Irune Lasa.
GEURE KONTU

Basamortuko zeharkaldia

2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Aurten 90 milioi automobil arin ekoitziko dira munduan, aurretik iragarri baino 10 milioi ibilgailu gutxiago. IHS Markit-en azterketaren arabera, munduko eskualde guztietan dago autogintza industria pattalaldian, baita orain arte hazkunde etengabea izan duten herrialdeetan ere: Txinan %13 murriztu da produkzioa urrian.

Gauzak horrela, munduko automobil ekoizle nagusiak, Volkswagenek, bere salmenta aurreikuspenak apaldu ditu urri bukaeran. Hasieran 2019a salmenten igoera txiki batekin ixtea espero bazuen ere, orain hazkunderik ez du espero. Ekoizpen planak moldatubeharrean izan da Volkswagen, eta pentsatu baino 900.000 auto gutxiago egingo ditu.

Eta Volskwagen ez da horrela dagoen bakarra. Renaultek irabazi helburuak murriztu berri ditu, eta gauza bera egin du, aurten birritan, Daimlerrek. Horrek neurri zorrotzak iragarri ditu aste honetan bertan: pertsonal gastuak 1.400 milioi euro murrizteko asmoa du: hots, kaleratzeak egingo ditu. Horietatik gehienak bulegoetan izango direla esan du Daimelerreko zuzendaritzak; kudeatzaileen kopurua %10 txikitu nahi du.

Antzemango da hori Gasteizko Mercedesen lantegian? Ez dago erantzun garbirik galdera horrentzat. Oraingoz, Mercedes Benz furgoneten dibisioan kostua 100 milioi euro murriztea aurreikusten da. Eta Gasteizen ekoizpena ondo doa; eskari handi bat iritsiko ote den itxaropenez daude.

Hala ere, azkenaldian, autogintzaren industrian ezin da ezer ziurtzat eman; are gutxiago, Mercedesen jabe Daimlerreko burua entzunda: «Beharrezkoa da gure ahaleginak handitzea, datozen urteetako eraldaketan nagusi izango bagara; kostuak nabarmen murriztu behar ditugu, eta kutxako fluxua sendotu», esan berri du Ola Kaelleniusek, aipamena eginez 2020an Europako Batasunean indarrean ezarriko diren karbono isurien gaineko arau zorrotzei, zeintzuek isun gogorrak dituzten.

Eraldaketa eta geldialdia

«Egin behar dugu», esan du Daimlerreko buruak, «industria eraldaketan dago». VWko finantzaburu Frank Witterrek ere hitz egin du industriak bizi duen geldiuneaz: «Datozen bi urteak gogorrak izango dira, guretzat eta autogintza guztiarentzat». Digitalizazioak industria guztientzat dakartzan aldaketa sakonei, automobilgintzan kasuan beste erronka batzuk ere gehitu zaizkie: Europako Batasunaren isuri eskakizunak eta, batez ere, eskariaren inguruko ziurgabetasun erabatekoa. Errekuntzak autoak ekoizten ari direla, elektrikoak eta hibridoak ekoizten hasi behar dutela badakite, baina batzuek zein besteek izango dute eskaria aurreikusteko zailtasun izugarri handiekin. Eta ekoizleek ez badaukate argi zer egin, erosleek ere ez dute argi zer erosi. Emaitza: geldialdia.

Baina motelaldiaren ondoren, suspertzea espero dute autogintzako handiek, eta prestatzen hasi dira. Alemana izatea zer den: autogintzaren eraldaketarako ahalegina handitu behar duela ikusi du VWk, bere planak aldatu eta 2024ra bitartean guztira 60.000 milioi euroren inbertsioak egingo ditu, besteak beste, auto hibrido eta elektrikoak ekoizteko Eta bitartean, bi urte «gogor» horietan, iraun.

Baina guztiek ez dituzte izango baliabideak iraun ahal izateko, manarik, bizpahiru urteko zeharkaldi hori egin ahal izateko basamortuan barrena. Horregatik dakite Igorreko (Bizkaian) Aralucen eta haren jabe Batz taldean zein garrantzitsua den denbora irabaztea, irautea; epe jakin horretan autogintzak eta haren hornitzaileek atzean utziko dituztelako bai basamortua bai irauterik izan ez duten bidaideak. Batzek Araluce itxi nahi du, eta 141 langileren etorkizuna dago arriskuan. Uda aurretik Bizkaian, Sopelan, beste trokelgintza lantegi bat itxi zen, 80 langileko Troquelmain.

Etorriko dira gehiago? Alemaniara beste jauzi bat eginez, enpresaburuek soilik ez, IG Metall sindikatu boteretsuak ere hitz egin du eraldaketaz. Azterketa batean, sindikatuak ikusi du herrialdeko autogintza alorreko enpresen erdiek baino gehiagok (%54) enplegua murrizteko asmoa dutela. «Eraldaketak bereziki hornitzaileei eragingo die, eta haien existentzia bera jar dezake arriskuan, ez badute nahiko kapitalik, edo eredu komertzial berririk». IG Metallek ekainean milioi erdi pertsona bildu zituen manifestazioan, eraldaketari aurre egiteko «neurriak hartzeko garaia» dela aldarrikatzeko.

Euskal Herrian izugarrizko pisua du autogintzak. Handiak, ertainak, txikiak, basamortua zeharkatzeko gai diren enpresak baditu, baina baita bidean geldi daitezkeenak ere, irauteko laguntzarik ez badute behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.