Maria Gembero-Ustarroz. Musikologoa

«Musika gure bizitzaren parte da, baita gure memoriarena ere»

Historialari, musikologo eta piano jotzailea da Gembero-Ustarroz. Bartzelonako CSICen musikologiako ikerlari izendatua da, eta Nafarroako musikaren historian aditua.
JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Iker Tubia -

2018ko otsailak 4
Musika eta historia. Historia eta musika. Biak loturik daude Maria Gembero-Ustarrozen ibilbidean (Iruñea, 1959). Tesian XVIII. mendeko Iruñeko katedraletako musika aztertu zuen. Iruñeko kontserbatorioan irakasle izan zen, baina urte gehien Granadan eman du Musikologia karreran irakasle. Egun, Katalunian ari da ikerlari, eta, iaz, Nafarroako musikaren historiari buruzko liburua argitaratu zuen. «Musika ez dut maite soilik dibertsio bezala, baizik eta historiaren, gizartearen eta kulturaren parte bezala», dio.

Historia karrera eta piano titulua une berean atera zenituen. Biak lotu dituzu beti?

Garai horretan ez zen musikologia karrerarik; beraz, historia egin nuen, asko maite nuelako, eta pianoa, hori ere asko maite nuelako. Tesirako, biak elkartu nituen.

Granadara doktoretza bukatzera joan zinen halabeharrez?

Hainbat gauza nahastu ziren. Bederatzi urtez irakasle izan nintzen Iruñeko kontserbatorioan. Esperientzia oso ona izan zen, ikasle oso onak zeuden, baina Granadara joatea erronka bat zen, ikasten jarraitzeko aukera zen.

Nondik heldu zaizu musikarekiko zaletasuna?

Familian lehenbizikoa naiz, nik dakidala behinik behin. Gurasoek kontserbatoriora eraman ninduten, anai-arrebak bezala, eta nik jarraitu nuen.

Ez zen ohikoena haurrak kontserbatoriora eramatea, ezta?

Egia esan, ez. Garai hartan ez zen bekarik atzerrian ikasteko eta. Zortea izan nuen, piano ikasketen azken garaian Pascal Aldabe zelako zuzendari, eta hark Frantziako irakasleak ekarri zituen. Horiek mundu bat zabaldu zidaten.

Bi aldeetan izan zara. Nola bizi dituzu irakasle eta ikasle rolak?

Klaseak ematen hasten zarelarik ikaraturik zaude, ardura handia delako. Baina, egia esan, beste batzuei irakasteak asko irakasten dizu zuri. Bi aldeek dituzte alor interesgarriak. Piano irakasle nintzen, baina berehala hasi nintzen Musikaren Historia eta Estetika ematen. Oso interesgarria zen, kontserbatoriokoen musika ikasketen maila altuagoa baitzen unibertsitatean musikologia egiten zutenena baino.

Musikologia hasi berritan joan zinen Granadara. Zer moduzko hasiera izan zen?

Musikologia espezialitatearen bigarren urtea zen nirea. Zerbait berria hasi behar izan genuen; beraz, lan handia genuen. Irakasgai berriak egin behar genituen, baina oso interesgarria izan zen, era berean. Zure lurreko perspektiba ere ematen dizu; zure kultura eta musika ibilbidea beste ikuspegi batetik ikusten duzu. Bestalde, ordura arte Nafarroako musika ikertu nuen, eta orduan hasi nintzen Iberiar penintsularen eta Amerikaren arteko musika harremanak aztertzen.

Kanpoan ere, beti jarraitu duzu Nafarroako musika ikertzen?

Tesiek asko markatzen dute. Gaiari buruzko dokumentazio hain zabala jaso duzunez, ateratzen den guzia biltzen duzu, nahi gabe. Nafar musika lerro bat izan da, eta liburuan ikus liteke.

Zerk eraman zintuen Latinoamerikako musika aztertzera?

