SAIOA ITXI

Hasiera / Kultura

KRITIKA. Multimedia emanaldia

Ukabil itxiak

Myriam Perez Cazabon eta Jone Amezaga dantzariak hartzen dute parte Emakumeak emanaldian. NODE KONPAINIA

Agus Perez

2020ko uztailak 19

'Emakumeak'

Konpainia: Node. Zuzendaritza: Ion Estala. Musika: Arantzazu Calleja. Dokumentala: Itxaso Diaz. Eleberri grafikoa: Elizabeth Casillas, Higinia Garai. Koreografia: Myriam Perez Cazabon. Jantziak: Clara Virgili. Dantzariak: Myriam Perez Cazabon, Jone Amezaga. Lekua: Kutxa Kultur gunea, Donostiako Tabakaleran. Eguna: Uztailak 17

Labo Go delako egitarauaren barruan, Emakumeak izeneko ikuskizun multimedia aurkeztu du Donostiako Node taldeak, eta emanaldian zehar dokumental bat, eleberri grafiko baten aurkezpena eta dantza emanaldi bat bildu dira.

Erabateko txukuntasuna eta maila artistiko ukaezina izan dituzte hiru atalek, eta hiruren hari eroalea El Salvadorreko emakumeek obstetrizia-arazo arruntengatik jasaten dituzten kondena izugarrien salaketa izan da. Hasierako atalean Mundubat gobernuz kanpoko erakundearen bidez egindako La historia de todas nosotras (Emakume guztion historia) dokumentala proiektatu da, euskarazko azpitituluekin, eta haren bidez jaso ditugu abortatze naturalengatik edota traumatikoengatik zigortutako hiru emakumeren testigantza lazgarriak. Izan ere, hango legediak bi urtera jaitsi zuen abortatzeagatik eska zitekeen kondena, baina mediku askoren, gizartearen eta arlo judizialeko muturreko matxismoagatik berrogei urtera arteko espetxealdiak ezartzen dizkiete kasu horietan aurkitzen diren emakume apal eta indigenei.

Jarraian, gai honen kontura sortutako eleberri grafikoa aurkeztu digute egileek, eta, bide batez, azaldu laugarren emakume baten kasua gehitu dutela liburuan, hark libreago hitz egin ahal izan zuelako Suedian asilo politikoa eskuratu ondoren. Marka da gero arazo ginekologikoengatik zeure burua erbesteratu behar izatea. Nik behintzat faltan bota dut Eliza katolikoaren rolaz hitzik entzun ez izana, baina gutxienez injustiziaren larriaz jabetu gara. Agian, geroko solasaldian agertu da gaia, baina nik bueltako bidaia nuen aurretik, eta ezin izan naiz debatean geratu.

Proposamenaren azken atalean Myriam Perez Cazabonek kontu ezin mingarriagoari emandako begirada poetikoa etorri da, eta proposamenaren asmatze handitzat jotzen dut dantza piezarako dokumentaleko soinu-banda erabili izana, horrek sano areagotu baitu berez trinkoa zen egitarauaren barne-koherentzia. Koreografoa bera eta Jone Amezaga agertu dira gune eszenikoko alde banatan, Clara Virgilik diseinaturiko arropa etereo eta berdinetan bilduta. Elkarrengana hurbildu dira biak, leun eta pausatuki, eta elkarrekin txirikordatu dira behegainetik, eboluzio geldoekin eta ukabilak itxita, agian amorrua erakutsiz, agian borrokarako prest.

Bitartean, musikak gitarra akorde punteatu eta zarrastatuekin eratzen zuen giro emozionala, batzuetan iluna, besteetan nahasia, azken finean, esperantzaz egarritua; eta bi dantzariek mistizismo ederrean blaitu dituzte beren figurak, emakume haien sufrimendu infinitua begirune osoz eta dantzaren bidez arindu nahian.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Izan BERRIAlaguna