Oier Ariznabarreta. Mendi korrikalaria

«Zegaman aurrean ibiliko naizela uste dut, lehen zatian batez ere»

LARRAITZ BEREZIBAR.
Unai Ugartemendia.
Otañes
2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Haren izena denen ahotan zegoen astean zehar, eta ez zuen hutsik egin. Orain arte jokatutako lasterketa guztiak irabazita joan zen Ariznabarreta (Durango, Bizkaia, 1983) Kantabria aldera. Espainiako txapeldun izateaz gain, Espainiako Kopa irabazteko hautagai nagusia da, bi proba jokatu eta gero. Hala ere, bidean beste amets bat du: Zegama-Aizkorri.

Nolako lasterketa izan da Otañeskoa?

Banekien oso lasterketa gogorra izango zela, batik bat aurreko astean Kanpezu-Ioar lasterketan parte hartu nuelako. Astean zehar nekatuta ibili naiz, baina gaur oso sentsazio onak izan ditut beroketa egiten hasi naizenean. Argi neukan hasieratik dena ematera aterako nintzela. Gero erritmoari eutsi nahi nion lasterketa guztian.

Esan eta egin.

Pentsatu bezala, Zaid Ait Malek atzean jarri zait lehen metrotik. Lehen igoeran, bi minutuko abantaila lortu dut, baina jaitsieratan baldar xamar ibili naiz, eta aldea azkar murriztu didate. Horrela ibili naiz lasterketa guztian: igoeratan indartsu, baina jaitsieratan lekuz kanpo.

Oso erregularra izan zara.

Txakalaldi txiki bat izan dut hamabosgarren kilometroan, baina azkar indarberritu naiz. Inoiz ez dut jaten, ezta edaten ere, baina gaur bai, eta ondo sentitu naiz berriro ere. Azken jaitsieran, karranpekin hasi naiz, baina abantaila kudeatu dut. Dena pentsatu bezala irten zait.

Orain hilabete, jada aurreratu zenuen helburuetako bat Espainiako Txapelketa izango zela. Begiz jota zenuen Otañesko lasterketa.

Bai. Sevillako [Andaluzia, Espainia] maratoirako prestatzen hasi nintzen, eta orduan ez nuen helburu argirik. Hala ere, ikusten nuen nahiko erraz nenbilela errepidean, eta mendian korrika egitera animatu nintzen. Urtero ateratzen naiz Saran eta Beran, eta aurten Kanpezukoa ere egin nahi nuen. Argi neukan gaizki ateratzen zen lehen lasterketan denboraldia amaituko nuela, baina egindako lasterketa guztiak irabazi ditut, eta orain arazo bat daukat [barrezka]. Orain, Zegama-Aizkorrira joan beharra daukat dena ematera.

Espainiako Kopan jokatu dituzun bi probak irabazi dituzu. Hurrengo helburua Kopako txapeldun izatea izango al da?

Bai. Kanpezukoa eta gero, esan nuen hura bakarrik lehiatuko nuela, ez nekielako Otañeskoa ere Espainiako Koparako puntuagarria zela. Orain, agian, Granadara eta Zumaiara joan beharko dut.

Zegaman ere izango zarela aurreratu duzu. Gogotsu al zaude?

Bai, urte batzuk badira ez naizela ateratzen, eta gogo handia dut. Badakit luze egingo zaidala, baina lehen metrotik dena ematera aterako naiz, gorputzak eusten dion arte. Urte askotan ondo prestatu gabe joan izan naiz Zegamara, baina aurtengoa beste gauza bat izango da.

Bereziki prestatzen ari zara?

Ikaragarri entrenatzen ari naiz. Aspaldi da egun bat ere ez dudala barkatu, eta ia egunero hamabost edo hogei kilometro inguru entrenatzen ditut. Aurrean ibiliko naizela uste dut, batez ere lehen zatian. Lasterketaren erdialdetik aurrera ez dakit zer gertatuko den, baina zerbait handia egin nahi nuke.

Oso indartsu zaudela erakutsi duzu azken hilabetean. Inoizko sasoirik onenean al zaude?

Nik uste dut baietz. Agian ez naiz oso azkarra, baina gai naiz bai mendian kilometro asko egiteko erritmo bizian. Orain, lasterketa luzeetan askoz ere erosoago sentitzen naiz, eta uste dut Zegaman ere oso ondo ibiliko naizela.

Zerekin konformatuko zinateke Zegaman?

Ez dut denbora jakin batekin amesten, baina aurrean ibiltzea eta dena ematea gustatuko litzaidake. Denbora baino gehiago gustatzen zait postu ona lortzea. Lehen hamarretan sartzea izugarria izango litzateke. Hori izango da helburu nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.