Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Seme femeninoa

2019ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Gurutzea eta gurutziltzatua hain ondo datoz elkarrekin, non anatomikoki osagarriak ematen baitute. Lantza ere igartzen da karino osoz sartu zela bihotzera, nahiz eta alde okerretik, odol-hari soil bat jaisten baita eskuin saihetsetan behera. Gurutzea zer material mota den jakitea ez da erraza, hain baitago finki urindatua. Soldadu trakets baten lana ez da hori. Oinetatik beherako zutoin zatia eta burutik gorakoa (berdin eskuetatik alboetarako langa zatiak) neurri doi-doian ageri dira. Ez dago dudarik gurutze ideal baten proportzioak direla.

Besoen posizio naturalak angelu zuzena baino eroriago behar luke, baina alderantziz da, esanez bezala: Iltze gozoetara iritsi behar dugu. Buruak ere eroriago behar luke, baina badirudi kokospean ezkutatzen den iltze batek eusten diola. «Heldu baten burua eta nerabe baten gorputza». Michelangeloren Kristo biluzia. Paparraren lautasun nabariak ahalegin aparteko baten ondorio dirudi, nondik atera behar baita, egilearen gogoan, bular omitituak eta iztai arteko detaile leundua salbu, Jainkoaren seme femenino bat zegoela.

Non dago suplizioa? galdetuko duzu, Beorlegi. Horretarako, ezker-eskuineko lapurrei begiratu behar diezu. Oinazea, itomena, exasperazioa. Figura horiek ez zinateke ausartuko oheburuko horman esekitzen. Kristo bera ere ez, agian, gillotinatua izan balitz.Halako bati muin emango al zenioke? Soka-bilurra lepoan duen hilotz bati begira lokartzeko gai izango al zinateke?

Zergatik ez? esango duzu. Badira euren logelan gurutze bat dutenak. Zurekin tematzea zaila da. Ba, gurutzeak suplizio atsegina izan behar du. Nola esplikatzen da, bestela, hain maiz agertzea bere seinale laztana, «aitaren», futbol-zelaietara irtetean, adibidez? Iruditzen al duzu, kasu berean, gillotinaren keinua hedatzea, ikusleei lepoa moztekoa eginez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.