Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa. Bakartxo Ruiz. EH Bilduko zerrendaburua

«PSNk alfonbra jarri dio eskuinari. Haren marra gorria aldaketa da»

Hurrengo legealdian aldaketan sakontzeko beharra azpimarratu du Ruizek, eta horretarako bermea EH Bildu sendo bat dela dio. Uste du ezen laukoak hautagaitza aurkeztu beharko lukeela gehiengo osoa lortzerik ez balu ere, Navarra Sumari eta PSNri gailenduko zaielako.

joxerra senar
Iruñea
2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Nafarroa geldiezina, hori da EH Bilduk kanpaina honetarako aukeratu duen leloa. «2015ean hasitako bidean aurrera egin nahi dugu, ikuspegi feministatik, denontzako eskubideen alde, Nafarroa duinagoa, jasangarriagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko», azaldu du Bakartxo Ruizek (Iruñea, 1977). Baikor dago, uste baitu aldaketaren blokea nagusitu egingo dela bozetan.

Atzera egiteko arriskua dago?

Bai. 2015ean hasitako bidea ez den beste formula atzera egitea litzateke. Oposizioan egon diren alderdiek eta erregimenaren bestelako adarrek planteamendu bakar bat dute: lau urte hauetan kostata eraiki dena deseraikitzea.

Zer rol joka dezake PSNk?

PSNk uste du Espainiako hauteskundeetako olatua berriro etorriko dela maitzaren 26an, eta nik benetan ez dut sinesten. Nafarroako jendarteak oraindik ere oso gogoan du zer den PSN, non egon den historia osoan eta non dagoen orain ere. Bere planteamenduak erregimenaren barruan kokatzen dira, atzera egiteko. Ez dute Nafarroarako proiekturik.

Aldaketaren zer analisi egiten du EH Bilduk ?

Oro har, pozik gaude. 2015ean aro berri bati eman genion hasiera, eta lau urte hauetan nafar jendarteak benetan ikusi du gai izan garela lau indar diferenteen artean lan egiteko eta beste aro demokratikoago bat irekitzeko, bai eskubideen bermean, bai bazterkeriak alde batera utzita. Oso kritikoak izan ginen gobernu formularekin, eta iruditzen zaigu eredu presidentzialista eta kolore bakarreko horrek hainbat arazo ekarri dituela.

Zer muga ikusi dituzue?

Gai jakin batzuetan hartutako erabakiek ez diote erantzun aldaketaren gobernu batek egin beharrekoari: AHTarekiko posizioa, Aroztegiaren kasua... Hizkuntz politika ausartagoa egin zitekeen.

Zer lorratz utzi du EH Bilduk?

Erakutsi dugu emandako hitza betetzeko gai garela. EH Bildu ezinbesteko gakoa izan da, zailtasun guztiekin ere, kohesioa legegintzaldi amaiera arte gauzatu ahal izateko eta arazoei irtenbideak emateko. Izan genitzakeen kontraesanen gainetik, interes orokorra eta aldaketaren bideragarritasuna lehenetsi ditugu.

Akordio programatikoak zertan sakondu behar du?

Fiskalitatean urrats ausartagoak egin behar dira, eta berme gehiago behar ditugu bidezkoago izateko. Hizkuntza politikan ezinbestekoa deritzogu euskararen lege bat egiteari.

Ingurumenari begira, zer urrats planteatzen dituzue?

Klima aldaketari aurre egiteko bide orri interesgarri bat dugu, baina horrek koherentzia behar du, esate baterako, azpiegituretan. Legegintzaldi honetan, oinarri teoriko sendoak jarri ditugu: ekonomia zirkularrari buruzko plana, ekonomia sozialari buruzkoa, plan energetikoa... Norabide egokian doaz, baina neurri zehatzekin gauzatu behar da. Horrek esan nahi du azpiegituretan eta garapen ekonomikoan hausnarketa egitea. Gure eredu ekonomikoa pertsonen eta lurraldearen mesedetan eraiki behar dugu; ez bestelako interesen gainean.

Euskararen legearen inguruko batzorde berezi bat osatu da parlamentuan. Balio izan du?

Nik uste dut baliagarria izan dela oinarri batzuk jartzeko. Hainbat elkargune topatu dira. Ondorio nagusia izan beharko luke nafar guztiok eskubide berak izan behar ditugula legez, eta hortik aurrera hizkuntza politika errealitate soziolinguistikoari egokitzeko aukerak badira, baina eskubideak ezin dira zonifikatu.

Nola kokatzen da EH Bildu hauteskundeei begira?

Alternatiba bakarra ikusten dugu: bigarren fasea behar du jendarteak aldaketan sakontzeko, eta horretarako bermea da EH Bilduk indar handiago izatea. Anbizio handiz jokatzen dugu, lidergo partekatuak eraikitzeko.

Lor daiteke?

2015ean ez zen erraza izan UPN eta PSN kanpoan utziko zituen gehiengo bat osatzea. Orain ere lor daiteke. Edozein kasutan, ez iritsita ere, badu aurrera egiteko bidea. Aldaketaren esparrua boto eta ordezkaritza gehien izango duen sektorea izango da.

Kohesioaren beharra duzue?

Nik batzuekin zalantza dut. Kezka gehien Podemosek eragiten dit, ea hemen erabakiak hartzeko gaitasuna izango duen edo Madrilera begira egongo den.

Eta Geroa Bairekin kezka duzu?

Benetan, Uxue okertu egingo litzateke PSNrekin ituna egitea hautatuko balu. PSN erregimenaren parte da oraindik ere, eta ez da identifikatzen aldaketaren proiektuarekin. Legegintzaldi honetan hautu bat edo beste egin zezakeen, eta erabaki du bere benetako aurpegia erakusten jarraitzea. UPNrekin batera izan da.

PSNren araberako jokaleku batean, laukoaren erronka izango litzateke batzuen eta besteen artean aukeratzera behartzera?

Zalantzarik gabe. Uste dut 26 parlamentari izatera iritsiko garela, baina bestelako jokaleku bat balego, jarraitzen dut pentsatzen aldaketaren blokeak izango duela ordezkaritza gehien eta bloke horri egokituko zaiola hautagaitza aurkeztea.

PSNk marra gorria ezarri dizue.

Ez du sinesgarritasunik inori inolako marra gorririk ezartzeko. Historia osoan marra gorria jarri dio UPNkoa ez den gobernu bati atea irekitzeko, eta eskuinari alfonbra jarri dio. PSNren marra gorria aldaketa da.

Abstentzioa eskatuko balizuete?

Ez dut aukera horretan pentsatu ere egiten. 26 parlamentari izatera iritsiko ez bagina ere, aldaketaren esparruak badu gaitasuna hautagaitza aurkezteko.

Navarra Suma lehen indarra izan daiteke.

Oso urduri ikusten ditut. Lehen indarra izateak ez du esan nahi erakunde nagusietan boterea eskuratuko dutenik. Ez da kasualitatea hainbat komunikabideri elkarrizketa ez ematea. Argudio gabe ikusten ditut. Iruditzen zait UPNk bere siglez gain diskurtsoa eta proiektu politikoa Rivera eta Casadoren eskuetan utzi duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.