Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Zero, zero

2016ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Ez zait komeni Iñarrituren filmak ikustea. Ez da batere osasungarria nire burmuinarentzat. Amodio-gorrotoaren sentimendua errusiar mendi bateko bertigoaren parekoa egiten zait. Nire sinesmen sistemak, kontraesanak eta dogmak hankaz gora jartzen ditu. Hemen botatako burutazio eta burugabekeria guztiak islatu eta barnean hartzen ditu, taxu handiz.

Iñarrituk beti muturreraino eramaten gaituelako, eta hori benetan eskertzekoa da. Maitatu ditzakedalako zuzendari handizaleak, fazatiak, arranditsuak, ausartak edo tranpatiak. Emaitza ona bada, berdin dit Satanengandik etorri bada ere. Iñarritu bertutetsua ez da nire gogoko pertsona, baina Nolanekin moduan, aurreiritzia gainditzen eta zuzen jokatzen saiatzen naiz.

Eta bidezkoa da esatea The Revenant filma ez dela, nire aburuz, batere handiustea. Ez da autoretzaren wannabe bat. Zuzendariak ondo daki zer eta nola kontatu nahi duen, eta milimetroz milimetro planifikatu duen helburu hori lortzen duela esango nuke. Eta badirudi gehienak liluratu dituela. Ni ez nau batere konbentzitu. Birdman filmari bere zentzua aurkitzeko gauza izan nintzen; oraingoan ez.

Argi dago Iñarrituk zentzumenen esperientzia bisuala sarrarazi nahi digula, ikusleari arnasestua sortu, Cuaron zuzendariak Gravity-n egindakoa errepikatu. Edo Son of Saul filmekoa. Baina gauza bera lortzeko, kokotetik heldu eta —txakurrekin bezala— kaka muturrekin usaintzera derrigortzen gaitu. Erabilitako ikuspuntu subjektibo artifizialak —bizkarreko kamara eta angeluzabalari esker—, ez du oraingoan funtzionatzen, film bateko plano guztietan dagoelako gure ikuspuntua.

Zuzendariak ez dio ezeri uko egin nahi: muturreko naturalismo eta errealismo gordina hor daude, baina horren kontra doa Lubezkiren mirarizko argazkigintza. Metraje amaigabean, ezkaratzeko lauki ikaragarriek protagonistaren sufrimenduarekin enpatizatzeko gaitasuna itotzen dute. Nola da posible hartzaren eszena hiperrealista itzela guztiz sinestezina gertatzea?

Ez bero, ez hotz. Zero emozio, zero zinema. Mesedez, jarraitu arriskatzen Iñarritu jauna, baina Jainkoak birtuositatetik libra zaitzala!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.