Uxue Fraile. Mendi korrikalaria

«Dagoen mailarekin, oso zaila izango da lehen hamarren artean sartzea»

Unai Ugartemendia.
2019ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Denboraldi bikaina darama Uxue Frailek (Donostia, 1974). Beste urteetan ez bezala, egin dituen lasterketarik luzeenak Euskal Herrian izan dira: Euskal Herria Mendi Erronka eta Goierriko Bi Handiak. Biak irabazi ditu.

Ekainean eta uztailean oso sasoi onean ibili zinen. Nola iritsi zara abuztura?

Zaila da hori neurtzea ehun miliako proba baten atarian, baina saiatu gara hobetzen urtean zehar. Orain, ikusi egin beharko da.

Espero zenuen denboraldia egiten ari al zara?

Aurreikusitako plangintza betetzen ari gara, baina egokitzapenak egin ditugu une eta sentipenen arabera. Urtean zehar datozen ezusteei buelta eman behar zaie.

Beste urteetan ez bezala, aurten etxeko lasterketetan lehiatu zara, eta atzerrian ez. Zergatik?

Euskal Herria Mendi Erronka azken urteetan jarraitzen ibili ondoren, banuen gogoa lagunekin egiteko. Goierriko Bi Handietan, berriz, iazko lana amaitu nahi nuen. Bestalde, Euskal Herriko lasterketez ere gozatu nahi nuen. Behar dudan susperraldia kontuan hartuta, ez dut beste lasterketarik egiteko aukerarik izan.

Inoizko mailarik handiena izan dezake aurtengo UTMBk?

Agian, bai. Urtetik urtera maila geroz eta handiagoa da. Iaz, esaterako, sei emakume sartu ginen 45 minuturen barruan, 27 orduz azpitik. Azkenean, hamabi emakume izan ginen 28 orduren azpitik. Horri erreparatzen badiogu, itzela da gertatzen ari den aldaketa.

Orain arte, UTMBn lehiatu zaren ekitaldi guztietan igo zara podiumera. Aurten ere hori izango al da helburu nagusia?

Helburua beti irteerara ahalik eta ondoena iristea izaten da; askotan, hori izaten da zailena. Bidea, oso luzea eta gogorra izaten da. Hurrengo helburua helmugara iristea izaten da, eta, noski, denbora hobetzea izaten dugu jomuga. Baina besteen emaitzak ez daude gure esku; gurea hobetzea da izan dezakegun helburua.

Zein izango dituzu garaipenerako aurkari nagusiak?

Garaipenerako izen batzuk badira parte hartzaileen artean, eta baita ustekabea eman dezaketenak ere. Parekotasun handia dago, eta maila ere oso handia da. Izenak ikusita, zaila izango da lehen hamarren artean sartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.