten da daten dantza paleoantropologian, baina ekainean egindako proposamen batek bereziki kolokan jarri du orain arte ezarritako ustea. Homo sapiens espeziaren arrastorik zaharrenak Marokon kokatu direlako: duela 350.000-300.000 urtekoak direla uste dute. Orain arte uste baino 100.000 urte aurreragokoak, alegia. Espazioan ere aldaketa izan da, garai horretako gizakia Afrikako ekialdean eta hegoaldean bizi zela uste baitzen.

PIRAMIDE HANDIAN, EZUSTEA

Azaroan Scan Pyramids egitasmoak ezagutarazi zuen Gizako Piramide Handiaren barruan hutsune erraldoi bat dagoela. Gutxienez 30 metroko luzera duen barne estruktura hori 4.500 urtez ezkutuan egon da. Izpi kosmikoen analisiaren bitartez eskuratu zuten hutsuneari buruzko informazioa. Izpi horiek goiko atmosferaren kontra talka egiten dutenean, muoi izeneko oinarrizko partikulak askatzen dituzte. Muoiak materia zeharkatzeko gai dira, baina partikula horien mugimendua aztertuz hutsuneak atzeman daitezke. Piramide Handiari «erradiografia» bat egin diotela esan liteke.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Martxelo eta Amagoia: lekuko aldaketa

«Kazetaritza egitea: hori da gure funtzioa»

Arantxa Iraola

Neurria ondo hartua diote elkarri. Otamendik 30 urte egin ditu zuzendari; Mujikak erredakzioko taupaden erritmoan egin du lan ibilbidea, eta, orain, arduraz hartu du zuzendari izateko «erronka». BERRIAren 20. urteurrenarekin batera dator aldaketa, egunkaria berritzeko ahalegin betean.
Martxelo Otamendi, Amagoia Mujika Tolaretxipi eta Beatriz Zabalondo ondoan dituela, atzo. ©JON URBE / FOKU

Amagoia Mujika Tolaretxipik hartuko du Martxelo Otamendiren tokia

Jon Ordoñez - Arantxa Iraola

Erretiroa hartuko du Otamendik, 30 urtean 'Euskaldunon Egunkaria'-ren eta BERRIAren gidaria izan eta gero. Hedabide bietan zaildutako kazetaria da zuzendari berria; zuzendariorde egin ditu urteok
Lasterbidean lasterketako korrikalariak, atzo, Villabona-Amasan. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Lasterbidean egin dute, euskal presoen eskubideen aldeko lasterketa

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Pertsona ugarik egin dute korrika Villabona-Amasan; hainbat kontzertu ere egin dituzte. BERRIA izan da lasterketaren laguntzaileetako bat

Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren aurkezpena, Mungian. ©Aritz Loiola / Foku

Publikoa, 30. aldiz babestua

Isabel Jaurena

Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatuko dute gaur, Mungian. Bestaren bitartez eskola publikoaren aldeko aldarria egitea da ekitaldiaren helburu nagusietako bat.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.