Alaves 1-1 Cadiz

Beste behin etxekalte aritu da

Alavesek puntu bakarra batu du etxean Cadizen kontra, aurrea hartu eta aise aritu den arren. Garesti ordaindu du Manuk 83. minutuan eginiko penaltia

Alaveseko jokalariak Diaz de Mera epaileari kexuka, hark Manu Garciaren penaltia adierazi eta gero. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Alaves. Pacheco; Martin, Laguardia, Lejeune. Duarte; Pina, Manu Garcia, Pellistri (Pons, 85. min.), Rioja (Lucas Perez, 65. min.); Edgar (Cordoba, 79. min.) eta Joselu.
Cadiz. Ledesma; Fali, Marcos Mauro (Salvi, 6. min.), Cala (Garrido, 91. min.), Espino; Jonsson, Jose Mari, Perea (Jairo, 91. min.), Alex Fernandez; Sobrino (Malbasic, 83. min.) eta Negredo (Saponjic, 83. min.).
Golak. 1-0. Joseluk, penaltiz (36. min.); 1-1. Alex Fernandezek, penaltiz (83. min.). Epailea. Diaz de Mera. Txartel horiak Alaveseko Pinari; eta Cadizeko Salviri, Faliri eta Saponjici. Txartel gorria Alaveseko Manuri.

Ez dago modurik: Alavesek berpiztu ezinik jarraitzen du. Ari da imintzioak egiten, baina jardunaldiak aurrera doaz, eta keinu hutsekin jada ez da aski. Irabaztea da galbidetik irteteko modu bakarra, baina Arabako taldeak ez daki kontrarioak nola azpiratu. Betisen kontra 0-2 joan zen irabazten astelehenean, baina alferrik. Eta atzo ere, Cadizen kontra, ez zen gai izan aldeko markagailuari eusteko. Erabat kontrolpean izan zuen partida 1-0ekoa egin ondoren, azken txanpan etxekalte jokatu zuen arte: penaltia oparitu, eta beste kolpe bat jaso zuen Abelardoren taldeak.

Mendizorrotzan, baloiaren jabetzari muzin egiten dioten bi talde izan ziren aurrez aurre. Ekimena, hargatik, Alavesek hartu zuen: etxean ziharduelako, eta aurkariak baino premia larriagoa zuelako. Kosta zitzaion jokaldi argiak sortzea, baina saiatu, behintzat, saiatu zen. Hegaletatik egin zuen min batez ere, Pellistriren grinaz eta kalitateaz baliatuta. Lehen zatian, uruguaitarraren hanketatik pasatu ziren jokaldi aipagarri gehienak. Distira galduz joan zen minutuak igaro ahala, eta, orduan, Joseluren txanda iritsi zen: pase luze bikaina eman zion Riojari, eta haren kontrola eskuarekin moztu zuen Salvik, area barruan. Aurrelariak sareratu egin zuen penaltia, eta, hala, 36. minutuan 1-0 jarri zen Alaves. Plana nahi bezala ari zitzaion ateratzen Abelardori.

Golaren ostean, gasteiztarrek ez zuten sufrikariorik pairatu. Cadizek oso uzkur jokatu zuen, eta nekez iritsi zen Pachecoren ate ingurura. Aurkako golak ez zuen xaxatu, eta, gainera, ondo kokaturiko aurkari bat zuen aurrean. Lerro artean ez zuen espaziorik utzi Arabako taldeak, eta arearen defentsa sendotasun handiz egin zuen. Gidoiak bere horretan jarraitu zuen atsedenaren ostean. Gertuago zirudien Alavesen bigarren golak berdinketak baino. Izan ere, baloiak lapurtu ostean kontraeraso zitalak egiteko aukera zabaldu zitzaion.

Manuren baldarkeria

Arabarrek garaipen erosoa lortu behar zutela zirudien, baina dena hankaz gora jarri zitzaien neurketa bukatzeko hamar minuturen faltan. Manu Garciak ukondoa goian zuela egin zuen jauzi arean, eta Calak, kontaktua nabaritzean, lurrera bota zuen bere burua. Penaltia adierazi zuen epaileak, baina, aldi berean, baldar jokatu zuen arabarren kapitainak; batik bat, aintzat harturik aurreko jokaldian txartel horia ikusi zuela oso antzeko egoera batean. Hala, jokalari bat gutxiagorekin gelditu zen Alaves, eta are okerragoa zena: Alex Fernandezek banakoa egin zuen penalti puntutik. Jota gelditu ziren arabarrak, berriro esku-eskura izan zutengaraipenak ihes egin ziela sinetsi ezinik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.