Albistea entzun

Jagoba Arrasate. Osasunako entrenatzailea

«Oso gogorra da hiru hilabetez ezin irabaztea, eta zauria hor dago oraindik»

Enbata latza gainditu ostean, Osasunaren lemari tinko eusten dio Arrasatek. «Oso pozik» bizi da Iruñean, baina ez du planik egin nahi luzera begira. «Momentua bizi behar da, batez ere orain». Reala babestuko du apirilaren 3ko Kopako finalean.
JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Eñaut Agirrebengoa -

2021eko martxoak 28

Osasunak lehen itzulian bizitako krisialdia «master moduko bat» izan da Jagoba Arrasaterentzat (Berriatua, Bizkaia, 1978). «Oso eskertua» zaio klubak eta zaleek emaniko babesari: «Desberdina dela erakutsi du Osasunak». Jokalarien fedeari ere eutsi dio: «Elkarri begietara begiratu eta zintzoki hitz egitea da gakoa». Taldeak galdutako «txinparta» berreskuratu nahian dabil orain teknikari gorritxoa.

Ligako jardunaldirik ez dago asteburu honetan. Jokalariek atseden apur bat har dezakete. Entrenatzaileek, ordea, buruari eragiten jarraitu behar duzue.

Alde batetik, ez duzu lehiaketako presioa, eta hori oso ongi dator, denok lasaiago gaudelako. Baina, era berean, normalean baino lan gehiago egiteko baliatzen ditugu halako geldialdiak. Gauza gehiago aztertzen duzu, indibidualki eta taldeari dagokionez. Ohiko estresetik kanpo egiten den lana da, eta gustura hartzen da.

Hamar partida gelditzen dira oraindik, eta 30 puntu dituzue jada. Helmuga oso gertu dago?

Ez dugu kalkulurik egiten. Hori bai, 30 puntura iritsita, badakigu edozein garaipenek asko hurbiltzen gaituela helburura. Halere, irabaztea ez da batere erraza, eta are gutxiago azken txanpan. Pentsa, iragan bi jardunaldietan, azkeneko hamar taldeetatik soilik Valentziak irabazi du lehia bat. Kosta egiten zaigu denoi, eta beldurra ere badago. Balioa eman behar zaio puntu bakoitzari.

Hain justu, puntuak aleka bildu dituzue azken bi partidetan, Valladolid eta Huescaren aurka. Ez duzue bi aukera on galdu izanaren sentipena?

Guretzat ez dira galdutako aukerak, bi aurkari zuzenen kontra bi puntu lortu ditugulako, eta abantailari eutsi egin diogulako. Uste dut ontzat eman behar direla. Baina egia da ez direla partida onak izan. Defentsan nahiko ondo jokatu dugun arren, erasoan ez gara ondo aritu. Aukera gehiago sortu nahi ditugu, eta eraginkorragoak izan.

Gol bakarra sartu duzue azken bost neurketetan. Zein da idortearen sorburua?

Baloiarekin fintasuna falta zaigu azken metroetan. Eta trantsizioetan asmatzea ere asko kostatzen zaigu. Txinparta berreskuratzen saiatu behar dugu, eta gure lantaldea konponbidearen bila dabil. Erasoan taldeak argudio gehiago izatea eta gora jokalari gehiagorekin iristea da oraintxe dugun ardura nagusia. Lehen hori bagenuen, baina orain galdu egin dugu apur bat.

Nekea nabaritzen hasiak zarete?

Arrazoietako bat izan daiteke, baina uste dut kontu orokorrago bat dela. Pandemia garai honetan, dena ari da izaten desberdina: ez zen denboraldi-aurrerik egon, lesio ugari izan ditugu, orain jokalari batzuek bakartuta egon behar izan dute… Gainera, hamahiru partida eman genituen irabazi gabe, eta zauria, sendatzen ari den arren, hor dago oraindik. Ez dugu lehen genuen bizitasun bera, eta oso garrantzitsua litzateke azken partidetarako berreskuratzea.

Oso arrotza zaizu futbol berria?

Oso futbol ezberdina da. Egunerokotasuna beste modu batera bizi dugu orain. Batzuentzako aitzakiak izango dira, baina sekulako eragina dauka. Entrenamenduen ostean dutxatu gabe itzultzen gara etxera, eta aldagela bakoitzean bi edo hiru jokalari sar daitezke bakarrik. Ohiko giroa galdu egiten da horrela. Zaleen falta ere ez da edonolakoa. Badakigu guri zer-nolako adrenalina ematen diguten. Galdu egin da lehengo zirrara.

