Telelana

Urrats bat bai, baina ez irtenbide osoa

Telelanak auto pribatuen erabilera gutxitzen du. Horrek berekin dakar berotegi gasen isurketa eta kutsadura arintzea. Nolanahi ere, baditu bestelako ondorioak ere ingurumenean, ez horren positiboak.

Trafiko ilara arinak, Muskiz inguruan, Bilborako norabidean. JAVIER ZORRILLA / EFE.
inaki petxarroman
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Autoa etxean aparkatuta geratzeak ingurumenean daukan eragin positiboa gutxik jarriko dute zalantzan. Nabarmen geratu zen hori konfinatze asteetan. Alde horretatik, etxetik lan egitea, printzipioz, onuragarria da ingurumenarentzat eta klimarentzat. Alabaina, baditu bestelako albo ondorio batzuk ere, ez horren baikorrak.

Frantziako Trantsizio Ekologikorako Agentziak (ADEME) uztailean argitaratu zuen ikerketaren arabera, beharginen %35 telelanean aritzeak eguneroko joan-etorri asko gutxituko lituzke. Hain zuzen ere, 3,3 milioi desplazamendu saihestuko lituzke herrialde horretan, eta3.200 tona CO2 gutxiago isuriko lirateke astero. Konfinatze garaian, %41era igo zen etxetik lan egiten zutenen kopurua Frantzian eta Ipar Euskal Herrian. Aurretik %17 ziren.

Alemaniako Greenpeacek ere propio aztertu ditu telelanak ingurumenean dituen ondorioak, berriki landutako txosten batean. Alemanian, langileen %25-40 telelanean arituko balira, egun bakoitzean %2 gutxituko lirateke bidaiarien garraioari dagozkion berotegi gasen isurketak. Horrek esan nahi du bi eguneko telelana ezarriko balitz %4koa litzatekeela murrizketa, eta hiru egunekoa balitz, %6koa. «Ez da panazea, ez da mugikortasun arazoen eta hirietako kutsaduraren irtenbide osoa, baina bide bat litzateke—beste neurri batzuekin batera— berehala berotegi gasen isurketak gutxitzeko», adierazi du Adrian Fernandez Espainiako Greenpeaceko Mugikortasuneko arduradunak. Aintzat hartu behar da Europan berotegi gasen isurien herenak dagozkiola, gutxi asko, garraioari.

Izan ere, Espainiako Greenpeace ere ari da aztertzen Espainian, Galizian, Hego Euskal Herrian eta Herrialde Katalanetan telelanak zer eragin izango lukeen ingurumenean eta isurketen bilakaeran.

Mundu mailan handia izan zen COVID-19aren ondoriozko konfinatze garaian telelanak eragin zuen erregai kontsumoaren murrizketa. IEA Nazioarteko Energia Erakundeak kalkulatu zuen OCDEko herrialdeetan ezarri zen telelanaren ondorioz eguneko 600.000 upel txikitu zela gasolina eta diesel eskaria.

Alemaniako azterketak agerian utzi ditu lehendik jakinekoak ziren beste gorabehera batzuk ere. Esaterako, lan kualifikazioa handiagoa duten beharginek joera dutela autoa gehiago erabiltzeko. Batetik, soldata handiagoa dutelako; eta, bestetik, askotan lan tokitik urrunago bizi direlako. Aldi berean, lan horiek dira, hain zuzen ere, telelanarekin errazen uztartzen direnak. Kualifikazio txikiagoko beste lan batzuk, eraikuntzakoak, lantegietakoak eta zaintzakoak, zailagoa da etxetik egiten. Beraz, telelana martxan jartzeak berehalako eragina du autoz kilometro gehien egiteko joera duten langileen sektorean.

Ondorio kaltegarriak ere bai

Alemaniako Greenpeaceren ikerketak agerian utzi ditu telelanaren bestelako ondorio batzuk ere,ez horren positiboak. Alde batetik, etxeko energia elektrikoaren kontsumoa handitu egin dela, Interneten erabileraren ondorioz. «Zaila da jakitea, konfinatze garaiari dagokionez, kontsumoaren hazkunde horren zein zati dagokion telelanari eta zein aisialdiari; hau da, bideoak ikusteari-eta... Hazkunde hori ez da txikia, baina desplazamendua ez egiteak dakarren aurrezte energetikoa handiagoa da. Gainera, edozein kontsumo elektriko bezala,energia berriztagarriekin estaltzeko modukoa da, haiek zabalduz doazen heinean», azaldu du Fernandezek. Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak egindako ikerketa baten arabera, konfinatze garaian %11 gutxitu zen energiaren kontsumo orokorra, baina etxeetako kontsumoa %28 inguru igo zen.

Etxeetako berogailuaren kontsumoa ere igotzen da telelanaren bidez. Greenpeacek, beste hainbat erakundek bezala, ohartarazi du langileen ahalmen ekonomikoari kalte egin diezaiokeela gastu hori haien gain geratzeak. «Aztertzen ari diren araudi horretan aintzat hartu beharko da hori, langileek ez dezaten beren gain hartu enpresei dagozkien gastuak. Hala ere, elektrizitatearen eta gasaren kontsumoa handiagoa izango da, baina egungo egoerarekiko balantze energetikoa positiboa litzateke, autoen joan-etorrietan isurtzen delako berotegi gas gehien, eta, gainera, enpresek bulego eta instalazio txikiagoak eduki ditzaketelako. Kontuan eduki horiek energia kontsumo handia izaten dutela».

Alemaniako Greenpeacek ere atzeman du beste toki batzuetan ere igarria zioten beste joera bat. Hau da, telelanean geratzen diren langileek joera dutela autoa hartzeko bestelako joan-etorri batzuk egiteko. Esan nahi baita, ez direla etxean geratzen. Erosketak egitera joaten dira autoz, edo haurrak eskolara eramatera. Usu, lanerako bidean egiten dituzten zereginak dira horiek, baina, etxean geratuz gero, halakoak egiten jarraitzen dute, eta autoz egiten dituzte. Frantziako Garraio Azpiegituretako eta Plangintzetako Teknologien eta Zientzien Institutuak (Ifsttar) iaz telelanari buruz egindako ikerketa batek hau ondorioztatu zuen, horri dagokionez: «Joan-etorri horiek lanetik etxera eta etxetik lanera egindakoak baino motzagoak izaten dira, baina telelanaren karbono balantzean eragin negatiboa daukate».

Halaber, telelanak ere eragin dezentekoa izan dezake hiri handien artean hegazkinez mugitzen direnen artean. Oso talde txikia izaten da hori, baina haien karbono aztarna handia da. Esate baterako, Erresuma Batuan egindako ikerketa baten arabera, bidaiarien %15ek hartu ohi dituzte hegazkin txartelen %75. Bidaia horietako askok zerikusia daukate lan jarduerekin. «Badago gutxiengo bat halako bidaiak egiten dituena, askotan bilerak egiteko, eta sarritan zentzu askorik ez duten topaketak izaten dira. Hiriburu handien arteko joan-etorrien murrizketahandia izan daiteke, telelana ezarriz gero. Hegazkinak ez dauka alternatiba errazik, eta, beraz, oso kutsatzailea izanik, aukera bakarra da desplazamenduak gutxitzea», erantsi du Fernandezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.