Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Merkatuak ez du Reagan maite

2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Ronald Reagan hil zen, 2004an, baina hark bultzatutako politika neoliberal peto-petoak ez dira lurperatu. AEBetan ez, Erresuma Batuan berpiztu dira, Liz Truss lehen ministro berriaren eskutik —Espainian ere bai, baina neurri apalago batean—. Baina Trussek jasotako emaitza ez da esperotakoa izan. Merkatu librea azken muturreraino eraman nahiak merkatuen aurkako erantzunarekin egin du topo. Libra esterlina amildu da, Erresuma Batuko zorraren interesak handitu egin dira, eta izu-ikara zabaldu da Londresko Cityn. Pentsio funtsek zuten likidezia arazo larria finantzen munduaren beste adarretara zabaltzeko arriskua zegoenez, Ingalaterrako Bankuaren esku hartzeak odolustea geratu du; oraingoz. Merkatuak, antza, ez du Reagan maite.

Zer egin dute Truss eta haren Finantza ministro Kwasi Kwartengek? Aberatsei mesede egiten dien zerga murrizketa handi bat iragarri dute —urtean 45.000 milioi libera gutxiago, eta horietatik 30.000 milioi %5 aberatsenen patriketara—, eten egin dute sozietate zergaren eta gizarte kotizazioen iragarritako igoera, eta, bide batez, bankuei bonusak ordaintzeko debekua kendu dute. Gainera, 100.000 milioi liberatik gora gastatuko du herritarren eta enpresen energia gastuari muga bat jartzeko. Guztira, 200.000 milioi liberako gastua edo diru-sarrera murrizketa. Baina gastu horri guztiari aurre egiteko neurririk ez du iragarri; soilik esan du hazkundea handituko dela, eta horrek estaliko duela zuloa.

Neoliberalismoaren ohiko formula da: zergen jaitsierak jarduera ekonomikoa suspertuko du, eta horrek diru sarrera publikoak handituko ditu. Eskuinaren zati handi batek eusten dion dogma da, funtzionatzen ez duela erakusten duten adibide asko egon arren; funtsean, aberatsek ez dutelako dirua inbertsioetara bideratzen, finantza merkatuetan jokatzera baizik.

Truss-Kwarteng bikotearen proposamena salatu dute EBZk, Financial Times-ek, The Economist-ek eta ezker marxistaren betiko ordezkari nagusiek, Nazioarteko Diru Funtsa buru dutela: aberatsei zergak jaitsi ez, igo egin behar zaizkiela uste du orain funtsak, herritar eta enpresa ahulenak inflazioaz babesteko laguntza publikoak norbaitek pagatu behar dituelako. Baina, batez ere, merkatuek esan diote oker zebiltzala.

Aurreko ostiralean egin zuen iragarpena Kwartengek, eta berehala hasi zen hondoratzen libera esterlina, ia-ia dolarraren pareraino helduta. Gainera, gora egin zuen bizkor Erresuma Batuaren zor bonuen interesak, inork ez zituelako erosi nahi, eta horrek estu eta larri utzi zituen pentsio funtsak; asko inbertitzen dute zor publikoan, baina prezioen gorabehera handiek ordainketa asko egitera behartu zituzten, eta likideziarik gabe geratzekotan egon ziren. Arazoa finantza merkatu osora hedatuko zen beldur, esku hartzea erabaki zuen Ingalaterrako Bankuak: 65.000 milioi liberaren bonuak erosiko ditu, zor publikoaren interesak apaltzeko. Doi-doi azken hilabeteetan egiten aritu denaren kontrakoa da, eta ondorio garbi bat izango dute: inflazioak gora jarraituko du denbora luzeagoan —eta horrek herritar xumeei egiten die kalte bereziki—, eta, interes tasak gehiago igo beharko dituenez, sekulako garestitzeak ekarriko ditu maileguetan.

Oraingoz, banku zentralaren botika funtzionatzen ari da. Libera 1,035 dolarrera jaitsi zen, baina ostiralean jada %1.116ra itzuli zen. Baina, Ingalaterrako Bankuak diru gehiago sartu beharko du? Merkatuek irentsiko al dute beste pilula bat?

Sinesgarritasuna jokoan

Eta badira galdera politikoagoak ere. Karguari eta politikari eutsiko al die Trussek? Galdera horren erantzuna, oraingoz, baiezkoa da. Hilabete bat besterik ez da Boris Johnson ordezkatu zuela, eta alderdi kontserbadorea ez dago beste barne borroka bat hasteko egoeran. Are gutxiago hauteskundeetara jotzeko: azken inkestetan laboristak 33 puntu aurretik dituzte, inoiz ikusi gabeko aldea.

Politika ekonomikoari dagokionez, Trussek bere sinesgarritasun osoa galduko luke lehen kolpean alde batera utziko balu betidanik defendatu duen neoliberalismo sutsua. Bere apustua da krisi labur baten ondoren Erresuma Batua bilakatuko dela zerga txikiko eta araudi laburreko herrialdea —Singapore on Thames—, eta haren eskutik itzuliko dela hazkundea.

Ikusiko dugu merkatuek utziko ote dioten amets hori betetzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.