Sufrimendua, ilusioaren atzetik

Bihar jokatuko da Konako ironman entzutetsua, Hawaiin (AEB), eta zenbait euskal herritarrek parte hartuko dute. Eneko Llanos triatloilari gasteiztarrak lasterketaren ingurukoak azaldu ditu.
Hawaiiko ironmaneko parte hartzaileak, ahalegin betean, igeriketako saioan.
Hawaiiko ironmaneko parte hartzaileak, ahalegin betean, igeriketako saioan. BERRIA

Jon Ander de la Hoz -

2018ko urriak 12
Hitz batek laburbiltzen du triatloian ari denaren ametsik handiena: Kona. Kirol horretan ari diren gehienek sekula ez dute han aritzeko aukerarik izango, baina, norbait azkar eta ondo entrenatzen ari denean, emaitza on bat lortu duenean edo taldekideekin erdi-txantxetan aritzeko gogoz dagoenean, hitz horixe izan ohi du ahotan. Alabaina, Hawaiiko (AEB) irla horretan ironman probako munduko txapelketa jokatuko dutenek ez dute trufarako asmorik izango, lan eskerga izango baitute aurrean. Parte hartzaileek 3,8 kilometro egin beharko dituzte igerian, 180 bizikletan eta 42, 195 korrika, maratoia. Horretarako sailkatu direnek bihar izango dute zita, Euskal Herrian arratsaldeko 18:35 direnean.

Azken urteetan ohikoa bilakatu den moduan, euskal herritarrak ere ariko dira aurtengo ekitaldian. Gurutze Frades, Axel Beci eta Julen Diez dira horietako hiru. Frades da horien artean ondoen kokaturikoa; onenen artean ariko da, PRO mailan. Hirugarren aldia izango du Hawaiin, eta aurten koska bat gorago ikusi nahi du bere burua, iaz 22. egin eta gero. Lehen hamarren artean sailkatzeko borrokan egotea du xede, eta ez luke hortik urrun ibili behar baldin eta orain arteko mailari eusten badio. Aldiz, Diezek lehendabiziko aldia izango du triatloi entzutetsuenean. 24 urte ditu ditu galdakoztarrak.

Eneko Llanos, berriz, bihar ez da egongo hain ondo ezagutzen duen irteera marran. Gasteiztarra hamabi aldiz aritu da jarraian Hawaiin, baina aurtengo ekitaldirako ez da sailkatu. 2006an egin zuen debuta Konan; 11 hilabete lehenago eskuratu zuen aukera, Melbourneko ironmanean bigarren eginda, eta ordutik euskal triatloiaren historia idazten dihardu. 2008ko bigarren postua da Hawaiiko ironmanean eskuratu duen posturik onena.

Llanosek ederki ezagutzen ditu probaren nondik norakoak: «Distantzia hauek beti dira gogorrak, baina Konakoa pixka bat gogorragoa da. Batez ere, dauden baldintzengatik, eta, gero, dagoen mailarengatik». Llanosen arabera, ez da ahaztu behar «munduko triatleta onenak sasoirik onenean» egon ohi direla txapelketa horretan: «Jende guztiak irabazi nahi duen proba bat da, eta lasterketako erritmoa oso handia izaten da. Horri hango hezetasuna eta beroa gehituta, Hawaiiko ironmanak gogortasun berezia izatea dakar».

Ez hori bakarrik; ibilbideak ere sekretu asko gordetzen ditu. Triatloilari gasteiztarrak azaldu duenez, igeriketako baldintzak onak izan ohi dira normalean: «Batzuetan itsaso pixka bat egon ohi da, eta hondoko ur-laster bat ere egon daiteke, baina, normalean, goizeko ordu horietan itsasoa nahiko bare egoten da».

Bizikletan, berriz, «zirkuitu azkarra» duela uste du Llanosek, baina ohartarazi du hura ez dela erabat laua: «Konako irudiak ikusita, jendeak uste du errepide luze eta lauak direla, baina desnibela dago, 1.000 metrotik gora igotzen dira guztira, nahiz eta aldapek ez duten portzentaje handirik». Haizearen indarra ere azpimarratzekoa dela zehaztu du Llanosek, «batez ere ibilbidearen azkenengo zatian». Maratoiak ere baditu zailtasunak, gasteiztarraren esanetan: «16. eta 28. kilometroetan bi aldapa daude. Ibilbidearen beste zatietan abiadura polita hartu daiteke, baina ibilbidea ez da erabat laua».

Ordu luzez lehiatzen dira ironmanetan, eta prestakuntza handia eskatzen du probak. Alabaina, Konakoa berezia da beste zenbait arlotan ere: «Ikusmin handia pizten du. Beste probetan ez dauden hedabideak daude, triatloietatik kanpora dabiltzanak ere erakarriak sentitzen dira, eta ikusmin hori berezia da».

Lasterketako sentipenei dagokienez, Llanosek dio hamabi aldietan «denetarik» bizi izan duela AEBetan. Erretiratu egin behar izan du hirutan: «Zalantzarik gabe, horiek dira izan ditzakezun sentsaziorik txarrenak». Dena den, azpimarratu du nahiago duela oroitzapen onak hartzea gogoan: «Ondo zoazenean, ikaragarria da. Dagoen mailarekin zure lasterketa egitea lortzea, errendimendu onarekin... Helmuga pozik zeharkatzerakoan sentitzen denak justifikatzen du aurretik sufritzen den guztia».

Aurtengoa, berezia

Bihar jokatuko den proba urteko bereziena izan arren, aurten badu beste pizgarri bat ere; Hawaiiko ironmanaren 40. aldia izango da. Hori ospatzeko, antolakuntzak zenbait neurri hartu ditu. Esaterako, edizio adina lagun gonbidatzeko zozketa egin dute. 1978an jokatu zen lehendabiziko aldiz distantzia luzeko txapelketa hau. AEBetako armadan aritzen zen John Collins militarra izan zen haren bultzatzaile nagusia. Collinsek jakin nahi zuen zeintzuk ziren kirolari onenak: igerilariak, txirrindulariak edo korrikalariak. Zalantza hura ebazteko onena hiru probak jarraian egitea zela erabaki zuen, eta irabazlea ironmana izango zela, burdinazko gizona, alegia. Orduko hartan, Gordon Haller estatubatuarra izan zen onena, 11 ordu, 46 minutu eta 58 segundoko denbora eginda. Aise jaitsiko dute bihar marka hori; 8 ordu, minutu bat eta 40 segundoan dago egungo errekorra. Patrick Lange alemaniarrak ezarri zuen, iaz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna