Korsika. Egoera politiko berria

AURREKARIA IZATEKO BIDEAN

Korsikako nazionalistek, lau urteotan izan duten arrakastak bultzatuta, Parisen mahai gainean jarri dituzte berriz aldarrikapen historikoak. Independentziaren eztabaida oraingoz alde batera utzita, autonomia estatutua lortzeko lanean murgildu dira Simeoni eta Talamoni, mugimenduko bi joeren buruak.
Jean-Guy Talamoni Korsikako Legebiltzarreko presidentea eta Gilles Simeoni Korsikako presidentea, hauteskundeetako garaipena ospatzen, Bastian, iazko abenduaren 10ean.
Jean-Guy Talamoni Korsikako Legebiltzarreko presidentea eta Gilles Simeoni Korsikako presidentea, hauteskundeetako garaipena ospatzen, Bastian, iazko abenduaren 10ean. OLIVIER SANCHEZ / EFE

Ander Perez Zala - Berriemaile berezia

2018ko otsailak 4
Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak, duela bi aste, aitortu zuen: Korsikako egoera politikoa «berria» da Parisentzat. Parisentzat ez ezik, Korsikarentzat ere bai. 2015ean boterera iritsi ziren lehenengoz nazionalistak, eta harrezkeroztik arrakastaz arrakasta igaro dituzte hauteskunde guztiak. Garaipen politiko horiekin batera, eta gatazka armatua eta klandestinitatea atzean uzteko nahiarekin batera, irlari aurpegia aldatu nahi diote autonomistek eta independentistek, herriaren egonkortasuna bermatzeko. Helburu errealista duten arren, egitasmoak onartzea Parisen menpe dago. Xedea samurra da: historikoki deszentralizazioaren aurkako jarrera izan duen estatu bat konbentzitzea, oraindik negoziatzeko keinu garbirik egin ez duena. Frantziako Gobernuak, nazionalisten gehiengo osoaren jakitun, Ajacciorekin duen harremana berritu beharko du; hori, gutxienez. Bidean zailtasunak izango diren arren, Korsika aurrekari bihur daiteke Frantziako beste nazioentzat. Hori lortzeko garai politiko egokia osatu da Frantzian, konstituzioaren erreforma egitear baitira.

2014an, Gilles Simeoni Bastiako alkate hautatu zutenetik —botoen %55,4 lortu zituen—, gora besterik ez du egin mugimendu nazionalistak. Garaipen horren ostean utzi zituen armak FLNCk, eta erabakiak are gehiago bultzatu zuen nazionalisten olatua. Estrategia berri horrekin, 2015eko Korsikako hauteskundeetan irauli zuten paisaia politikoa lehenengoz nazionalistek: abenduaren 13an, eta XVIII. mendeaz geroztik aurrenekoz, nazionalistaz osaturiko gobernu bat igo zen boterera Mediterraneoko uharte horretan, bozen bigarren itzulian autonomistak eta independentistak elkartu ostean. Simeoni autonomista hautatu zuten presidente, eta Jean-Guy Talamoni independentista legebiltzarreko presidente. Zerbait aldatzen ari zen seinale.

Nazionalisten onarpena hasi besterik ez zen egin 2015eko abenduan. Hurrengo bozetan, 2017ko ekainean, lautik hiru diputatu lortu zituen nazionalisten koalizioak, Pe A Corsicak, Frantziako Asanblea Nazionaleko hauteskundeetan, eta, horrekin batera, Parisi mezu argi bat bidali zioten: mugimendua zabaltzen ari dela Korsikan, eta emaitzak kontuan hartzeko modukoak direla. Eliseoan, ordea, ia jaramonik ez korsikarren aldarrikapenei, azken urte eta erdian bezala —Emmanuel Macron etzi izango da Korsikan—.

Sei hilabeteren ostean, herritarrak berriz deitu zituzten bozkatzera, iazko abenduan, lurralde kolektibitate berriko legebiltzarra hautatzeko. Pe A Corsicaren helburua, argia: orain arteko joerari eustea, eta ahalik eta indar gehien lortzea. Emaitza sekulakoa izan zen: gehiengo osoa lortu zuten, eta inoizko boto eta eserleku gehienak.

Herritarren babesaren beroan, Simeoni eta Talamoni Parisera itzuli ziren duela bi aste, aldarrikapen historikoak besapean: autonomia estatutua, korsikeraren koofizialtasuna, egoiliar estatusa, eta presoen hurbilketa eta amnistia. Parisek hainbat lerro gorri ditu: amnistiarik ez, are gutxiago koofizialtasuna, eta egoiliar estatusa begi txarrez ikusten dute. Ordea, atea pixka bat irekita utzi du Frantziako Gobernuak, batez ere presoen hurbilketaren eta Korsika hitza konstituzioan agertzearen auzietan, seihileko honetan egingo den erreforma baliatuz. Horren ondorio «logikoa» litzateke, nazionalisten ustez, autonomia estatutua.

