Koronabirusa

Osakidetzak txertaketa ziurtagiriak emango ditu immunizazioa egiaztatzeko

Jaurlaritzak dio kasuen %42tan atzeman duela Erresuma Batuko aldaera. 418 positibo zenbatu dituzte Hegoaldean, eta %4,5 da positibo tasa

Osasun langile bat Pfizer txertoa jartzen osasun zentro batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Jose Luis Quintas Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak atzo iragarri zuen txertoaren bi dosiak jasoak dituzten eta hala eskatzen duten herritarrei txertaketa ziurtagiri bat emango diela Osakidetzak. Herenegun, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak iragarri zuen Europako Batasuneko estatu kideek «txertaketa pasaporte bat» izango dutela aurtengo udarako, txertoa jasoa duten herritarrei EBko herrialdeen artean libreki mugitzea baimenduko diena. Horri buruz galdetuta, Quintasek argitu zuen beste gaixotasun batzuen kasuanOsakidetzak immunizazioa egiaztatzen duela agiri batekin, eta hala egingo dutela COVID-19aren aurkako txertoa jaso duten herritarrekin ere. Nolanahi ere, esan zuen ez dituztela ziurtagiriak «modu masiboan» emango, eta pasaporteak ez duela txertaketa egutegia baldintzatuko.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bilakaera epidemiologikoaren berri emateko agerraldia egin zuen atzo Osasun sailburuordeak, Koldo Cambra Osasun Publikoko zuzendariordeak lagunduta. Jakinarazi zuten asteon amaituko dutela 100 urtetik gorakoen txertaketa, eta astelehenean hasiko direla 90etik gorakoei txertoa jartzen. 100 urtetik gorako herritar asko 800 inguru gaur egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo bizi direnez, ezin izan dituzte oraindik txertatu, eta, azaldu zutenez, horrek aurreratu egin du 90 urtetik gorako herritarrena. Horrez gain, atzo ekin zioten Hezkuntza sare publikoko langileak txertatzeari, eta datorren astean hasiko dira ikastetxe pribatu eta itunpekoekin. Anbulantzietako langileei dagokienez, astea amaitzerako guztiak txertatuta izatea aurreikusi dute.

Txertaketa estrategiari buruz ere mintzatu zen Osasun sailburuordea. Azaldu zuen Osakidetzak AstraZenecaren dosien erdia gordetzeko estrategiari eutsiko diola, baina «modu ez hain estuan», hamar asteko tartea dagoelako dosi batetik bestera. Horrez gain, Erresuma Batuan zabaldutako COVID-19aren birusaren aldaerari buruzko datu berria eman zuen Cambrak: atzeman diren kasuen %42 dagozkio aldaera horri. Aste gutxitan izan den igoera agerikoa da, eta, hazkunde hori dela kausa, ohartarazi zuen laster aldaera hori «nagusi» izango dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hain justu, aldaera horrek eragina izan du Barakaldoko (Bizkaia) gimnasio batean izandako agerraldi batean: halako 170 kasu atzeman dituzte.

Positibo tasa behera

Otsailaren hasieratik aurrera, kutsatzea mantsotu egin da Hego Euskal Herrian, hainbat adierazlek erakusten dutenez. Besteak beste, egindako PCR eta antigeno testetan positiboen portzentajeak ia astebete darama %5etik behera. Azken datuen arabera, 418 positibo atzeman dira Hegoaldean, eta positibo tasa %4,5 da. Kontuan hartu behar da %5 baino gehiago positibo izateak adierazten duela gaitza ez dagoela kontrolpean. Eta adierazle hori ez zen muga horretatik jaisten abuztutik Hego Euskal Herrian.

Bestalde, oraintxe bertan 147 lagun daude Hegoaldeko ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, larri, eta 526 pertsona daude ospitaleratuta gaitzarekin. Nafarroako Gobernuak heriotza baten berri eman zuen atzo: 77 urteko gizonezko bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.