Albistea entzun

Xabier Agote. Albaola Itsas Kultur Faktoriako presidentea

«Euskaldunak hainbat mendez baliatu ziren balea arrantzaz»

Balea arrantzak Euskal Herrian «erabateko» garrantzia izan zuela nabarmendu du Agotek. Uste du Balearen Eguna bezalako egunek itsasoarekin lotutako memoria berreskuratzen laguntzen dutela.
ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Insausti Barandiaran -

2022ko maiatzak 12

Orioko 2001eko lehen Balearen Egunaz «oso oroitzapen polita» du Xabier Agotek (Donostia, 1964), Albaola Itsas Kultur Faktoriako presidenteak. Geroztik, «sinpatia handia» dio egunari. Atlantikotik joan zen Oriora, traineruarekin, eta bertan ikusi zuen Benito Lertxundi Orioko barraren aurrean, herritarrei kantatzen.

Euskaldunek itsasoari buruz zeukaten jakintza «sekulakoa» zela nabarmendu du, eta hori transmititzen saiatzen direla Albaolan ere, euskaldunak «aitzindariak» izan zirelako.

Zer garrantzi izan zuen balea arrantzak Euskal Herrian?

Mendeetan, erabatekoa. Maila industriala izan zuen jarduera izan zen. Balea olioa ekoiztea zen helburua, eta olio horrek sekulako garrantzia zeukan, besteak beste, erregai gisa erabiltzen zelako. Garai hartan eros zitekeen erregairik onena zen, batetik, indar handien zeukalako, eta, beraz, gehien argiztatzen zuelako, eta, bestetik, ez zuelako kiratsik botatzen, eta ez zituelako paretak zikintzen. Beraz, luxuzko produktua zen.

Nolakoa zen olio hori egiteko prozesua?

Oso konplexua. Batetik, balea harrapatzeko gaitasuna izan behar zuten; bestetik, produktua sortu behar zuten; eta, azkenik, merkataritza sare handi bat behar zuten Europan zehar. Hori guztia zeukaten euskaldunek mendean, eta modu esklusiboan, gainera: ez zuen beste inork hori egiten. Euskaldunak ziren hori hornitzen zuten bakarrak.

Hasieran, Euskal Herrian harrapatzen zituzten baleak, baina, gerora, nazioartean ere aritu ziren, ezta?

Kantauri Itsasoan hainbat mendez aritu ondoren, halako batean, erabaki zuten jarduna urrutira eramatea: Ternua, Norvegia, Islandia... Leku horiek oso leku latzak dira, horraino iritsi behar da, ez da batere erraza, oso itsasontzi onak izan behar dituzu. Baina arrisku hori hartzeko gaitasuna zuten, eta, horren ondorioz, diru asko sartzen zen Euskal Herrian. Itsasoa beti izan da aberastasun iturri handiena Euskal Herrian, XVIII. mendearen amaiera edo XIX.aren hasierara arte.

Eta gainerako herrialdeentzat irakasle lanak ere egin zituzten.

Beti nabarmentzen dugu guk kanadarrek adierazi zigutena: euskaldunek sortu zutela Ipar Amerikako lehen jardun industriala, duela 500 urte. Europarrek ere euskaldunak kontratatzen zituzten, haiengandik ikasi ahal izateko. Balea arrantza izan da itsasoan egon zitekeen jardunik zailena eta arriskutsuena, eta euskaldunak horren maisuak izan ziren.

Aberastasun handia zekarrenez, ospakizun handia izango zen herriarentzat.

Asko, bai. Pentsa, olio barrika bakoitzak 214 litro inguruko edukiera zuen. Duela gutxi, National Geographic-ek kalkulatu zuen barrika bakoitzak gaur egun balioko lukeela 7.000 dolar inguru. Adibidez, San Juan baleontziaren edukiera 900 barrikakoa zen, eta kalkulatu genuen sei milioi eta erdi dolar balioko lukeela. Beraz, sekulako dirutza zen hori, eta horregatik hartzen zituzten horrelako arriskuak.

Orion 1901. urtean gertatutakoa ohikoa izan zen?

Ez, Orion gertatutakoa zerbait anekdotikoa izan zen, garai horretarako ez baitziren baleak harrapatzen. Agertu zenean, beroaldi hori izan zuten, eta erabaki zuten balea harrapatzea, baina dagoeneko ez zuten ezagutza hori, galdua zuten. Egun horretakoa izan zen azkena, baina ez da kate horren katebegi bat.

Baina balio du urteetan hain garrantzitsua izan den jarduera bat omentzeko?

Bai, euskaldunak hainbat mendez baliatu zirelako balearen arrantzaz. Horrek erakusten du hemen sekulako jakinduria izan dela itsasoan, eta euskaldunak aitzindariak izan direla hainbat gauzatan. Balearen Egunak gogorarazten digu nahiz eta ordurako dagoeneko ez ziren baleak harrapatzen, DNAn zeramaten zerbait zela, haien aurrekoengandik jasotako animalia instintu bideratu zuten.

Gaur egun, ez da begi onez ikusiko balearen arrantza ospatzea...

Gauzak ez dira nahastu behar. Ziur nago Orion ez dagoela inor gaur egun baleak hiltzearen alde. Baina hori gaur egungo testuingurua da, itsasoa erabat txikituta dagoelako, gu beste modu batean bizi garelako, eta beste erregai batzuk daudelako, beste energia iturri batzuk. Duela 500 urte, ordea, mundua bestelakoa zen, itsasoa oso oparoa zen, bizimodua eta bizitza latzak ziren, eta mugitzen ez zena atzean gelditu eta gosez hiltzen zen. Beraz, ez dauka zerikusirik duela mende batzuk gertatutakoak gaur egun gertatzen denarekin.

Zergatik da garrantzitsua Balearen Eguna ospatzea?

Itsasoarekin lotutako memoria nahiko galduta sumatzen dugu, hortik abiatu zen Albaola sortzeko ideia ere. Balearen Eguna bezalako ekitaldiak antolatzeak balio du itsasoarekin lotutako memoria berpizteko eta bizirik izateko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Argazkiak badauka benetakoaren zigilua, eta hitzek ez»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Argazkilaritza dokumentalean sinisten du Morelesek: «Informazioa edukitzea kontzientzia edukitzea da, eta horrek ekitera eramaten zaitu». 'Urtzearen aztarna' paratu du Donostian, klima aldaketaz ohartarazteko.

 ©JON URBE / ARGAZKI PRESS

Basogintza eredu berri baterantz

Unai Etxenausia

Ez dago «baso perfektua» sortzeko errezeta magikorik, aldakorra baita Euskal Herriko paisaia. Errez kooperatibako kideak eredu berri bat ari dira lantzen eta proposatzen: baso bakoitzak espezie autoktonoak eta genetika ezberdinekoak izan behar dituela diote, «baso irregularrak» bihur daitezen.
Kotoi markak Irizarren autobusetako ehuna erabiliz sortutako jantziak. ©GORKA RUBIO/ FOKU

Moda egiteko beste modu bat

Amaia Jimenez Larrea

'Ekomoda' erakusketa jarri dute Ezkioko Igartubeiti baserri-museoan, maiatz hasierara arte. Autobusetan erabili gabeko ehunekin egindako jantziak daude ikusgai.
Naizen elkartearen aurkezpen eguneko argazkia, Donostiako Antzoki Zaharrean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Naizendarren festa

Ane Insausti Barandiaran

Naizen elkarteak Bigarren Hezkuntzarako sortutako ikus-entzunezkoak eta kamiseta berriaren diseinua aurkeztuko ditu gaur, urteroko festan

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...