Bolada txarrak eragindako zauria aipatu duzu lehen. Oso mingarria izan da?

Jendeak ez du imajinatzen zeinen gogorra den hiru hilabetez irabazi gabe egotea, eta horrek zer arrasto uzten duen eguneroko jardunean eta talde barruan. Galdu egiten duzu konfiantza, eta sentikorragoa zara edozein erabaki edo iruzkinen aurrean. Familia bat gara, eta eskerrak horri. Gauzarik baliotsuena hori da: taldea ez dela erori, motiboak izan dituen arren. Egoerak are gehiago elkartzeko eta ikasteko balio izan digu. Zauria ixten ari da orain, baina zaindu egin behar dugu.

Halako krisiak nola bizi dituzu entrenatzaile moduan? Gai zara etxera iritsi eta deskonektatzeko?

Ez, eguneko 24 orduetan naiz entrenatzaile. Oso momentu gogorrak dira, sufritu egiten duzu partidetan, eta hori guztia etxera eramaten duzu. Etxekoek ere sufritu egiten dute, badakitelako nik gaizki pasatzen dudala. Gauzak erlatibizatzen jakin behar da, baina ez da erraza. Halakoetan ikusten da mentalitatea zeinen garrantzitsua den. Master moduko bat izan da alde horretatik.

Klubak zugan sinesten jarraitu zuen gauzak okerren zeudenean. Aurrerantzean ere «kapitaina» zu izango zinela aldarrikatu zuen Braulio Vazquez kirol zuzendariak, «kaira iritsi ala ez». Ezohikoa da entrenatzaile batek halako babesa izatea.

Hiru hilabetez irabazi gabe bazaude, normalena kalean bukatzea da. Desberdina dela erakutsi du Osasunak, eta ez hitzez bakarrik, ekintzen bidez ere bai. Garai hartan oso garrantzitsua izan zen babes hori jasotzea, eta indar handia eman zigun. Zaleen berotasuna ere heldu zitzaigun; oso eskertuta gaude.

Jokalariek ere zuregan fedea izaten jarraitu dute. Nola lortzen da halako konplizitatea?

Lehenik eta behin, pertsonak izanda. Halako egoeretan, rolak ez dira askorik azpimarratu behar; hau da, inor ez da inoren gainetik egon behar. Elkarri begietara begiratu eta zintzoki hitz egitea da gakoa. Alde horretatik, jokalariak eta talde teknikoa beti izan gara jende naturala eta normala, eta, hori horrela denean, askoz ere errazago lortzen da konplizitatea.

Granadaren kontra apurtu zenuten bolada, 3-1 irabazita. Arindu handia hartu zenuten; korrikaldia egin zuen hirugarren gola ospatzeko.

Terapiarik onena garaipenak dira. Partida berezia izan zen, gauza asko izan genituelako kontra. Zama handia kendu genuen gainetik, eta urtarril erditik aurrera taldeak bestelako jarrera hartu zuen partiden aurrean.

Chimyk sasoi hasieratik jokatu ahal izan balu, zenbat puntu gehiago izango zenituzkete orain?

Kar-kar. Ez dakit. Garbi dago jokalari erabakigarria izan dela ongi egon denean, eta, zorionez, jokatzeko moduan da berriro. Lehen minutuetan aritu zen ostegunean [Eibarren kontrako lagunartekoan], eta ea azken hamar partidetan laguntzen gaituen. Ondo badago, badakigu asko emango digula.

Urtebete baino gehiago darama partida ofizial bakar bat ere jokatu gabe. Prozesua nola bizi izan du?

Oso indartsua da mentalki. Zailtasun asko izan du bizitzan, eta harentzat, belaunak apurtzea bidean harri bat gehiago topatzea bezala izan da. Eredu bat izan da denontzat, animo handiz bizi izan duelako prozesua, eta lan pila-pila bat egin duelako. Beste jokalari batzuk ere igaro dira halako egoera batetik: Kike Barja, Unai Garcia… Haien aholkuak baliagarriak izan zaizkio Chimyri. Ordu asko igarotzen ditugu elkarrekin, eta, familia bat garenez, halako egoerak jasangarriagoak dira.

