Greba deialdia, bere horretan

Kluben Elkarteak, Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiak eta AFEk ez dute lortu ados jartzea. Jokalariek asteburuan hasiko dute greba

Athleticeko Vanesa Gimbert eta Realeko Carla Bautista, lehian. J. C. RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Emakume futbolarien greba mugagaberako deialdiak indarrean segitzen du. Harago, aldeak urrunago daude, atzo Madrilen egindako bileraren ondoren. Espainiako Lan Ministerioak, azken egunetan izandako bileren ondoren, bitartekaritza txosten bat egingo du bertan bildutakoarekin. Hori kontuan hartuta, aldeek erabaki beharko dute berriz bilduko diren edo ez. Baina, oraingoz, ez dago beste bilerarik adostuta.

Horrenbestez, datozen lau egunetan gauzak aldatu ezean, jokalariek greba mugagabeari ekingo diote asteburuan. Berez, bederatzigarren jardunaldia jokatu behar zen. Reala eta Athletic etxean ziren aritzekoak, Bartzelonaren eta Taconen aurka, hurrenez hurren.

Atzo, berriro ere, AFE sindikatuko, Kluben Elkarteko eta Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiko ordezkariak batzartu ziren, baina azken egunetako proposamenek ez dute balio izan egoera desblokeatu eta hitzarmena adosteko.

Jokalariek greba mugagaberako deialdia egin zuten urriaren 22an, negoziazioak ez atzera ez aurrera zeudelako. Kluben elkartearen eta jokalarien arteko desadostasun nagusia lan kontratuen partzialtasunean dago. Jokalariek %75ekoa izatea nahi dute; Kluben Elkarteak, aldiz, jardun erdian jarri du muga. Haren arabera, futbolarien eskaria txapelketak sortzen dituen diru etekinetatik gora dago. Futbolariek salatu dute partzialtasunak baldintzatu egiten duela kotizazioa eta gaixoaldian kobratzen dutena.

Espainiako Futbol Federazioak 1,15 milioi euro jartzeko asmoa azaldu du, baina baldintza batekin: Kluben Elkartetik kanpo dauden Espainiako Lehen Mailako lau klubek —Athletic, Bartzelona, Madril eta Tacone— beren partidak telebistaz ematea baimentzea. Mediapro telebista operadoreak ez du trabarik jarri. Baina akordioak urrun segitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.