Maite Xarriton. Enpresaburua

«Zure bertze biziak trabatzen du lanekoa. Ene ustez, emazte gazte guziek hori bizitzen dute»

Parisko euskal etxeko osagaiek ondu zuten Xarriton. Ekonomiaren errezeta ongi ikasia du: «egun guzietako lana» baitu haren enpresa arrakastatsuaren biper eta gatza.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Gamarte
2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Euskal urrina zabaltzen zuten tupinen artean hazitakoa da Maite Xarriton (Paris, 1959). Haiek elikatu zioten asaben kultura endemikoa. Herriratu, eta bere errezeta asmatu du: enpresa eta laborantza kozinatuz. Engoitik, 85 familiatik gorari ematen dio jaten senarrarekin batera, Gamarteko Elizaldia enpresan (Nafarroa Beherea). Uztartu klusterreko sortzaile eta lehendakaria izana da oraintsu arte: ofizialeak eta laborariak eskuz esku aritu dira tokiko ekonomia hobetzeko.

Parisko alaba euskalduna zara.

13 urte arte egona naiz Paris VI.eko auzo kalapitatsuetan. Debre legea pasatu zen 1973an, zeinak indargabetzen baitzuen baimena urtebeteko armada beranduago egiteko, ikasketen ez eteteko gisan. Sekulako pataskak izan ziren karriketan. 68ko maiatzaren ondoko lege gogortze horiek bizi izan ditut. Enetzat berriak ziren manifak, eskolara joan eta kadirak hautsiak zirenez mahai gainean jarri beharra...

Zer lotura zenuen lur endemikoarekin?

Aita-amak euskaldunak ziren. Aita Oragarrekoa [Nafarroa Beherea] zen, ama, berriz, Jatsukoa [Lapurdi], zeinetara uda oroz jiten baikinen amatxiren etxerat.

Etxean euskaraz ari zinetena?

Ez: ama-aitak euskaraz ari ziren, baina gu ez. Dena den, beti konprenitu izan dut gure lengoaia. Aski fite badakizu bi kultura dituzula. Ene seme-alabei erran diet: «Euskara ematen dizuet, balio erantsia duzue». Oroitzen naiz Parisen, etxean, ogi xerra luze-luzeak askaltzen genituela frantsesez, batzuetan ez nekien zer zen euskara eta zer ez. Enetako, kulturaren oinarria da euskara, zentzu guzia galduko luke bera gabe. Ekartzen ditu harremanak, onarpena...

Eta zuek lagungoa ekartzen diozue.

Ikastolei, AEKri, EHZri... Oroitzen naiz gau batez, EHZn gehiago haragirik ez zutenez hor ibili ginela 22:00etan lukainkak egiten. Kur-kur-kur.

Ostatua zenuten ohantze.

Ostalaritzan aritu ziren beti ama-aitak: lehenik, jatetxe bat zabaldu zuten; gero, saldu eta bertze bat handiagoa ireki. Euskal apairuak zerbitzatzen zituzten, fama oneko kozina. Berantago, Euskal Herrirat jin zirelarik, Bidarteko [Lapurdi] hotela eraikiarazi zuten, 1973an. Sekulako kanbiamendua izan zen enetzat. Garai zaila izan zen: bezeroen erdian bizi baikinen hotelean berean, aita-amak beti okupatuak baitziren nahiz haiendako pasioa izan.

Euskal etxea bigarren etxea zenutena?

Gurasoek ortzegunero igortzen gintuzten harat; euskara, kantuak eta dantzak ikas genitzan. [Jose Maria] Benito Del Valle eta Larrarte errefuxiatuen emazteekin, bai ere Georgette Brouca uztariztarra genituen irakasleak. Beti oroitzen naiz Euskal Herrirat jitean, amatxi laboraria beltzez beztitua zela beti, hemengo emazteak bezala. Del Valle eta Larrarte, aldiz, panpinak bezala heldu ziren, makilatuak, biziki ontsa beztituak... Hala, guretako euskara bi gauzak izan ziren: bata arrunt etxaldekoa zen jendea, zeina herritik guti ateratzen baitzen, eta irakasle lakrikun hauek. Benito Del Valleren alaba 11 urtetan igorri zuten Donostiarat euskaraz ikas zezan. Harriturik ikusten nuen hori, adin horretan gurasoengandik 1.000 kilometrotara egotea.

Txillardegi [Jose Luis Alvarez Enparantza] ezagutu nuen ere giro horretan, artetan heldu zen ostaturat. Zinezko formazioa izan zen euskal etxea; euskara eta euskal kulturari buruz.

Ostatua, euskaldunen bidegurutzea zena?

Euskaldun anitz heldu zen: laborantzaren feriaren karietara edo bortz nazioen zeingehiagokara... Apartamentutik entzuten genituen euskaraz orroaz kantuz! Ostaturat nehor sartzen zelarik, pausatzen zioten lehen galtoa zen: «Euskalduna zarea?».

