Andoni Iraola. Rayo Vallecanoko entrenatzailea

«Oraintxe hasi naiz elitean partidak zuzentzen; asko dut ikasteko»

Europako postuen lehian dabil Rayo Vallecano, eta Iraola bera harrituta dago: «Denok harrapatu gaitu ezustean izan dugun denboraldi hasierak». Aparraldiari eusten saiatuko da gaur, etxean, Alaves «aurkari zuzenaren» aurka (14:00, Movistar).

JUAN CARLOS CARDENAS / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Entrenatzaile lanari berehala hartu dio neurria Andoni Iraolak (Usurbil, Gipuzkoa, 1982). Zipren esperientzia mikatza izan ostean, Mirandes Espainiako Kopako finalerdietan sartu zuen, eta arrakastaren arrastoan jarraitzen du Rayon: Lehen Mailara igo zuen lehenik, eta elitean egonkortzen ari da orain. Dena «nahieran» doakio; edonola ere, ez du idealizatzen teknikari ofizioa.

Denboraldia tximista bezala hasi du Rayo Vallecanok; oraintxe seigarrena da sailkapenean, 27 punturekin. Jaitsiera postuei begiratzeari utzi diozu?

Gure helburua zein den oso garbi daukagu: Lehen Mailan iraun nahi dugu. Egia da orain arte gauzak oso ondo joan zaizkigula, baina izan dira beste talde batzuk oso indartsu hasi eta gaizki bukatu dutenak. Asko kostatzen zaigu partidak irabaztea, beste askori bezala, eta lanean jarraitu behar dugu 40-42 puntu lortu arte. Sailkapenari ez diot askorik erreparatzen; dugun puntu kopuruari, egiten ari garen lanari eta izaten ari garen sentipenei ematen diet garrantzia.

Bigarren Mailatik igo berriak zarete, eta ez hori bakarrik: azken unean sartu zineten kanporaketetan, seigarren sailkatu gisa. Horrela igo izan direnek asko sufritu izan dute gero elitean; hortaz, egiten ari zaretena miraritzat jo daiteke?

Denok harrapatu gaitu ezustean izan dugun denboraldi hasierak. Liga hasi aurretik, apustuetan-eta, jaisteko hautagai garbitzat joko gintuzten ziurrenik. Igo berria zarenean, ordea, ilusio berezia daukazu, eta are gehiago jokalari gisa zure lehen denboraldia bada Lehen Mailan. Niretzat ere debuta da gorenean entrenatzaile moduan, eta ilusio horrek oso indartsu egin gaitu. Oraindik ez dugu ezer lortu, baina pozik nago, taldeak oso maila ona eman duelako orain arte.

Ilusioaz gain, zeintzuk dira maila altu horren atzean dauden gakoak?

Etxeko emaitzak aipatu behar dira lehenbizi [zazpi garaipen eta berdinketa bat]. Eta, gero, oso talde langilea eta anbizio handikoa daukagu. Jokalari askorentzat bere bizitzako aukera da hau, eta uste dut hori agerian ari dela gelditzen zelaian.

Anbizioa aipatuta, Radamel Falcaoren gisako izar bat fitxatu izanak zenbateraino hauspotu du taldearen konfiantza?

Falcao fitxatu izanak ilusioa eragin du zaleen artean, baina baita jokalarien artean ere. Akuilua da halako ibilbidea duen jokalari bat taldekide edukitzea. Gainera, haren izaerak asko eman digu talde barruan, eta gauzak asko erraztu dizkigu teknikarioi.

Hortaz, ez duzu lan handirik izan lanean eta taldearen esanetara jartzeko?

Batere ez. Gauzak nahiko normalak izan dira harekin: ez du inongo arazorik jarri, ez pribilegiorik eskatu. Falcao da, badakigu zer egin duen futbolaren munduan, baina jokalari bat gehiago izan nahi du talde barruan. Adibidez, ez dio muzin egiten aurkariak estutzeari. Jokoa oso ondo ulertzen du, eta hori abantaila handia da. Eta, gero, arean oso ona da, partidak erabakitzen ditu. Eta orain arte, jokatu duenean, areatik hurbil kokatzea lortu dugu denon artean.

Batasunean datza Rayoren indarra, eta, alde horretatik, zuentzat funtsezkoa izan da harmailak berriz ere zalez bete ahal izatea.

Talde guztientzat da abantaila, baina guretzat are gehiago. Vallecasen oso giro ona sortzen da, eta taldeak asko eskertzen du. Oso arraroa izan zen aurreko sasoian zalerik gabe jokatzea. Orain, ordea, gauzak ondo doaz, harmailak beteta daude, eta taldearen bolada onak elikatu egiten du zaleen grina. Era berean, lotura horrek puntuak ematen dizkigu.

Zaleak pozarren daude taldearen ibiliarekin; ez, ordea, klubaren egoera instituzional zalapartatsuarekin. Nola daramatzazue taldean bulegoetako arazoak?

Ez dira ez gaurko, ez aurtengo arazoak ere. Klub honetan urte askoan ibili izan dira horrela, eta ni, entrenatzaile moduan, taldearen arreta futbolera eta kirol arlora bideratzen saiatzen naiz. Batzuetan zailagoa da halako baldintzetan lan egitea, baina talde batua baduzu, eta zaleekin harremana ere ona bada, hori guztia nabarmendu egiten da zelaian.

Gaur Vallecasko gotorlekuan jokatuko duzue, Alavesen aurka. Sailkapenean punta banatan zaudeten arren, aurkari zuzenen arteko partida izango da?

Guretzat Alaves aurkari zuzena da, argi eta garbi. Talde ona dute, eta, gaizki hasi arren, orain askoz ere hobeto dabiltza. Guretzat partida lehiatua izango da, eta gauzak oso ongi egin beharko ditugu irabazi nahi badugu. Markagailuan atzetik ez hastea gustatuko litzaidake, abantaila duenean oso talde arriskutsua baita Alaves, defentsiboki oso ondo ixten baita. Lehen gola guk egiteko asmoz zelairatuko gara.

Kopan belarrondoko handia hartu zuen asteartean, Linaresen zelaian. Zer neurritan eragin diezaioke horrek gaurko lehian?

Ez dut uste halako porrotek hainbesteko eraginik dutenik. Hamaikakoa goitik behera aldatuko dute, eta orain ligan jarriko dituzte indar guztiak. Ziur nago maila ona emango dutela gure aurka, partida oso garrantzitsua baita haientzat, guretzat bezalaxe.

Honezkero sakon aztertua izango duzu Alaves. Zer ohar hartu duzu Javi Callejaren taldearen inguruan?

Gauza on bat du batez ere: jokalari onenak toki garrantzitsuenetan dauzka, eta horrek asko ematen dio talde bati. Erasoan, oso ongi ikusten dut Luis Rioja, eta Joselu ikusgarri dabil ate aurrean. Hura motzean lotzen saiatuko gara, baina ez da erraza izango: lehia asko irabazten ditu, eta halako aurrelariak oso ongi moldatu ohi dira Vallecasen jokatzen diren partidetan.

Makal dabiltzanak Athleticen aurrelariak dira. Golak sartu ezinik dabil taldea, eta, ondorioz, emaitza txarrak kateatu ditu azkenaldian. Kezkagarritzat jotzen duzu egoera?

Kanpotik, nahiko ongi ikusten dut. Zailtasunak ditu irabazteko, baina joko ona eta sendoa ari da egiten. Oso gol gutxi sartzen dizkiote, eta nekez galtzen du. Ziur nago gorantz joango dela sailkapenean. Gol faltaren harira, batzuetan boladak izaten dira, baina ez naiz ausartzen arrazoietan sakontzera. Ez da nire taldea, eta ez dut hainbeste aztertzen. Barruan direnek askoz hobeto jakingo dute zer ari den gertatzen.

Otsailean, zeure burua «entrenatzaile ikasletzat» zeneukala esan zenion BERRIAri. Orain ere berdin pentsatzen duzu?

Bai, zalantzarik gabe. Oraintxe hasi naiz elitean partidak zuzentzen; asko dut ikasteko. Orain momentu onak bizitzea dagokit, baina txarrak ere iritsiko dira. Hau hirugarren denboraldia dut Espainiako futbolean, eta, orain arte dena nahieran atera zaidan arren, prest egon behar dut gauzak okertzen direnerako.

Baduzu antzik jokalari zinenean izan zenuen entrenatzaileren batekin?

Ezetz esango nuke. Zaila da norbera beste norbaitekin alderatzea. Hori bai, arrastoa denek utzi didate. Oso entrenatzaile onak izan ditut bai Athleticen, baita Espainiako selekzioan ere. Jokalari moduan, Ernesto Valverderi eskertu behar diot gehien, oso gazterik eman baitzidan aukera, eta Athleticeko ibilbidea harekin bukatu bainuen. Eragin handia izan zuen nigan. Baina entrenatzaile moduan, ez dut uste bereziki norbaiten eragina jaso dudanik.

Jokalariei dena murtxikatuta ematen diezu, ala nahiago duzu askatasuna eman?

Oreka aurkitu behar da. Gauzak garbi izatea eta jokalariei jarraibide argiak ematea gustatzen zait. Jokalari batzuek informazio gehiago behar dute, eta beste batzuek, ez hainbeste. Bakoitzak garbi eduki behar du zer egiteko duen. Jokalariek hori eskatzen digute.

Konplexurik gabe, joko zuzenak dituen abantailak goratu izan dituzu.

Futbola hala ulertzen dut. Aurkariak duen estilora, estutzeko modura eta dituen hutsuneetara egokitu behar duzu. Guri goian presio egitea eta aurkariaren zelaian jokatzea gustatzen zaigu, baina partida guztiak ez dira berdinak, eta ezin duzu beti berdin jokatu. Baloiaren jabetzak ez nau itsutzen: joko bertikala egitea gustatzen zait, eta jokalarien lehen pentsamendua gora begirakoa izatea.

Nola bizi duzu goi mailako entrenatzailearen lana?

Ez da oso lan atsegina: nahiko bakarrik zaude, eta presio handia jasan behar duzu. Baina nik erabaki dut lan hau egitea, eta gustura egiten dut. Gero, ondorioak ez dituzu beti kontrolatzen. Eta alde txarrak ditu alor pertsonalean. Zaila da urte askoan horrela izatea. Inoiz ez dugu deskonektatzen: beti gaude partidak ikusten eta aurkariak aztertzen. Batzuetan, mugak jarri behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.