Mamadou Barry. Errefuxiatua

«Lehen aldian ia ito nintzen, eta ez nuen berriz ontzi batean sartu nahi»

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Azpeitia
2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Ginean gutxiengo den peul etniako kidea da Mamadou Barry (Labe, Ginea, 1992). «2010. urteaz geroztik, arazo larri bat dago gure herrian, eta presidentea gure aurka dago; jazarri egiten digu, eta gutako asko ere hiltzen ari da». Nahikoa arrazoi izan zen hori harentzat, jaioterria utzi eta Europarako bidea hartzeko. «Askotan uste dugu Afrikan baino hobeto bizi zaretela hemen; guk badakigu Afrika aberatsagoa dela, baina agintariek gaizki kudeatzen dute dena. Hemen hobeto dago egoera, baina orain jabetu naiz denetariko errealitateak daudela, ez zela esaten zitzaiguna bezalakoa».

Gineatik atera zenean, Senegal aldera egin zuen, Mauritania zeharkatu, eta Saharatik Marokora iritsi zen. «Hango Polizia izugarri arrazista da, eta bertako herritarrak ere bai; baztertu egiten zaituzte, jipoitu». Bi aldiz saiatu zen Espainiara itsasoz joaten, eta lehen saiakeran itotzeko zorian egon zen. «Lehen aldian ia ito nintzen, eta ez nuen berriz ontzi batean sartu nahi; baina, era berean, banekien nire herrialdean zer neukan. Beste saiakera bat egin nuen».

Espainiara iritsi zenean, Almeriara joan zen lehenengo, han afrikar asko zeudela esan baitzioten, baina kalean lotan eta jatekorik gabe bi aste eman ondoren, Frantziara joatea erabaki zuen. Irunera iritsi ondoren, Hendaiara (Lapurdi) igaro eta Bordelera (Okzitania) joateko autobusa hartu zuen. «Poliziak atxiki ninduen, eta Irunera itzuli berriz ere bueltan». Orain pozik dago Azpeitian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.