Harekin pazientzia izan behar dela esan izan duzu. Zer eskatuko diozu geratzen diren partidetan?

Bere bertsiorik onenera iristea da gure asmoa. Nola lortzen da hori? Egunero kalitatezko lana eginez, eta partidetan denbora jokatuz. Hori bai, ez zait bidezkoa iruditzen erantzukizuna haren bizkarrean jartzea, hainbeste denbora jokatu gabe egon eta gero. Horrek ez du esan nahi Chimyren bertsiorik onena bilatuko ez dugunik. Bera da puntu horretara iritsi nahi duen lehena.

Hirugarren denboraldia duzu Osasunan. Zure burua luzaroan ikusten duzu bertan?

Entrenatzaileok ezin dugu halakorik baieztatu. Esan dezakedana da oso pozik bizi naizela Iruñean, eta oso gustura lan egiten dudala Osasunan. Beste urte baterako kontratua daukat, eta beteko dut, dena ondo badoa. Hemen urte askoan banago, ona izango da Osasunarentzat eta niretzat. Baina futbolak, eta are gehiago orain, erakusten digu ezin dela planik egin epe luzera begira. Momentua bizi behar da.

Oraintxe bertan, zuloan sartuta daude Alaves eta Eibar. Zer aholku emango zenieke Abelardori eta Mendilibarri?

Nik baino esperientzia handiagoa dute, eta ez dakit haiei aholkuak emateko moduan nagoen. Euskal herritar bezala, eta bereziki Mendilibarrekin dudan harremanarengatik, gustatuko litzaidake dauden tokitik ateratzea. Futbola oso aldakorra da, eta gu putzutik atera garen bezala, haiek ere irten daitezke. Garbi dut bai Alavesek eta bai Eibarrek azkenera arte dena emango dutela.

Eta nola ikusten duzu Realaren eta Athleticen arteko Kopako finala?

Pena itzela da zalerik gabe jokatu behar izatea. Nik, dakizuen bezala, Reala babestuko dut final honetan. Hurrengoan animatuko dut Athletic, kar-kar. Partidari dagokionez, zaila da gertatuko dena aurreikustea. Oso indartsuak dira, bakoitza bere estiloarekin. Imanol ezagututa, ziur naiz Realak azkar emango diola buelta Bartzelonaren aurkako porrotari. Finala zerbait ezberdina da, eta Realak urte asko darama titulurik lortu gabe. Athleticen kasuan, sekulakoa da bi finaletara iristea, baina oraintxe, ziur ez dagoela bigarrenean pentsatzen; arreta osoa lehen finalean izango du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Euskal Selekzioa ofizialtasunaren aldeko aldarria egiten, gaur, Zubietan. ©Foku

Euskal Selekzioak irabazi du Argentinaren eta Venezuelaren aurkako torneoa

Berria

Selekzioak 1-0 irabazi dio Argentinari, eta hutsean berdindu egin du Venezuelaren aurka, Zubietan.

<b>Bi garaile.</b> Roglic Itzuliko garaipena ospatzen, eta Gaudu etapakoa, atzo, Arrateko gainean. ©JAIZKI FONTANEDA

Azkarrena, hankaz eta buruz

Eñaut Agirrebengoa

Roglicek irabazi du Itzulia, Arratera bidean lasterketa iraulita. Behar zuen lekuan egon da une oro, Pogacar eta McNulty ez bezala. Indar erakustaldia egin du bukaeran, eta irabazten utzi dio Gauduri

Pacheco Sanceten jaurtiketa urruntzen, atzo San Mamesen. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Joko eskasa Pachecoren derbian

Haritz Gallastegi

Babazorroen atezainaren geldiketek eman diote Alavesi Callejaren aroko lehen puntua. Athleticen, sarri jokatzen ez duten jokalariek ez dute aukera baliatu

Kike Garcia, Sergi Enrich eta Aleix Garcia, etsiak jota, atzoko partidan, Ipuruan. ©JON URBE / FOKU

Puntu premia gorria

Jon Ander De la Hoz

Eibarrek galdu egin du Levanteren kontra, eta azkena da Lehen Mailako sailkapenean. Hamahiru partida daramatza irabazi ezinda

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna