Mintxo Astiz. Antolatzailea

«Gaur-gaurkoz, oso eguraldi ona dago iragarrita astebururako»

Unai Ugartemendia.
2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Bandres-Karolo lasterketaren antolatzaileetako bat da Mintxo Astiz (Iruñea, 1968). Euskal Herriko mendiko eskiko eskiatzaileentzat erreferentzia dira Bandresen eta Karoloren oroimenezkoa, bertako antolaketa eta asteburuko giroa. Aurten inoiz baino gogotsuago daudela azaldu du Astizek.

Nola antolatu duzue asteburua?

Bi txapelketak jokatuko dira. Hasiera batean, gustatuko litzaiguke larunbatean bakarkakoa jokatzea eta igandean kronoigoera, baina gerta daiteke alderantziz egin behar izatea. Horrelako probetan eguraldiak agintzen du, eta eguraldiaren baldintzen arabera jokatu eta erabaki beharko dugu.

Oso denbora gutxian agortu zenituzten dortsalak. Espero al zenuten?

Guretzat ere sorpresa handia izan da. Kontuan hartu behar da hamahiru egunean agortu zirela dortsalak, eta badela jendea kanpoan gelditu dena. Harrituta gaude denok, baina oso pozgarria da. Orain, guri tokatzen zaigu erantzutea.

Badirudi, iragarpenen arabera, zortea izango duzuela eguraldiarekin.

Bai, gaur-gaurkoz, oso eguraldi ona dago iragarrita. Elurra badago, elurtuta daude Lakora, Lakartxela eta Txamantxoia. Azken astean botatako elurra pilatuta gelditu da mendietan, eta horrek, hasiera batean, proba jokatuko dela bermatzen digu.

Zer espero duzue?

Iaz bezala, eskiatzaile guztiek gozatzea eta ahalik eta ondoen pasatzea.

Asteburu osoa antolatu duzue, ez lasterketak bakarrik.

Bai, hala da. Guretzat lasterketak ere badu bere garrantzia, baina guri jai giroa izatea gustatuko litzaiguke. Bi egunetako mendi eskiko festa bat izatea gustatuko litzaiguke, eta horretarako egitarau osoa prestatu dugu. Denetarik izango dugu: ikus-entzunezko bat, Bandres-Karolo saria, bertso poteoa, bazkaria...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.