Koronabirusa

Beste 34 lagun hil dira Hegoaldean, aurreko egunetan baino gutxiago

Osakidetzak iragarri du test lasterra egingo diela langile guztiei: 35.000 profesional inguru dira

Bilbo ezkerraldeko zahar etxeetako langileei test lasterrak egiteko prestatu dute Portugaleteko Pando kiroldegia. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Azken egunetan baino hildako gutxiago eragin ditu koronabirusak azken orduetan: 34 heriotzaren berri eman zuten atzo Hego Euskal Herriko erakundeek, bezperan baino hamar gutxiagorena. Ostiraleko gaueko datuak dira Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandakoak: denera 412 kutsatu berri izan dira, bezperan baino 21 gehiago. Krisia hasi zenetik 1.376 pertsona zendu dira, eta, guztira, 16.962 pertsonari atzeman diete koronabirusa.

Bizkaian hil da jende gehien koronabirusaren eraginez: 515 lagun, horietatik hamabost ostiralean. Araban 308 pertsona hil dira (+4), 354 Nafarroan (+6) eta 197 Gipuzkoan (+9). Ez dago Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan hildakoei buruzko daturik, soilik Pirinio Atlantikoetako Departamenduko datuak ematen baitituzte Frantziako instituzioek.

Atzemandako kutsatu kopuruan nabarmen eragiten du bai Eusko Jaurlaritzak eta bai Nafarroako Gobernuak egiten dituzten testen kopuruak. Portzentajean, halere, gero eta test gutxiagok ematen dute positibo; adibidez, Osakidetzak egindako testen %9k eman zuten positibo ostiralean, Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.

Datuei lurraldez lurralde erreparatuta, Bizkaian ageri dira kasu berri gehienak: 201. Hain zuzen, 6.868 kutsatu daude lurralde horretan; horietatik 664, ospitalean. Nafarroan, berriz, 4.579 gaixo daude (+146); 437, erietxeratuta. Araban 3.194 kutsatu dira (+38); 174, ospitaleratuta. Kutsatu gutxiago ditu Gipuzkoak: 2.293 (+27); horietatik 238, ospitalean.

Ospitaleratutako gaixoen kopurua behera egiten ari da apurka. Hego Euskal Herrian, guztira, 1.513 lagun daude ospitalean; bezperako datuekin alderatuta, 67 gutxiago. Erietxean dauden gaixoen kopurua apirilaren hasieran hasi zen jaisten, eta datuek erakusten dute joera horri eusten ari zaiola. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, apirilaren 1ean zeudenekin alderatuta %40 gutxitu dira ospitaleratuak. Horri lotuta, etengabe gora egiten ari da sendagiria jaso dutenen kopurua; herenegun 474 lagunek jaso zuten Hegoaldean —krisia hasi zenetik, 7.510ek—.

Birusaren zabalpenari begira eta ospitaleratzeen beheranzko joerari erreparatuta, baikor antzean hitz egin zuen atzo Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eguerdiko agerraldian. «Zuhurtzia handiz» mintzatu zen, baina azpimarratu zuen plan bat prestatzen hasiko direla Osakidetza pixkanaka «normaltasunera» itzultzeko. Orain arte koronabirusa artatzeko prestatutako guneak berriz ere gainerako pazienteak hartzeko egokituko dituzte. Aurrez programatutako probarik eta ebakuntzarik presazkoenak egiten hasiko dira lehenik, eta pixkanaka joango dira gainerako azterketak eta kontsultak ere egiten.

Testekin lotuta, aldaketa bat iragarri du Jaurlaritzak: Osakidetzako langile guztiei egingo diete koronabirusaren test lasterra. Pazienteen segurtasuna hobetu nahi dute neurri horren bidez. Test lasterraren bitartez jakingo dute zer profesionalek dituzten antigorputzak —koronabirusa izatean sortzen dira—. Lehenbizi, arrisku berezia duten langileei egingo dizkiete probak: ZIU zainketa intentsiboetako unitateetako langileei, larrialdietakoei eta koronabirusa duten pazienteak artatzen aritu direnei, besteak beste. Kirurgietako taldeei eta paziente onkohematologikoak artatzen aritzen diren unitateetako langileei ere egingo zaizkie testak, eta ondoren joango dira Osakidetzako gainerako profesionalei azterketa egiten. Orotara, 35.000 profesionali egin nahi dizkiete testak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.