Sevilla 0-1 Eibar

Garaipen prestigioduna

Lehen aldiz irabazi du Eibarrek Sevillaren aurka Sanchez Pizjuanen, eta emaitzen bolada onari eutsi dio. Kike Garciak sartu du gola

Lucas Ocampos Sevillakoa eta Takashi Inui Eibarrekoa, lehian, atzoko partidan. MANUEL VIDAL / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Kike Garciak (41. min)Epailea. Hernandez Hernandez. Txartel horiak Eibarreko Kevini, Expositori, Pedro Leoni eta Jose Luis Mendilibar entrenatzaileari.

Lanak bere fruituak ematen ditu, eta Eibarrek hori ondo baino hobeto daki. Hiru puntu garrantzitsurekin bueltatu zen etxera atzo, talde lan erakusgarri bati esker.0 eta 1 menderatu zuen Sevilla, haren zelaian. Espainiako taldea jokalari bikainez osatuta dago, baina atzo ezin izan zuen Gipuzkoako taldearen harresia behera bota. Ez da ligako talderik onena, baina Jose Luis Mendilibarren taldeak beti ematen du aurpegia aurkari handien kontra.

Itxura txukuna emanez zelairatu zen Eibar. Lehen minutuetan Mendilibarren jokalariek argi utzi zuten euren ideiak zeintzuk ziren. Defentsa lerroa zelai erdian kokatu zuen Gipuzkoako taldeak, Sevillari baloia atzetik ateratzea eragotziz. Julen Lopetegiren taldeak arazoak izan zituen baloia jokatuta ateratzeko, eta partidaren lehen ordu laurdenean apenas zapaldu zuen eibartarren zelaia.Deseroso ikusi zitzaion etxeko taldeari.

Partida oso parekatuta egon zen lehen 45 minutuetan. Markagailuan aurreratzeko oso aukera gutxi izan zituzten bi taldeek. Erdiraketen bidez saiatu ziren min egiten etxeko taldea zein kanpokoa. Anaitz Arbillak eta Oliver Torresek area kanpotik botatako bi jaurtiketetan izan ezik, atezainek ez zuten aparteko lanik izan atea hutsean mantentzen.

Baina lehen zatia amaitzear zela iritsi zen Eibarren gola, 41. minutuan, talde jokaldi eder batean. Pase konbinazio bikain baten ostean, Pape Diopek Sevillaren defentsan hutsunea aurkitu, eta bertan jarri zion baloia Kike Garciari. Eibartarren aurrelariak ondo baino hobeto kontrolatu zuen baloia, eta Tomas Vaclik atezainaren aurrean ez zuen hutsik egin.

Sevillak gogotsu ekin zion bigarren zatiari. Zelaian Lucas Ocamposen agerpenarekin batera, beste martxa bat sartu zion etxeko taldeak partidari. Bigarren zatiko lehen hamar minutuetan, lehen zatian baino gol aukera gehiago izan zituzten Lopetegirenak. Abaguneak, baina, ez zituzten baliatu, bisitarien zorionerako.

Partidaren azken txanpan, aulkian zituen aurrelari guztiak zelairatu zituen Lopetegik. Aurrera egin zuen Sevillak, eta azkeneko segundora arte izan zuen partida berdintzeko aukera. Erruz egin behar izan zuen lan Eibarrek abantailari eusteko. Elkartasun eta lan erakustaldia eman zuten beste behin ere Mendilibarren jokalariek partida amaierara arte. Hiru partida daramatza Eibarrek galdu gabe, eta dagoeneko zortzi puntu eskuratu ditu lehen seijardunaldietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.