Espainiako Gorteen osaketa

Ados jartzeko lehen pausoa

Patxi Lopez hautatu dute Kongresuko presidente, PP, PSOE eta Ciudadanosen akordioari esker.Mahaiaren osaketak aurrez aurre jarri ditu PSOE eta Podemos, eta haien arteko akordioa urrundu

Espainiako Kongresuak XI. legealdiari hasiera eman zion, atzo, ofizialki. Irudian, atzoko saioaren panoramika bat. J.J.GUILLEN / EFE.
Edurne Begiristain.
2016ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Historian lehen aldiz, hauteskundeetan boto gehien lortu ez duen alderdiaren ordezkari batek hartu du Kongresuko Mahaiaren presidentetza: Patxi Lopez sozialistak. Bigarren indarra izan zen PSOE abenduko hauteskundeetan —90 eserleku lortu zituen—, baina, PSOE, PP eta Ciudadanosen artean lortutako akordioari esker, Patxi Lopez PSEko idazkari nagusi eta Jaurlaritzako lehendakari ohia aukeratu dute Espainiako Kongresuko presidente. PSOEko eta Ciudadanoseko diputatuen botoekin hautatu dute presidente, bigarren bueltan, gehiengo sinplez. PPk ez dio aldeko botoa eman, baina bere hautagaitza aurrera ateratzea ahalbidetu du, boto zuriarekin. 130 boto lortu ditu Lopezek, eta 71 boto eskuratu ditu Carolina Bercansa Podemoseko hautagaiak.

Presidentea sozialista izango da, baina Mahaian gehiengoa izango dute PPk eta Ciudadanosek. Bina ordezkari izango dituzte PPk, PSOEk eta Ciudadanosek, eta hiru Podemosek. Mahaian ordezkaririk ez dute izango jeltzaleek —zazpi diputatu dituzte—, baina ez dira esku-hutsik geratu: Kongresuko eta Senatuko batzorde bana presidituko dituzte jeltzaleek.

Kongresuko Mahaiaren aukeraketarekin, ofizialki abiatu dute Gorteetan XI. legealdia. Ez da ziurra, ordea, legealdi berriak lau urte iraungo duenik, gobernua osatzeko zailtasunak agerikoak direlako. Nolanahi ere, alderdiek bi hilabete dituzte gobernuko presidente izendatzeko; bestela, hauteskundeak deitu beharko dituzte berriz.

Giro horretan egin du Lopezek lehen hitzaldia Kongresuko presidente gisa. Elkarrizketaren etaadostasunaren aldeko diskurtsoa egin du PSEko buruak kargua hartzeko ekitaldian: «Elkartzen gaituena bilatu behar dugu». Espainia «plurala» dela esan du, eta «desberdintasunak» alde batera utzi eta «adostasunak» lortzeko ahalegina eskatu die ganberako taldeei. «Terrorismoaren» biktimak eta indarkeria matxistarenbiktimak gogoan hartu ditu buruzagi sozialistak bere hitzaldian, eta euskaraz, katalanez eta gazteleraz eskerrak eman dizkie botoa eman dioten zein eman ez dioten diputatuei. Jakinarazi duenez, Espainiako erregearekin biltzea izango du lehen eginkizuna, bere karguaren berri emateko.

Mahaiko akordiotik harago

Kongresuko Mahaia osatzeko PPk, PSOEk eta Ciudadanosek lortutako akordioak bi ondorio ekarri ditu: batetik, arrakala sortu du PSOEren eta Podemosen arteko harremanetan, baina, bestetik, PPk gobernua eskuratzeko giroa erraztu du. Hiru alderdiek esan dute akordioa Mahaia osatzeko besterik ez dela, baina PPk Pedro Sanchezen alderdiari egindako keinu gisa ulertu da Mahaian lortutako adostasuna.

Abenduko bozek gobernabide zaila utzi bazuten ere, PPk itxaropena du oraindik sozialisten abstentzioarekin eta Ciudadanosen babesarekin Rajoy presidente hautatzeko. Are gehiago, Mahaiaren osaketan lortutako akordioaren ostean. Adostasun horrek Mariano Rajoyren inbestidurak aurrera egiteko bidea erraztu dezakeela uste dute PPkoek, nahiz eta sozialistek esana duten ez dutela PPren hautagairik babestuko, eta gobernua osatzen saiatuko direla.

Rajoyk bereari eutsi eta akordiorako eskua luzatu zien atzo, beste behin, PSOEri eta Ciudadanosi gobernua osatzeko.Haren ustez, Mahaiko akordioak eredugarri izan beharko luke legealdirako: «Elkar ulertzea, akordioa eta zentzuaren ordua iritsi da». Rafael Hernando PPko bozeramaileak ere eskua luzatu zien PSOEri eta Ciudadanosi Espainiari «egonkortasuna» emango dioten akordioeak iristeko.

Sozialistek, baina, berretsi zuten ez dutela bat egingo PPrekin, eta PPren hautagairik ez dutela babestuko. Podemosekin eta Ciudadanosekin «gobernu alternatiboa» bilatzen jarraituko duela jakinarazi zuen atzo Sanchezek. PSOEko idazkari nagusiaren arabera, ezinezkoa izan da Mahaiaren eraketak Podemosekin akordioa lortzea, haiek eskatutakoa—lau talde osatzea Kongresuan— ez duelako araudiak baimentzen. Horregatik, Podemosi dei egin zion alderdi interesak albo batera utzi eta «aldaketarako» gobernua ahalbidetu dezan.

Alabaina, PSOErekin akordioa lortzeko aukera gutxi ikusten du Podemosek. Izan ere, Pablo Iglesiasen alderdia «minduta» agertu da Sanchezekin PPrekin eta Ciudadanosekin lortutako akordioagatik, eta berez nekeza zirudien akordioa «urrunago» dago atzoz geroztik, Podemoseko idazkari nagusiak ohartarazi zuenez.PSOErekin ez da «fio» Iglesias, eta susmoa du Kongresuko akordioa aldez aurreko pausoa dela PPri gobernua emateko.

Ahal Dugu ere oso kritikoa izan da, ohar batean. Lopez presidente aukeratu izanak PP eta PSOEren arteko ituna islatzen duela dio, 2009an Jaurlaritzako lehendakari izateko gertatu zen moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.