Jakin-min hutsa izan zen. Nafarroako musikan, erresuma izan zenez, batik bat Erdi Aroko musika landu zen. Beraz, XVI. mendetik aurrerakoa nahiko utzita zegoen. Amerikako aferan antzeko zerbait gertatu zitzaidan. Indietako Artxibora jakin-minez joan nintzen, eta hango langileak esan zidan ez nuela deus ere aurkituko. Haiek uste zuten partiturak bilatzen nituela, baina niri interesatzen zitzaidana zen dokumentazio administratiboa, musikarien erreferentziak, baimenak...

Nolakoa zen musikaren joan-etorri hori?

Harrigarria da. Oraindik ere harritzen nau zenbat mugitzen ziren batetik bestera. Adibidez, Sevillako musikariak Mexikon jotzeko kontratatzen zituzten. Bada, 30 urterekin hiru bider joan zen sevillar bat. Bazen lan merkatu bat, Espainiako koroarena. Musikariak gehiago zabaldu zitezkeen Amerikan, penintsulan katedralak erabat beterik zirelako.

Eta Nafarroari dagokionez?

Nafarroa konkistatu aurretik, erresumak Europara begiratzen zuen, batik bat Frantziatik heldu zenari, baita Herbehereetatik ere. Badugu Teobaldo erregearen gisako figura bat; XVIII. mendeko musikari garrantzitsuenetako bat da Europan. Haren musika eta poema asko geratu zaizkigu. Karlos II.arekin eta III.arekin ere begirada Avignon, Frantzia eta Herbehereetara zuzendurik zegoen. 1512tik aurrera merkatu oso bat ireki zen: penintsulakoa eta Amerikakoa. Ebro ibarrera, Valentziara, Aragoira, Gaztelara... jarri zuten begirada. Gaur egungo EAEra ere bai, baina gehiago haur abeslariak biltzeko.

Joan-etorri horiek barne mailan ere egiten ziren?

XVI. eta XVIII. mendeetan Nafarroan musikaren hiru kapera handiak ezarri ziren: Iruñea, Orreaga eta Tutera. Baina Nafarroako Erdialdean eta Erriberan musikari sare harrigarriak zituzten. Mugikortasun handia zegoen, eta hobekien ordaintzen zuen tokira joaten ziren. Vianak, adibidez, musika kapera harrigarria zuen, lehenbiziko mailakoa. Artxiboa, zoritxarrez, galdu egin da.

Artxibo lana ezinbestekoa da ikerketan. Ez da soilik partitura kontua musikaren azterketa?

Musika interesgarria da bi alde dituelako: alde batetik, musika bere horretan, ondarearen berreskurapen bezala. Antzinako musika denean, behar duzu musika transkribatu kontserbatorioko ikasle batek irakurri ahal izateko. Horrelako funtsak, batik bat, elizaren artxiboetan daude. Bestalde, badaude beste dokumentu batzuk, administrazioetakoak, kontu liburuak, moralari buruzko liburuak, zeremoniei buruzkoak direnak. Dokumentu horiek ez dute zertan musikarik izan, baina testuingurua ematen dizute musika ulertzeko.

Nafarrek ezagutzen dute haien musikaren historia?

Baziren hainbat gauza solte, baina ez zegoen panoramika bat. Markoa ikustea garrantzitsua zen, normalean XIX. mendeko izenez hitz egiten delako —Arrieta, Eslava, Sarasate, Gaztanbide...— baina jendeak ez du hori baino gehiago ezagutzen. Liburuan saiatu naiz erakusten panoramika zabala dela; musika oso interesgarria dagoela garai guzietan, bai Nafarroan bai kanpora joandako nafarrek egina; eta, marko orokor historikoaz aparte, kultua eta tradizionala landu ditut. Niretzat hori oso garrantzitsua da. Musika gure bizitzaren parte da, baita gure memoriarena ere, eta hor daudenik uste ez duzun gauzena ere bai. Musika kultua koma artean diot, musika tradizionalak ere aberastasun eta sakontasun ikaragarria duelako.

Joan-etorria ere bada bi musika mota horien artean, ezta?