Etorkin etorri zinena mundurat?

Euskal Herritik kanpo, emigranteen bizimodua duzu, eta biltzen zara familiarekin. Euskal Herrirat jinez geroztik, ez dugu hainbertzetan elkar ikusten, ez baitituzu lotura horiek hainbertze lantzen. Badakit zer den emigrantea izatea, ulertzen ditut oraingoak hemen. Gurasoak beti lurrari, elizari eta familiari biziki lotuak bizi izan dira.

Egia da Parisen bizi izanik edo hemen barnealdean, ber maneran haziak izan garela: sekula ez naiz kostakoa sentitu. Aitatxi-amatxien etxaldean ez ziren azukrea, kafea eta hiruzpalau gauza gehiago baizik erosten, gainerakoa etxekoa zen.

Ikasketen ketaren beta.

Bordelen komertzio ikasketak burutu nituen. Xabier Duoandikoetxea matematikaria ezagutu nuen, eta euskara zinez ontsa ikasi nuen berari esker, zeinak erakutsi baitzigun nola egiten zen euskal aditza.

Informatikaren hasmentan informatzailea.

Parisen informatika ikastaroa egitera joan nintzen, eta ondotik, SEI informatika enpresan aritu hamar urtez. Analista programatzailea izan naiz lehenik, gero analista eta azkenik proiektu-eramailea. Ehun bat enpresa ezagutu dut tarte horretan, eta hori dut maitatu ofizio horretan: enpresa egoera batean ezagutzen duzu, eta bertze batean utzi behar duzu. Ez dakizu nor izanen duzun parean... Esperientzia zinez ona izan da enetzat.

Emazte gisa, nola bizi izan duzu enpresa munduko murgiltze hori?

Batzuetan, biziki ongi onartua izan naiz; bertze batzuetan, berriz, behar nuen konpetentzia gehiago erakutsi. Gisa guziez behar duzu konfiantza bildu, jakin tarteka puntua egiten ikusteko zer aitzinatu den, bestela konfiantza galtzen da. Informatika eskola bat da zeinetan behar baita %100 martxatu, %1 martxan ez balitz, ez baitzaizu barkatzen. Zorrotza izan behar da. Preziatzen nuen jende anitzendako aritzea. Dena den, egia da usu gizonek direla ardurak hartzen dituztenak, taldeena, zerbitzuarena...

Gainera, emazte gaztea izan eta bikotekidea baduzu, ez zara ausartzen erratea: «Arduraduna izanen naiz», jakinez, berdin, haurrik ukan nahiko bazenu, denbora hartua izanen zenukeela. Ez zara arrunt libre. Ama zarelarik ezin baituzu energia guzia lanean eman, are, batzuetan, zure bertze biziak trabatzen du lanekoa. Ene ustez, emazte gazte guziek hori bizitzen dute.

Emazte izateagatik bizi izan duzu konfiantzarik ezarik?

Guraso bilakatzearekin, ene lankide emazteei, ordura arte eramaten zituzten dosierrak kentzen zizkieten, eta bertzeendako aritu behar izaten zuten. Ez da goxo, zeren eta lanean ez baitzara uros, ikusirik proiektua burutik buru ez eramateak interesa galtzen duela, eta haurrekin ere ez. Ororen buru, beti ari zara zeure burua hobendun sentitzen. Horregatik informatika enpresa hori utzi nuen guraso izatearekin batera. Emazte bezala, Gamartera jin ginelarik, haurrak eskolatik jitean haiekin egoten nintzen, eta gero berriz lotzen nintzen lanari, lana etxean genuelako. Baina langile zarelarik ezin duzu hori egin.

Haurren eta enpresaren ama bilakatu zinen.

Informatika enpresa krisian zen, Xan-Battitt [Loiato] senarrarenzerri hazkuntza ere... Hutsetik abiatu genuen Elizaldia; zerri-transformazioan. Ofizioa lagun harakinarekin ikasi genuen. Hola hasi ginen, Lapurdi kostaldean merkatuetan saltzen; Hendaian, Bokalen, Donibane Lohizunen, Baionan... Hastapenean kondizionamendu anitz egiten genuen guhaurek, lukainkak eta tripotak airerik gabe bilduz. Aski fite ohartu ginen egun guzietako haragi freskoa saldu behar genuela. Bezeria fidelizatzen duzu manera horretan. Emeki-emeki, xingarrak baztertu genituen urte baten buruko saltzeko...

Eskuz esku, zirkulua tai gabe zabaldu da.

1995ean genuen lehen langilea hartu; biziki zaila da, ez baitakizu lortuko duzunez bere hilabete sariaren biltzea. Mobileta arranjatzailea zen. Hastapenean nehork ez du zure proiektuan sinesten, tresna martxan dela ikusten dutelarik orduan heldu zaizkizu ofiziokoak, hamar urteren buruko! Bide guzia emeki-emeki egin dugu, 85 bat langile ari dira orain. Garrantzia ematen diogu emazteer egiazko enplegua emateari.

Nola bizi izan duzu bide hori?

Lehen hiru urteak ez nituzke berriz bizitu nahi. Mendi zulo batean bizi zara, hatsik hartu gabe. Bost urte behar dituzu enpresa batean ongi sentitzeko. Ez da hola bat-batean egiten.

Barnealdean bada zerri transformazio kultura; nola egin duzue zuen lekua aurkitzeko?

Kostaldean gehiago egiten ez zuten hura ekarri nahi genien, etxeko gustu hori atxikiz. Odolkia, adibidez, beti tipula freskoarekin egiten dugu, nehork egiten ez duena. Ber denboran, airerik gabe biltzea berritasuna izan zen: gauza praktiko berria ekarri dugu, aldi berean gustu tradizionala atxikiz.

Beti pentsatu izan dut ene buruari emazte gisa: lehengo kalitatezkoa orainari egokitua egitea, eguneroko gauza praktikoen beharrean hots. Konparazione, haragi freskoa bai baina ez dakizu berehala janen duzun ala bi egunen buruan.

Preseski, Uztartu klusterra ere bide beretik doa, ez dela?

Badu hamar urte abiatua dela eta lehendakaria izan naizela oraintsu arte. Beti interesatu nau enpresen kudeaketa hobetzeak. Laborantza bi taldetan banatua da hemen: Euskal Herriko Laborantza Ganbaran eta FDSEA sindikatuan.

Bestalde, harakinak familia enpresa ttipi anitzetan antolatuak ziren, eta konkurrentzia giroan. Lege anitz ateratzen dira, eta enpresa ttipiak horietara egokitzeko zailtasunak dituzte. Horregatik, klusterraren xedea da etxean egin ezin ditugunak elkarrekin egitea, bai ere ofizialeak eta laborantza lotzea, ez dut ezagutzen halako bertzerik. Proiektuka abantzatu gara, diferentziak diferentzia.

Bertzeak bertze, Herriko sor-marka .

Herriko haragia eta ogia sor-marka lortu dugu beharrak elkarri lotuz: okinek hemengo irina behar baitzuten, eta hemengo irina ekoitzi nahi zutenak baziren. Honezkero 60 dira Herriko ogia egiten dutenak.

Hemendik honat?

Enplegua, ekonomia eta jendeak lekuaren gainean atxikitzea ikusi behar da. Egun guziko ekonomiari lotua da herriko bizia. Jendeer ekarri nahi nuen beste ikusmoldea ere bai: elkartuz hobeki antolatzen baikara, kolaboratuz, bata besteari ideiak kopiatuz, denen onetan. Herriko haragia adibide bat da, eta enbeia ematen du besteer ber gauza egiteko. Dinamika bat da. Hemen atxiki nahi ditugu jendeak. Badu 25 urte hemen garela, eta izan dira 50 sortze baino gehiago gure enpresan. Gauza ttipietan hasten zara hemengo jendeekin, eta hazten zara. Hori baita ekonomia: egun guzietako lana.

Kalitatea aipatu duzu lehen; non kokatzen duzu zeure burua?

Errezeta sinpleak ditugu hastapenetik. Kalitateak bi erranahi ditu: jendea ez pozoitzea, eta bestetik, gustu ona ukan dezan. Guk gustu ona ematen dugu, guk baititugu zerriak hazten, nahiz prezioa negargarria den orain. Baina hortik atera gara transformazioari esker. Zerria jaten duenaren fotokopia da. Zerriak tradizionalki hazten ditugu, kanpoan ezarri gabe ez baitugu lurrik. Baina lasto gainean dira, eta kanpoa ikusten dute, mugitzeko tokia ukanez.

Zer arrazakoak dituzue?

Large-white arrazakoak dira, horrekin egiten ditugu Baionako eta Parmeko xingarra. Hondar hiru urteotan, AEBetatik ekarri Duroc arraza lantzen hasi gara, giharretako urinari esker, xuka genezake kasik bi urtez, zeina ezin baita egin Large-white arrazarekin. Italiako teknikari esker ari gara: urineztatuz idortu gabe gustua har dezan. Ez dugu iberikoa bezain kario saltzen, nahi baitugu kalitatezko xingarra jende guziendako.

Merkatu nazionala duzue?

Hegoaldean guti dugu, non ez den Donostian. Egia erran, mugak arauak konplikatzen ditu.

Gainera, ehun bat kilometrotan alda daitezke arrunt errezetak eta jateko usaiak. Hala, %60a Ipar Euskal Herrian saltzen dugu. Gainerakoa, Bordele eta Parisen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.