Euskaraldia

Justiziarik ez euskararentzat

Justizia administrazioan euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko pausoak ematen ari dira, baina oraindik putzu sakon eta ilun bat da hizkuntz eskubideei dagokienez. Lurraldeen arabera bada alderik: toki txiki bat du euskara ofiziala den eremuetan; Ipar Euskal Herrian, aldiz, bat ere ez.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sei epailetik batek baino ez du betea hizkuntz eskakizunen bat. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Edurne Begiristain - Ion Orzaiz
2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Euskaraldia egiten ari den honetan, justizia administrazioa putzu sakon eta ilun bat da oraindik hizkuntza eskubideei dagokienez. Euskara sustatzeko ahaleginak berandu eta motel iritsi dira justiziaren esparrura, eta, hizkuntzaren erabilera normalizatzeko urrats batzuk egin badira ere, ez dira aski izan.

Asko jota, euskara ofiziala den eremuetan —Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroako zati batean—, epaiketa euskaraz egitea galdegin dezake herritar batek: «Halakoetan, itzultzaile bat jarriko diote, eta, askotan, horrek ziurgabetasuna emango dio». Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekaren hitzek ongi laburbiltzen dute zein den egoera: justizia administrazioa atzean geratu da euskalduntze prozesuan.

Hizkuntz eskubideen bermerik eza orokorra da Euskal Herri osoan, baina gehiago edo gutxiago nabari da lurraldearen arabera. «Lanpostuen hizkuntza eskakizunak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hartzen dira kontuan, batez ere, baina postu askotan, oraindik, euskara ez da nahitaezkoa, merezimendua baizik. Epaileen postuetarako, adibidez, ez da nahitaezkoa euskaraz jakitea, eta horrek baldintzatuko du prozesu judizial osoa, epaiketak ezingo baitira euskaraz egin».

Arazoa, baina, epaiketez harago doa: auzibidean ezinbestekoak diren agiriak, tramiteak eta bestelako baliabideak erdara hutsean idatzi ohi dira gehienetan. Batzuetan, euskarara itzultzen dituzte. Besteetan, ez: «Justiziaren eremuan ez dago euskaraz lan egiteko ohiturarik, askotan baliabide faltagatik edo langileen ezagutza faltagatik, eta horrek ere herritarren hizkuntza hautua baldintzatzen du», azaldu du Gaubekak.

Nafarroan ere gaztelania hutsean izan ohi dira auzibideak, eta baita horietan erabiltzen diren agiri gehienak ere. Nafarroako Gobernuko Justizia Departamentuak eta Euskarabideak egina dute jada sailaren hizkuntza plana, eta gobernuaren menpekoak diren jendaurreko postu batzuetan euskarazko profila ezartzea eraginen du horrek. Seinaletika eta agiriak ele biz jartzeko konpromisoa ere hartua du gobernuak. Hortaz harago, ordea, justizia administrazioa euskararentzako basamortu da oraindik, eta ez dirudi egoera aurki aldatuko denik.

Egoera are makurragoa da Ipar Euskal Herrian. «Frantziako Estatuak ez du onartzen justiziaren esparruan euskara erabili ahal izatea, ez du inongo balio juridikorik, eta horrek, nola ez, herritarren hizkuntza hautua erabat debekatzen du», laburbildu du Gaubekak.

Egoera aldatzeko urratsak

Justizia administrazioa euskalduntzeko, azken urteotan ekinbide ugari martxan jarri dituzte administrazioek, abokatu euskaldunek eta bestelako eragileek. Administrazioei dagokienez, euskararen erabilera normalizatzeko planak eta bestelako ekinbideak badira martxan. Horietako bat Auzia Euskaraz egitasmoa da; 2013an abiatu zuen Eusko Jaurlaritzak, xede batekin: prozedura judizialak osorik euskaraz tramitatzea. Ez zen makala jarritako erronka, eta bidea ere ez da samurra izaten ari, Jon Uriarte Eusko Jaurlaritzako Justizia administrazioko zuzendariak aitortu duenez. Izan ere, justizia administrazioak egitura konplexua du, eta uste du euskararen erabilera guztiz eta benetan normalizatuko bada ezinbestekoa izango dela «boteregune ezberdinen arteko adostasunak» bilatzea.

Preseski, xede horrekin sortu zen Auzia Euskaraz proiektua: «Helburua da justizia alorreko prozedura guztiak euskaraz ere garatu eta burutu ahal izatea, salaketa jartzen denetik azken ebazpena eman arte». Helmugara iristeko,esparru askotan eta norabide berean egin behar dira urratsak, eta Uriartek aitortu du denbora luzea beharko dela horretarako. Izan ere, errealitatea aski urrun dago justizia administrazio euskaldun batetik. «Gaztelaniaren erabilera nagusi da justizia administrazioan. Historia eta ibilbide luzea du erdarak justizia administrazioaren eta zuzenbidearen esparruetan, eta euskara, nolabait, jaioberria da», azpimarratu du Uriartek.

Botere eta eskumen desberdinek talka egiten dute justizia alorrean, eta horrek zaildu egiten du, nabarmen, euskarak bere tokia izatea. Esaterako, magistratu, epaile, fiskal edota administrazioaren letraduak Espainiako estatuko legeriaren menpe daude, eta, beraz, Jaurlaritzak ez du eskumenik haien gainean. Ordea, EAEko administraziora eskualdatutako kolektiboen artean euskararen ezagutza eta erabilera handiagoa da: laguntza judiziala, izapide prozesal eta administratiboa, kudeaketa prozesala eta auzitegiko medikuntza daude horien artean. Horra Eusko Jaurlaritzaren datuak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan justizia administrazioan lan egiten dutenen %45ek egiaztatua dute beren postuari dagokion hizkuntz eskakizuna. Epaile, fiskal eta magistratuen artean, berriz, seitik batek baino ez du betea hizkuntz eskakizunen bat: 601 profesionaletatik 108k, zehazki.

Langileen hizkuntz eskakizunetan ez ezik, idatzizko dokumentuetan ere nabari da euskararen presentzia handiagoa. Jaurlaritzak jakinarazi duenez, 2011n Euskararen Normalizazio Plana abiatu zenean, justizia administrazioak sortutako agiri guztien %35 euskaraz ziren, eta %61 dira orain.

Luix Barinagarrementeriak 29 urte daramatza abokatu lanetan. Abokatu Euskaldunen Sindikatuko sortzaileetako bat izan zen, eta justizia administrazioaren euskalduntze prozesuan lan egin du hasieratik. Ezkor mintzo da egungo egoeraz: «Gaur egun hutsaren hurrengoa da euskararen egoera epaitegietan». Argi du orain arte euskararen alde justizian emandako pauso eskasek etsipena sortu dutela euskaldun askorengan: «Herritar askok uko egiten diote auzitegietan euskara erabiltzeari, badakitelako bidea askoz luzeagoa izango dela eta maiz egoera deserosoak sortuko direla».

Baina nola lortu justizia euskalduntzea? Gaubekak uste du «oinarrizko aldaketak» behar direla Justiziaren esparruan: «Auzitegietan ez dira herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen, eta horrek berekin dakar euskaldunen defentsarako eskubidea ere ez dela behar bezala bermatzen».

Horren oinarrian, Espainiako eta Frantziako botere judizialak «traba» direla uste du Gaubekak: «Kontuan izan behar da, adibidez, Espainiako Estatuko Botere Judizialaren Lege Organikoa muga nabarmena dela justiziaren eremuan. Zigor prozeduretan eta zibiletan euskara erabiltzeko hautua egin arren, praktikan ez da betetzen, aldeetako batek ulertzen ez badu ezin litekeelako epaiketa bat euskaraz egin, adibidez».

Barinagarrementariak argi du sistema judiziala estatu baten zutabeetako bat dela, eta, beraz, «justizia sistema propio bat» izatea funtsezkoa dela euskararen normalizazioak arrakasta izan dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.