Noski, hori garai guzietan gertatu da. Gainera, joan-etorri hori oso naturala izan da, jendea elizara joaten baitzen orain gutxi arte. Musika tradizionala askotan elizaren melodietan oinarritzen zen, eta alderantziz ere gertatzen zen. Adibidez, Erriberan harri ekaitza uxatzeko kantu batzuk badira melodia gregorianoetan oinarriturik daudenak.

Nafarroako musikaren historiari buruz, herritar gehienek zergatik ezagutzen dituzte soilik musikari gutxi batzuen izenak?

Lehenik eta behin, ez zegoelako garai guzietako azterketa sistematiko bat. Egin zitekeen liburuko kapitulu edo izen bakoitzeko liburu bana. Bestalde, logikoa da XIX. mendeko izenak ezagunagoak izatea, oso garrantzitsuak izan zirelako. Bada esaera bat dioena XIX. mendeko musikari guziak nafarrak zirela. Baina ez dira bakarrak. Adibidez, Nafarroako Teobaldo gehiago ezagutzen da hemendik kanpo.

Historiako emakume musikarien gaia ere landu duzu. Horiek ere ez dira ezagunak.

Emakumeek oso rol ezkutua izan dute musika kultuan. Paradoxikoki guretzat, emakume askok XVII. eta XVIII. mendean musika egiteko aukera zuten toki bakarrak barrutegi komentuak ziren. Eta egiten zuten. Adibidez, Corellako Araceli komentuan Maria Josefa Marcoren liburua gordetzen da. Bertan, herri musika eta dantzak daude, eta zortziko batzuk, gorde zirenetan eta zaharrenak. Asko dago ikertzeko.

Izen gehienak gizonenak dira?

Nabarmendu daitezkeenen artean, oso garrantzitsua da Emiliana Zubeldia. Guziarekin hautsi zuen: Iruñean ezkondu eta gero, Parisera joan zen senarra utzita. Azkenik, Amerikara joan zen, Mexikora, eta bere lan gehiena han gordetzen da. Hori hasi da ezagutzen, baina kontzertu batean nekez adituko duzu haren obrarik. XIX. mendean, Celestina Ledesma izan zen, konpositorea. Baina, egia da, benetan zaila da emakume konpositoreen izenak aurkitzea. Baina bilatu behar dira, eta haien obra aztertu beharra dago.

Ondare ez-materialari dagokionez, nola ikusten duzu egoera?

Orain gutxi arte, musika tradizionala bizitzako zikloekin lotuta zegoen. Orain berreskuratzen ari da nolabait, baina kultura interes bezala. Herri batzuetan mantentzen dira erritual bezala, baina toki askotan folklorizatzen da. Baina folklorea etengabe eraldatu da; beraz, garrantzitsuena da ez galtzea, eta gorde eta manten dadila modu batera zein bestera.

Artxiboetatik kanpo, jarraitzen duzu musika jotzen?

Zaila da bietan goi maila mantentzea. Hasieran bai, hainbat orkestrarekin kolaboratzen nuen. Baina egia da denborarekin gehiago sartu naizela ikerketan. Noski, jotzen dut, baina gustatzen zaidalako. Dena den, badago alde praktiko bat: musika berreskuratzean taldeekin harremanetan jartzen naiz, gero haiek ongi jo dezaten.

Musika pertsonen biziaren parte izanik, beharrezkoa da haren historia ezagutzea?

Musika gure paisaia mentala da. Geratzen ahal zara estetikan, musika aditzeko plazer hutsean, eta hori ongi dago, baina musikak asko du historiaz ere. Adibidez, XIX. mendean liberalen eta antiliberalen borrokak ikus daitezke musikan. Musikariek lana galtzen zuten egoera politikoaren arabera, edo musika ezberdina egiten zuten. Badira ekintza politikoei oso loturiko musikak, eta ez bakarrik ereserkiak eta. Beraz, interesgarria da musikaren eta historiaren lotura aztertzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna