joxerra senar
ASTEKO GAIA

Ez dute atzean geratu nahi

2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Europako Batasunaren Next Generation laguntzen helburu nagusietako bat ekonomiaren deskarbonizazioa dela jakinik, hasieratik argi zegoen funts horiek nabarmen indartuko zutela auto elektrikoaren aldeko apustua. Alabaina, hilabeteek aurrera egin ahala, oraindik ere ez dago argi zer proiektutan gauzatuko den asmo hori eta, horri loturik, Euskal Herriko sektorean zer eragin izango duen. Hots, etorkizuneko sektorearen diseinuaren marra orokorrak marraztu dira, baina oraindik ezin da ikusi argazkia osorik. Xehetasunen faltan, dena airean dago, eta horrek kezka areagotu egin du etorkizuna jokoan izan dezaketen eragileen artean.

Asteon, lau pieza aldi berean mugitu dira. Lehenik eta behin, Espainiako Gobernuak, astelehenean, auto elektrikoaren inguruko bere gida lerro nagusiak aurkeztu zituen, eta, asteartean, Ministroen Kontseiluan, onartu egin zuen Europako Batasunari bidalitako Susperraldirako eta Eraldaketa Ekonomikorako Plan Estrategikoa. Egitasmo horren zutarrietako bat autogintzaren elektrifikazioa bultzatzea izango da: 2021etik 2023ra, Next Generation funtsaren bidez, 4.300 milioi euroren inbertsio publikoak egingo dira —arlo pribatuak beste 19.000 milioi euroko inbertsioa egingo du—. Dirutza publiko horretatik 1.100 milioi euro inguru baterien kargalekuen sarea bultzatzera bideratuko dira, baina ia gainerakoa industriaren eraldaketa babesteko erabiliko da. Zehazki, 2.975 milioi erabili nahi dira auto elektrikoaren fabrikazioa sustatzeko.

Bigarrenik, asteartean, Ekofinek baiezkoa eman zion Madrilen proposamenari. Biharamunean, oraindik inori zalantzarik geratzen bazaio, Bruselak —eta hemen dator hirugarren eragilea— azaldu zuen 2035erako erregai fosil bidezko automobilak saltzeari utzi beharko zaiola, eta, alternatiba gisa, auto elektrikoarekin batera, hidrogeno pilaren bidezko ibilgailuen alde egin du. Norabide politikoa argia da: erregaia are gehiago zergapetu, eta argindar bidezko kargaren tasa merkatu.

Bateria fabrika, non?

Gaur egun, auto elektriko gutxi daude euskal errepideetan, baina, hamarkada honetan, baliteke panorama aldatzea, eta, hortaz, baita industriarena ere. Hala, berriz ere asteartean, laugarren eragilea sartu zen jokoan. Volkswagen taldeak etorkizunera begirako bere plan estrategikoa aurkeztu zuen. Alemaniako taldeak nahi du 2030eko Parisko Itunaren emisio irizpideak betetzea, 2040rako taldeko ibilgailu guztiak «emisiorik gabekoak» izatea—betiere argindarraren energia iturria emisiorik gabekoa dela pentsatzen bada—, eta 2050erako «neutrala» izan nahi du klima arloan. Auto elektrikoaren aldeko apustua eginik, bateria propioak ekoitzi nahi ditu —beste auto ekoizle batzuek bateriaz hornitzeko asmoa dute—. Europan baterien hiru fabrika handi egiteko asmoa aipatu du VWek: bata, Suedian, Skelleftean; bigarrena, Alemanian, Salzgitter hirian; eta hirugarrena, «Espainian». Non, baina?

Puzzle horretan, hori da gakoetako bat, argi baitago industrian VWek aurrea hartu duela, eta, horri loturik, inori ez zaio zalantzan geratzen fabrika handi horrek lehentasuna duela Espainiako Gobernuaren inbertsio asmoetan. VWek argi utzi du apustua egin nahi duela baldin eta diru laguntza publikoak jasotzen baditu. Martxoaren 5ean, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua Martorellen izan zen (Bartzelona, Katalunia), Seaten fabrika bisitatzen, eta bezperan Reyes Maroto Industria ministroak iragarri zuen ezen gobernuak berak, Iberdrolak eta VWek partzuergo bat eratuko zutela baterien fabrika altxatzeko. Europako funtsez harago 5.000 milioi euro inbertitu nahi dituztela aurreratu zuen, eta fabrika «Martorelldik gertu» egongo dela. Nissanen fabrika zena toki egokia izan daitekeela aipatu da. Seateko arduradunek diote auto elektrikorik izan ezean etorkizuna beltz dutela, eta horri Espainiako Gobernuak izan ditzakeen interes politikoak gehituz gero, oraintxe ematen du dena alde dutela. Hala ere, «Landaben eta Martorell arteko korridorean» egiteko aukeraz ere hitz egin da.

Hori guztia argitu bitartean, Nafarroako Gobernuak diskrezioz jokatzea erabaki du. Asteon, UGTk eta CCOOk urduri daudela plazaratu dute. Iragan hamarkadan, VWek inbertsio handia egin du, eta, horri esker, bi modelo ekoizten dira Iruñean, eta irailetik aurrera hiru egingo dira. Alabaina, taldearen barruan auto elektrikoa ekoizteko lasterketa betean dira, eta Landabenek etorkizuneko asmoen barruan egon nahi du. 2025erako, ohiko autoekin batera elektrikoak ere ekoitzi nahi ditu.Horrekinbertsio handia eska dezake, eta bateria fabrika gertu egotea giltzarri izan daiteke. Egoera horretan, ekainaren 30ean azken hamarkadako Landabengo arduradunetako bat, Emilio Saenz zuzendaria, bat-batean kargutik kendu zuen VWek. Arrazoia ez dute jakinarazi, eta kezka areagotu besterik ez du egin horrek. Zurrumurruen aurrean, Maria Txibitek ukatu egin du zerikusirik duela, eta esan du Madrilekin eta VWekin «lanean» ari direlaauto elektrikoa Iruñera ekartzeko.

Onerako zein txarrerako, ezer ez da gauzatu oraindik, baina atal nahasi horrek guztiak agerian uzten du Next Generation ez dela soilik aukera handi bat. Hego Euskal Herriko auto industriak etorkizunean indartsu izaten jarraitu nahi du. Horretarako, Hegoaldeko bi gobernuek, enpresekin batera, funtsak biltzeko proiektu interesgarriak aurkeztu dituzte. 2.975 milioi euroko poltsa handia bada ere, egitasmoak egia bihurtzeko lehia ere itzela da. Inork ez du atzean geratu nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.