Osakidetzako lan eskaintza. Darponen dimisioa. ANALISIA

Iruzurraren horma Osakidetzan

IHANA IRIONDO / @FOKU

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko martxoak 15
Urteetan, iruzur sistema baten bidez eman dituzte lanpostu finkoak Osakidetzako mediku espezialistetan. Oposizioen eredua dute ofizialki: azterketa bat, eta, gaindituz gero, pilatutako merituen balorazioa; puntuazio onena dutenentzat, lanpostu finkoa. Espezialitate batzuetan, ordea, antzerkia izan da hori: lan deialdia egin dutenean, zerbitzuko arduradunek nahierara hautatu dituzte mediku batzuk, eta azterketako edukia filtratu diete, horrela ziurtatzeko haiek lortuko dutela postua. Hala diote BERRIAk hilabeteotan bildutako lekukotasunek, baita fiskalak jasotako testigantzek ere. Ez da oraingo kontua. Argi esana du sendagile batek orriotan: «Hau ez da Darponekin hasi. Osakidetza ezagutzen dudanetik egon da hor gai hori».

Ia urtebetez euste horma baten gisa aritu ostean, kargua utzi du Jon Darpon Osasun sailburuak. Horma pitzatuta zegoen, Osakidetzako zuzendariaren dimisioarekin, eta are gehiago zulatu da orain. Horma eraistea falta da: zer gertatu den jakitea, eta, batik bat, zergatik. Zer aldatu behar den.

Euste hormaren estrategiari jarraitu dio Darponek hasieratik, eta oposizioetako iruzurrak sortutako uholdeak ito egin du. Lehen salaketak iritsi zirenean oso irmo erantzun zuen, irmoegi: «oportunismoz» aritzea leporatu zien sindikatuei, «asmakeriatzat» jo zituen salaketa batzuk, eta erronka bota zuen —«norbaitek frogaren bat baldin badu, jar dezala mahai gainean, izen eta abizenekin»—. Denborak erakutsi du salaketek bazutela funtsa, eta eskatutako frogak mahai gainean jarri dituztela salatzaileek —nahiz jazarpena jasan ordainetan—. Finean, hilabeteotako iruzur zantzuek jokoz kanpo utzi dute sailburuaren jarrera irmoa.

Egoera jasanezina zeukan, eta bozak ate joka. Batetik, auzitegietan: fiskalaren txostenaren ostean, epaitegia ari da ikertzen. Bestetik, legebiltzarrean: PP izan da Darponen flotagailua orain arte, baina amaitu dela erabaki du, eta prest agertu da sailburua gaitzesteko —bidenabar, kontuan izatekoa da gai horretan PPk zer zentraltasun izan duen: hark bideratu ditu Osakidetzako zuzendariaren eta sailburuaren dimisioak—.

Askatu du euste horma Darponek, utzi du kargua azkenean, baina erroko auzia hor dago: urteetan nolako iruzurra egin den, zer arazo dagoen Osakidetzako sarbidean, nolako behin-behinekotasuna duten langileek, eta zer aje dauzkan administrazioan postua lortzeko sistemak. Eztabaida sakona eskatzen du gaiak.

Ez dira gutxi urteotako iruzur sistema ulergarritzat jotzen duten sendagileak. Batetik, oposizioen eredua ez dutelako egokitzat jotzen: «Nola neurtzen da zein den mediku ona? Egun bateko azterketa teoriko baten bitartez?». Bestetik, urteetan lanean ari diren medikuak direlako asko: «Behin-behinean hainbeste urte postu batean —batzuetan hogei urte ere bai—, ondo lan egin, eta justua da oposizioen ondoren beste batek hartzea postu hori?». Ez da osasun arloko gaia soilik: hezkuntzan ere bada eztabaida.

Gaixotasunaren erremedioa ez da hobea izan Osakidetzan. Iruzur sistema bat eraiki dute, legez kanpokoa, eta sekulako boterea ematen diena zerbitzuburuei, nahierara erabakitzen baitute postuak nori eman. Finean, kontrol mekanismo bat da. Ez dira ezohikoak «txanda-pasak», edo antzinatasunaz aparteko irizpideak erabiltzea: lagunak, kontsulta pribatuetako lankideak...

Horma bat erori da Darponen dimisioarekin, baina hori baino horma handiagoa eraiki da urteotan Osakidetzan: iruzurraren, boterekeriaren eta isiltasunaren horma. «Hau ez da Darponekin hasi. Osakidetza ezagutzen dudanetik egon da hor gai hori». Darponekin amaituko da? Sailburu berriari ez zaio presiorik faltako.

Oposizioak «behartuta»

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna