Asteroko bidaiak eskala txikian

Mirentxin taldeko gidariek martxa bat egin dute furgonetekin. Hala, euskal presoen sakabanaketa salatu dute, eta gogora ekarri dituzte senideek haiek bisitatzeko egin behar izaten dituzten bidaia luzeak.

Bilbo
2016ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Furgoneten martxak ez ditu furgonetak bakarrik bildu. Larrabetzuko (Bizkaia) Sasiene industrialdeak aparkaleku erraldoi bat zirudien, 11:00etan. Furgonetak, autokarabanak, eta noranahiko autoak zeuden irteera orduaren zain. Mirentxin taldeko gidariek deituta egin zuten martxa, atzo: Larrabetzutik abiatu, Bilboko kaleak zeharkatu, eta berriz ere abiapuntura. Mobilizazio horren bidez, euskal presoen senitartekoek astero egiten dituzten bidaiak islatu nahi izan zituzten. Era berean, sakabanaketaren errealitatea eta horrek dakartzan ondorioak agerian utzi.

Hala, 12:30 aldera jarri zen martxan ibilgailu talde luzea, Azken bidaia izan dadila lelopean. Eta guzti-guztiek preso eta iheslariak etxeratzearen aldeko ikurra ipinita eraman zuten kristalean. Antolatzaileen esanetan, 400 furgonetak baino gehiagok hartu zuten parte —euskal preso bakoitzeko bana, gutxi gorabehera—; beraz, aurreikusitako kopurua bete eta gainditu ere egin zuten. Furgoneta martxa abian jarri bitartean, Karlos Albas Mirentxineko kideak eman zuen mezua: «Euskal jendarteak argi erakutsi du sakabanaketa egoera hau amaitu behar dela, nekatuta dagoela, eta igarotzen den asteburu bakoitza egoera hau amaitzeko aukera galdu bat dela».

Txorierriko lasterbidera sartu bezain pronto, auto ilarak sortu zituen martxaren joanak, eta turuta hotsak ez ziren falta izan, bai mobilizazioan parte hartu zutenenak, bai auto ilaran zeudenenak ere. Urrats bizian jo zuten A-8 autobideraino, eta handik aurrera zuzenean hartu zuten Bilborako bidea.

Bidean ere lagun ugari

Galdakaotik igarotzean, autobide gaineko zubian hainbat lagun ikusi ahal izan ziren. Euskal presoak Euskal Herrira jartzen zuen pankarta erraldoi baten ostean egon ziren, itzalez estalitako presoen argazkien.

Aurrera egin ahala, Basauriko kartzelara bildu zen ibilgailu taldea, eta turuta hotsak sekula baino ozenago entzun ziren haren aldamenera iristean. Ez zen geldiunerik egon, ordea, eta zuzenean Malmasin tunela zeharkatu, eta Bilbora ailegatu zen furgoneten ilara. Basurtuko ospitalearenatarian, ESK eta LAB sindikatuak deituta bildu ziren Osakidetzako langileek txalo artean egin zieten harrera. Preso gaixoen egoera salatzeko asmoz, Preso gaixoak etxera. Osakidetzan protokoloa orain zioen pankarta zabaldu zuten.

Bilboko Autonomia kalean eragin handia izan zuen mobilizazioak. Jendeak harriduraz hartu zuen ibilgailuen nahas-mahasa, eta, tarte batzuetan, udaltzainek eta ertzainek lanak izan zituzten zirkulazioa bideratzen. Horri furgoneten harrabotsa gehituta, aztoramendu apur bat sortu zen bestelako auto eta oinezkoen artean.

Plaza Biribila arretagune indartsua izan zen. Presoen senideek kartzeletara bidean izan dituzten istripuak salatzeko antzezpena egin zuten: bi auto irauli zituzten, eta hildako bat eta bi zauritu irudikatu zituzten zoruan. Zaurituak artatzen aritu ziren medikuak eta erizainak, eta, ondoren, aurrera egin zuen mobilizazioak. Udaletxeko zubia gurutzatu eta errepidean gora, Begoñarako bidea hartu zuten. Han ere, lagun talde bat egon zen Preso eta iheslariak etxera lelodun ikur mordo batekin. Berriz azeleragailua zapaldu, eta Larrabetzurako bidea hartu zuten gidariek, euren aldarria ozen zabaltzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.