Baionako bestak

Baiona berritasunek hartua

Segurtasun neurri handiak izango dira aurten ere Baionako bestetan. Iaz bezala, aurten ere sarrera ordaindu beharko da, baina feriak ordaintzeko eremutik kanpo egongo dira. Gaur hasiko dira bestak

Azken orduko lanetan ibili ziren atzo Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
2019ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Dena prest da Baionako bestei hasiera emateko, ostatuak, elkarteak... prestaketa lanetan aritu dira egun hauetan. Egun hasiko dira bestak. Irekiera ofiziala arrats honetan 22:00etan izanen da, usaian bezala, Herriko Etxeko balkoitik. Abiatze alternatiboa, berriz, Xinako balkoitik eginen dute 20:00etan.

Iaz abiatutakoa aurten ere errepikatuko dute: sartzea kobratzearena. Izan ere, «denok oroitzen dugu Nizako atentatua. Bestak arrazionalizatzea ekarri digu, eta %5-10eko sarrera galtzea pairatu badugu ere, seguritatearen gastuak estaltzea kausitu dugu», azaldu du Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapezak. Besten aitzinkontuaren heren bat seguritateari doakio. «Ibilgailu hiltzaileen kontrako hesi metalikoberriak ezarri berri ditugu, zeintzuek 18 tonako kamioi astuna geldiarazteko gaitasuna baitute, inolako ziliportarik gabe», argitu du Christian Millet-Barbe herriko etxekosegurtasun-axuantak. Gisa berean, miaketak ugarituko dituzte eta polizia agente kopurua apalduko badute ere, «eraginkortasun handiagoz» jokatuko dute. Eraso sexistei dagokionez, unibertsitate parean, Maina informazio puntuak ez du begirik hetsiko bestek irauten duteno.

Hala, baionarrentzat nahiz 16 urtez azpikoentzat kitorik bada ere, gainerakoek zortzi euro ordaindu beharko dituzte egun guziez, ortzirale arratsetik aitzina; trukean, eskumutur berdea jasoko du ordaintzen duen orok. Feriaren sarbidea urririk izanen da, egun guziez 19:00 arte. Preseski, Baionako feriak ez dira usaiako De Gaulle plazan izanen, baizik eta Boufflers parkinean, San Izpiritu zubian eta Reduit plazan; «Trambusaren obrek behartu gaituzte aldaketa egitera», xehatu du Filipe Mahou herriko etxeko gertakari eta animazioen zerbitzuko zuzendariak.

Horiek erranik, ordainduzko sartzeari «esker», aurtengo besten egitarau ofiziala «eskalaz igaiten» da, Mahouren arabera. Izan ere, bere aitzinkontua %10ez igan dute. Hartara, izen entzutetsuak oroitarazi ditu: Puerto Candelaria, Manau eta larunbatean joko duen Amparanoia. Bai eta ere, hamar bat soinu banden emendioa, nahiz Errepublika plazako jazz kontzertuak.

Berritasunetan, Euskoa euskal monetaren hedadura da: Baionako bestak Euskoz hobe ekimena abiatu baitute. 20 eta 50 euroko balioa duten gutun azalak eskuragarri ezarriko dituzte turismo bulegoan, bai eta Patxa plazan ere, 57 tokietan erabiltzen ahalko direnak.

Bisaia berriak

Baionako karrikek buru berriak ikusiko dituzte, hiriko figura enblematikoen lau buruhandi: Didier Deschamps iazko Munduko futbol txapelduna, Jean Codega harakina, Mixu Padrones eskuizkribu argi-emailea eta Josette Erramun merkatuko ostatuko nagusi zaharra. Hori kontent mintzatu da: «Bitxi egiten zait! Etxean beti aditua dut uros bizitzeko gorderik bizi behar dela! Eta ni orain karriketan ibiliko naiz! Eta bai, Baionako ostalari zaharrenetan naiz: baditut 55 besta eginik!».

Hari beretik, Paul Bert plazak herri kirolei eginen die lehen aldikoz batzarri; igandean, 15:30ean,Iruñeko eta Baionako taldeak desafioan ezarriz, biak senidetuak baitira. «Euskal Herkula asmatu dugu, Herkulek bezala zortzi froga gainditu beharko baitituzte bi taldeek: txingak, gurdia, aizkolariak, Txantreako soka-tiralariak... desafioa irabazteko egina da, baina bertzea zanpatu gabe!», azaldu du Gabi Etxart Napurrak kirol elkarteko sortzaile eta lehendakariak.

Peñen protagonismoa ezin bazter utz. Herriko etxeak haiekin eraman elkarlanak label baten sorrera ekarri du: «Loriatua naiz peñekin burutu dugun elkarlanaz, konfiantza osoan aritu baikara. Egia da label hori betebehar bat dela, baina segurtasun eta higienearen berme ere bada. Elkarterik gabe ez daiteke bestarik, eduki osoa haien engaiamendutik abiatzen da», erantsi du Etxegaraik. Bada, label hori agerian ezarriko duten 60 peñek eskatzen dituen baldintzak betetzea engaiatu dira, hala nola egoitzaren segurtasun arauak, hiriko parte hartze aktiboa, errespetua, komunak irekiak, mantentzea, basoberrien erabilpena... Preseski, 2011z geroztik abiatua duten ekinbide horretan bi milioiez gora basoberri banatuko ditu. Bestalde, behar ez den tokian pisa egitea 68 euroko isunez zigortuko dute bestetan.

Bi koloretako munduak bestaren astinduan nahasiko dira gaur hasi eta heldu den igandera arte: egitarau ofiziala eta alternatiboa.

Yves Ugalde herriko etxeko axuantak aitzinatu du euskara gehiago sartuko dutela, baina «dosifikatua, publiko oso kosmopolita ez dadin senti diskriminatua euskararen presentzia handiegiagatik».

Kontrara, Patxa plaza euskara erabiltzeko eremua dela goraipatu du Lili Hiriart Zizpa Gaztetxeko kideak, bai eta ere eraso sexisten kontrako balio feministen besta egiteko tokia. «Aurten ez da berritasun handirik gure egitarauan, estilo zinez desberdineko talde ttipi anitzek joko dute», gehitu du. Ekitaldi nagusiak ereoroitarazi ditu: poteo feminista, bazkaria, ziganteak eta gaueroko kontzertuak.

Marilou Lapeyrade kideak zehaztu du egitaraua: Xina —Pyrennee ostatua— balkoitik abiatuko dute sarri besta, iaz bezala, Diakite elkartea gomita «bereziari» suziria jaurtikitzen utziz: «Etorkinentzat sekulako lana egiten dutelako». Dantza eta bertsoek emanen diote ekitaldiari segida.

Ortzeguneko haurren eguna azpimarratu du Lapeyradek, arratsalde osoan oren batetik goiti haurrendako euskal jokoak izanen dira, Gaia elkarteak animaturik. Larunbatean,tradizioen egunean, gazteen bazkaria «herriko mozkinekin egina» antolatu dute. Igandean, Iruñearen egunean, «zizpalarien aperitifa» eta presoen aldeko bazkaria. «Guretzat gakoa da besta herrikoiak izan daitezen, horregatik, haurrak, poteo feminista eta bertsolariak funtsezkoak zaizkigu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.