Frantzia, zatiezina?

Parisek errepublikako ideia eta printzipio nagusiei eutsi die. «Frantzia zatiezina da, eta Frantziako hizkuntza frantsesa da», adierazi zuen Jacqueline Gourault Barne ministroaren alboko ministro eta gobernuaren negoziatzaileak Simeonirekin eta Talamonirekin batzartu ostean. Testuinguru horretan, nazionalistak erlojuaren kontra ari dira lanean. Korsikako Legebiltzarreko presidenteak, esaterako, txosten bat eskatu zion Okzitaniako Tolosako Unibertsitateko irakasle eta zuzenbide konstituzionaleko aditu Wanda Mastorri, frogatzeko posible dela Korsika hitza konstituzioan agertzea eta eskualdeei autonomia ematea, haren barne kohesioa apurtu gabe. Eta hala baieztatu zuen Mastorrek, argudio juridikoak emanez. Txostena Philipperen esku dago jada, erantzun baten zain.

«Uste dut orain dela erreforma egiteko unerik egokiena, bi arrazoirengatik. Hasteko, une horrek lehenago iritsi behar zuen: Frantziako legediak dio Korsika lurralde berezi bat dela, eta eman dio arkitektura instituzional berezi bat; alegia, legebiltzar bat, sufragio unibertsalean hautatzen dena, eta gobernu bat. Berezitasuna onartu diote, bai, baina inoiz ez konstituzioan», azaldu dio Mastorrek BERRIAri.

Txostenean, irakasleak hiru eskumen proposatu ditu Korsikarentzat: hizkuntza, fiskalitatea eta higiezinak. «Zergatik hiru horiek? Lotura dutelako nazionalisten aldarrikapen historikoekin, eta lotura dutelako Korsikaren berezitasunarekin eta nortasunarekin. Korsikarrengan jatorri eta ondorio garrantzitsuak dituzten eskumenak dira».

Baina, horren aurretik, Mastorrek proposatzen du artikulu berri bat jartzea konstituzioan, 74-2a, Korsikaren berezitasunak aitortuko lituzkeena. Hori baita, azkenean, nazionalisten eskarietako bat. «Lehen pausoa da proposatzen dudan artikulua jartzea konstituzioan, eta hor zehaztuko litzateke zer eskumen lituzkeen Korsikako Legebiltzarrak. Horren ostean, lege organiko bat sortu beharko genuke —autonomia estatutu baten baliokidea—. Artikulua lege organiko baten parte izango litzateke, eta hor azalduko lirateke xehetasun guztiak. Txostenean diot autonomia horren eskumenak zehaztu eta garatuko liratekeela horrelako izaerako lege batean».

Autonomia estatutuaren auzian, Mastorrek arreta jartzen du Korsikaren izaeran, haren berezitasunean. Irla bat izatea nahikoa arrazoi da autonomia emateko, haren ustez, eta atzerriko adibideak erabiltzen ditu ideia hori justifikatzeko. Portugalgo kasua, deigarriena: «Portugalgo Konstituzioa adibide perfektua da: lehen artikuluetatik argi uzten du Portugal zatiezina dela, baina, aldi berean, eskualde batzuen autonomia aitortzen du. Hori da lehen paralelismo interesgarria, Frantzian esaten baitute ezin zaiola autonomiarik eman Korsikari, Frantzia zatiezina delako. Erantzuna argia da: posible da, beste estatuek erakutsi dutenez, baita Frantzia barruan ere, itsasoz haraindiko eskualdeekin ere egin delako, Kaledonia Berriarekin eta Polinesiarekin. Portugalgo kasua interesgarria da, halaber, arrazoi honengatik: bi eskualderi eman die soilik autonomia. Zeini? Madeirari eta Azoreei, bi irlari. Hain justu, izaeragatik, uharteak direlako».

Macronen bisita

Kartak mahai gainean daude jada. Macron Korsikan izango da etzi eta etzidamu, presidente izendatu zutenetik lehenengoz. Ikusmin handia sortu du bisitak: berez, Claude Erignac prefeta hil zutela 20 urte beteko diren egunean. Nazionalistek espero dute negoziazioei bidea irekitzeko ere balio izatea bisitak, baina, aldi berean, ez dira fio haren asmoez.

Oraingoz, Frantziako presidenteak ez du asmorik erakutsi Simeoni eta Talamonirekin elkartzeko, baina aukera paregabea litzateke. Izan ere, nazionalistentzat Macron da egoera desblokea dezakeen giltza.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna