Sinadura baten faltan

Iranekiko itun nuklearra negoziatzen ari diren aldeek adostu dute Washington zigortzea hark akordioa berriz baztertuko balu

Irango Atzerri ministro Nasser Kanani, Teheranen, artxiboko argazki batean. AREF TAHERKENAREH / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Ia bi aste igaro dira EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek Iranekin adostutako akordio nuklearrari buruzko negoziazioak amaitutzat eman eta azken txostena aldeen esku utzi zuenetik. Geroztik mezu baikorrak zabaldu dira bai Mendebaldetik, bai Ekialdetik, baina akordioari ezkutuan eutsi diote. Ordea, badirudi, protagonista nagusiek, AEBek eta Iranek, ontzat eman dutela proposamena, eta, Al-Jazeera-ren arabera, «berehalakoa» izango dela sinadura.

Zer sinatuko duten, hori da oraindik ere galdera nagusia. Al-Jazeera telebistak zabaldu duenez, ituna sinatutakoan, orain arte Iranek blokeatuakizan dituen milioika miloi dolarreko funtsak desblokeatuko dituzte, baita petrolio esportazioen gaineko zigorrak kendu ere. Baina guztia ez dute aldi berean egingo.

Akordioak 60 eguneko lau fase aurreikusiko lituzke. Akordioa sinatu eta hurrengo egunean jarriko litzateke lehena abian. Orduan desblokeatuko lirateke Irango hamazazpi bankuren eta 150 instituzio ekonomikoren aurkako zigorrak. Aldi berean, Teheranek hasi beharko luke uranioa aberasteko bere programan atzera egiten.

Iranek gaindituak ditu IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak ezarritako mugak eta 2015eko JCPOA Ekintza Plan Global Bateratuaren —hori da itunaren izen ofiziala— sinatzaileek onargarritzat jotako kopuruak. Iranek %60 aberastutako uranioa gordetzen du bere biltegietan —bonba nuklear bat egiteko %90 aberastu beharko luke—. Inoizko kantitaterik altuena da hori, eta %3,67 gainditzen du 2015eko itunean jasotako muga.

Akordioa sinatu eta 120 egunera jarriko litzateke abian bigarren fasea. Ordutik aurrera, Iranek egunean 50 milioi upel esportatu ahalko lituzke. Horrez gain, Hego Koreak desblokeatu egingo lituzke izoztuak dituen Iranen 6.900 milioi euroak.

Teheranek akordioa berriz indarrean jartzeko jarritako baldintzetako bat ere jasotzen du proposamenak, nahiz eta erabat bete ez. Ebrahim Raisi presidentearen gobernuak eskatu zion Washingtoni berma zezala herrialdeak ez zuela errepikatuko 2018an egindakoa, hau da, akordioa etetea. Etxe Zuriak, ordea, uko egin zion eskariari, argudiatuta «ezinezkoa» zitzaiola halakorik egitea. Baina EBk osatutako txostenak jasotzen du AEBek «isun bat» ordaindu beharko luketela berriz halakorik eginez gero.

Oztopoak

Urte eta erdi behar izan dute AEBek, Iranek, Frantziak, Erresuma Batuak, Alemaniak, Txinak eta Errusiak honaino heltzeko. Donald Trump presidente ohiak hilzorian utzitako akordioa berrituz, Mendebaldeak saihestu egin nahi du Ekialde Hurbilean krisi nuklear bat piztea.

Baina proposamena indarrean sartu aurretik, IAEAren galderei erantzun beharko die Iranek. Herrialdeko hainbat azpiegituratan aurkitutako partikula nuklearren inguruko azalpenak nahi ditu nazioarteko erakundeak. Teheranek ez balitu IAEAren zalantzak argituko, gerta liteke hark akordioari argi berderik ez ematea.

Bestalde, Teheranek hasieratik egindako eskaeretako bat, Irango Guardia Iraultzailea «terroristen zerrendatik» kanpo geratzea, ez du jasotzen txostenak, besteak beste, Washingtonek esana duelako «negoziazioekin zerikusirik ez duen neurri bat» dela, eta halakorik egitekotan Iranek ere beste urrats batzuk egin beharko lituzkeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.