Indarkeria matxistako kasuak «lehentasunez» tratatzea galdetu du Darmaninek

Polizia etxeetan biktimaren salaketa hartzera derrigortu nahi du Frantziako Barne ministroak. Arma jabeen fitxategia kontrolatuko dute

Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Indarkeria matxistari aurre egiteko neurri sorta bat aurkeztu du Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak —2018an bortxaketagatik salatua izan zen Darmanin bera, eta aferak instrukzioan segitzen du—. Elkarte feministek afera horretan izandako «disfuntzioak» salatu zituzten, eta horren harira osatu zuen ikerketa batzordea Frantziako Gobernuak. Le Canard Enchaine kazetak, gainera, jakinarazi zuen Daouden salaketa hartu zuen polizia indarkeria matxistagatik kondenatua izan zela Frantziako Polizian lan egiteko debekurik izan gabe.

Ikerketa batzordeak Frantziako Barne ministroari eman dizkio azterketaren ondorioak. Horiek horrela, Darmaninek iragarri du indarkeria matxistarekin lotutako salaketa kasuek «lehentasunez» tratatuak izan beharko dutela, araberako neurriak ezarriz. Polizia eta Jendarmeria etxeetan indarkeria matxistako kasuez arduratzen den poliziaburu bat ezarriko dute, besteak beste. Gainera, Frantziako estatu mailako arduradun bat izendatuko du Frantziako Barne ministroak, «terrorismoaren eta droga aferen kasuan egiten den bezala». Oro har, indarkeria matxistaz arduratzeko polizia gehiago ezarri nahi du Darmaninek, «kasuen gorakadari» aurre egiteko. Nous Toutes elkarte feministak, ordea, galdera egin du: «Zer erran nahi du? Orain arte indarkeria matxistako kasuak ez direla izan lehentasunezkoak?».

Seinalatzetik, salaketara

Polizia behartua izanen da biktimen salaketa hartzera. Izan ere, Frantziako justizia antolaketan, posible da delitu txikiak «seinalatzea» salaketarik ezarri gabe. Elkarte feministek salatzen dutenez, polizia etxeetan indarkeria matxistako kasuak seinalatzera bultzatzen dituzte biktimak, salaketarik ezarri gabe, «froga faltagatik». Hala, Darmaninek beharrezkoa bilakatu du salaketa hartzea: indarkeria matxistako kasuetan seinalatzeak saihestu beharko dituzte poliziek. Nous Toutes elkarte feministak neurri horren harira salatu du «jadanik martxan» dela neurri hori, eta «komunikazio operazio» bat dela. «Neurri gehienek dagoeneko indarrean beharko lukete, komunikazio efektu bat da: ekintzak behar ditugu. Polizia etxeetan kontsigna da salaketa hartzea, eta ez seinalatzea soilik. Errealitatean, seinalatzera mugatzen dituzte biktimak».

Armak jomugan

Ikerketa batzordearen arabera, hiru feminizidiotik batean tiroz hiltzen dute biktima, gehienetan ehizako arma batekin. Hala, indarkeria matxistagatik kondenatuak izan diren gizonen fitxategia eta armak legalki dituzten herritarren fitxategia «sistematikoki konparatzeko» eskatu du Darmaninek.

2020an 120 feminizidio gertatu ziren Frantziako Estatuan, Frantziako Barne Ministerioaren arabera. Urte berean, Ipar Euskal Herrian, 83 urteko andre bat hil zuen haren senarrak, tiroz, Angelun (Lapurdi). Aurten, Bordele (Okzitania) inguruan gertatutako feminizidio baten harira, ikerketa batzorde bat osatu zuen Frantziako Gobernuak: Chahinez Daoud zuen izena biktimak, eta haren bikotekideak kalean su eman zion, maiatzean. Emakumeak hainbat salaketa jarri zituen aldez aurretik, jasaten zuen bortizkeria matxistarengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.