Luis Castaño. Medikua eta ikertzailea

«Gaixoen %40 inguruk ez dakite diabetikoak direnik»

ANDONI CANELLADA / ARP.
arantxa iraola
2016ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Gurutzetako Unibertsitate Klinikako (Barakaldo, Bizkaia) medikua da Luis Castaño, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Diabetesaren inguruan solastatzeko profesional egokia da, Biocruceseko zuzendari zientifikoa baita, han gaitza aztertzen diharduen ikerketa taldeko burua. Elkarlana defendatzen du, eta Ciberdem sarean beste hainbat aditurekin egiten duten lana horren eredu egokitzat du.

OMEk kezkatzeko moduko datuak eman ditu. Hain larria da?

Garrantzitsua da jakitea zenbat jendek duen diabetesa; jende askok ez baitaki duenik ere. Gurutzetan egindako azterlan epidemiologiko baten arabera, populazioaren %6k daki diabetesa duela, baina badago %4-5 bat baduena eta ez dakiena. Eritasunaren prebalentzia, 18-80 urte arteko herritarren artean, %11koa da, baina gaixoen %40 inguruk ez dakite diabetikoak direnik. Gaitza usuen 50-60 urtetik aurrera agertzen da, gizentasuna ere ohikoagoa izaten baita orduan; estuki lotuta dago diabetesa loditasunarekin. Odol analisi ohiko bat aski da diabetesa atzemateko, eta garrantzitsua da argitzea. Izan ere, eriek azukrea goitik dute, eta arazoak sor daitezke horregatik.

Zein osasun arazo mota eragin ditzake, bada, diabetesak?

Oraindik ere sarritan konplikazioak izaten dira diabetesaren ondorioz, eta kezka eragiten digu horrek. Diabetesaren ondorioz, esaterako, giltzurrunen funtzionamenduan arazoak agertzen dira sarritan, begietan arazoak sortzen dira, eta nerbio sisteman ere bai... Epe luzera agertzen diren arazoak izaten dira gehienetan, baina horregatik da garrantzitsua eritasuna kontrolatzea.

Zein ikerketa lerro dira nagusi gaur zuen jardunbideetan?

Gu, esaterako, hainbat egitasmotan ari gara. Aurreratuen dugun lerroetako batek identifikatu nahi ditu diabetesa eragiten duten kanpo faktoreak: saihesteko. Ikerketa bat egiten ari gara, adibidez, ikusteko zer eragin duen umeen elikadurak; hipotesia da amaren esnea ez hartzeak handitzen duela diabetesa izateko arriskua; alegia, babestu egiten dituela, nolabait ere, edoskitze naturalak. 1 motako diabetesa duten gurasoen umeak ikertzen ari gara horretarako, eta 2017rako emaitzak espero ditugu. Haurdunaldian edo haurtzaroan ager daitezkeen infekzioen balizko eragina ere aztertzen ari gara. Horiek, prebentzioan. Tratatzeko, berriz, 1 motako diabetesa duten eriak sendatzeko bide bat izan daiteke, adibidez, pankreako irlen —intsulina sortzen duten zelulak dira— transplantea; izan ere, asmoa da ikustea gaixo ez dauden pertsonen zelulak jasota senda daitezkeen pertsona horiek.

Horiek guztiak 1 motako diabetesari aurre egiteko daude pentsatuta. Eta 2 motakoan? Helduaroan agertzen den diabetes horretan? Zer egin daiteke hor?

Gizentasunari aurre egiten ahalegintzea garrantzitsua da diabetes mota horri aurre egiteko. Izan ere, helduaroan agertzen den diabetesa ez da betiko; tratatzen bada, esaterako gizentasunaren aurka egiten bada, desagertu egin daiteke. Alor horretan azterketak egiten ari gara gaixoei ematen zaizkien sendagaiak eraginkorragoak izateko. Botiketan, oro har, asko aurreratu da; egun dauden tratamenduek ez dute ia zerikusirik orain dela 30 urte erabili ohi zirenekin. Intsulina berriak daude, botika berriak, eta glukosa neurtzeko erabiltzen diren gailuetan-eta ere asko aurreratu da. Teknologia guztiak, oro har, bilakaera arrunt bizkorra izan du.

20-30 urteren buruan ikertzaileek zer lortuko duzuela iruditzen zaizue? Zein helburu zedarritzen dituzue etorkizunerako?

Ordurako hainbat diabetesek sendabidea izatea nahi dugu; diabetes monogenikoak, esaterako, [nahasmendu genetiko baten ondorio izaten dira] terapia genikoaren bidez osatzea espero dugu.1 motako eta 2 motako diabetesak ez dira gene bat eraldatzearekin konponduko, baina horiek hobeto kontrolatzeko bideak izatea da asmoa, eta horietan eragina duten kanpo faktoreak ere hobeto ezagutzea, era horretan gaixotasuna saihestu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.