Osasuna 1 Rayo 0

Bozkario betea Sadar betean

Osasunak luzapenean irabazi dio Rayori, Manu Sanchezen gol bati esker. Sadar eraberrituan edukiera mugarik gabe jokatu den lehen partida izan da

Osasunako jokalariak, Manu Sanchezen gol erabakigarria ospatzen. CLUB ATLETICO OSASUNA.
enaut agirrebengoa
2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Osasuna. Herrera; Vidal, Unai, David Garcia, Manu Sanchez; Torro (Cote, 86. min.), Moncayola (Oier, 81. min.), Brasanac, Torres (Javi Martinez, 68. min.), Ruben Garcia (Chimy Avila, 67. min.); eta Kike Garcia.

Rayo. Dimitrievski; Balliu, Saveljich, Catena, Fran Garcia; Ciss (Oscar Valentin, 72. min.), Comesaña (Unai Lopez, 88. min.), Isi (Bebe, 88. min.), Alvaro Garcia, Trejo (Guardiola, 57. min.) eta Falcao (Nteka, 57. min.).

Golak. 1-0. Manu Sanchezek (91. min.).

Epailea. Melero Lopez. Txartel horiak Osasunako Torrori, Javi Martinezi eta Chimy Avilari; eta Rayoko Balliuri, Trejori eta Falcaori.Bestelakoak. 19.238 ikusle Sadarren .

Bukatu da itxaronaldia. Osasunak denboraldiko lehen garaipena lortu zuen atzo etxean, noiz, eta Sadar zalez bete ahal izan zenlehen norgehiagokan. Gorritxoek bihotz eta arima jardun zuten Rayo Vallecanori irabazteko. Zelaian izan zirenek, zein harmailetan eztarria urratu zutenek. Neurketa handietako giroa arnastu zen, eta jokalariek ez zuten huts egin: garaipen zirraragarria eskaini zieten estadio eraberritua aurrenekoz bete zuten 19.238 zaleei. Manu Sanchezek luzapenean sartu zuen garaitzeko gola. Estasia Sadarren. Bete-beteko zoriona.

Lehiaren aurretik, mututu egin zen estadioa. Minutu bateko isilunea egin zuten pandemiaren ondorioz zendutako zale gorritxoen omenez. Hortik aurrera, etengabea izan zen burrunba. Osasunak ahaleginak eta bi egin zituen Rayo azpiratzeko, eta neurketak 91. minutuan egin zuen eztanda. Fedearen gola izan zen Manu Sanchezek sartu zuena. Bukaerara arte sinistearen saria. Esangura emozional handia du, eta estatistikoa ere bai, goiko postuetan finkatzeko balio baitio Nafarroako taldeari. 14 punturekin iritsiko da nazioarteko partiden geldialdira. Oso egutegi zaila datorkio, baina gero gerokoak.

Atzo, bisitari gogorra izan zuen Osasunak. Igo berria da Rayo, baina ez dirudi. Orain arte lortu dituen 13 puntuak ez dira kasualitatearen ondorio; Andoni Iraolak egindako lan onaren emaitza baizik. Oso talde zorrotza da erasoan, eta atzean ez du batere erraztasunik ematen. Atzo, defentsako bertuteen berri eman zuen batik bat. Horiek horrela, indarrez hustu behar izan zuen Osasunak hiru puntuak patrikaratzeko. Nahiz eta gogotik ahalegindu,asko kosta zitzaion aukera garbiak sortzea. Lehen zatian, Kike Garciak eta Lucas Torrok izan zituzten garbienak, baina Dimitrievskik ezerezean utzi zituen. Erabateko segurtasuna igorri zuen Rayoko atezainak. Eskuetan imana zuela zirudien. Gorritxoen erdiraketa gehienek haren eskuetan bukatu zuten, aldaratzerik gabe.

Gorritxoak gehiago ziren anbizio aldetik, baina ez zegoen golen arrastorik ere. Gauzak aldatu egin ziren atsedenetik bueltan, Osasunak beste martxa bat sartu zuenean. Setiatu egin zuen Iraolaren taldea, ohiko presio aurreratu eta itogarria eginez. Gertu izan zuen gola 52. minutuan, baina Torrok boleaz egindako jaurtiketa atzelari batek eten zuen. Aldaketak egiten hasi zen berehala Iraola, eta tekla egokia sakatu zuen entrenatzaile usurbildarrak: beste aurrelari bat sartu, eta zuzenago jokatzeari ekin zion. Hala irten ziren kanpokoak kaiolatik, eta nafarrek ezin izan zituzten berriro giltzapetu.

Arrasatek aldaketa erasokorrak eginez erantzun zuen. Osasuna ere bi aurrelarirekin hasi zen jokatzen, Chimy Avila zelairatuta. Emaitza ez zen esperotakoa izan: Rayok tinko iraun zuen defentsan, eta kontraerasoetan min egin zien gorritxoei, haiek atzean utzi zituzten hutsuneak baliatuz. Sufritu egin zuten atzera korri egiterakoan. Edonola ere, Rayok ez zuen abagune garbirik eduki.

Neurketak berdinduta amaitu behar zuela zirudien. Markagailuan bi zero ageri ziren, baina emaitza ez zen batere biribila. Horren jakitun zeuden Arrasaterenak, eta azkenera arte jarraitu zuten ekinean, mukuru betetako harmailen bultzadarekin. Festa luzapenean lehertu zen: Cotek, bost minutu lehenago zelairatu zenak, erdiraketa zehatza egin zuen arearen bihotzera, eta Manu Sanchezek buruz sareratu zuen baloia, eta zaleen bihotzak taupada bizian jarri. Estadio betean, zakua puntuz bete zuen Osasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.