Albistea entzun

Gertuko haragiaren aldeko apustua

Ganadua bazkan, Aurizko belaze elurtu batean.
Ganadua bazkan, Aurizko belaze elurtu batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Mujika Telleria -

2022ko urtarrilak 14

Hautsak harrotu ditu azkenaldian abere makroetxaldeen auziak. Izan ere, Alberto Garzon Espainiako Kontsumo ministroak jendaurrean salatu du makroetxaldeen funtzionamendua. Haren hitzetan, «baldintza txarretan» hazten dituzte abereak halakoetan, eta, azaldu zuenez, «kalitate okerragokoa» da bertan ekoizten den haragia. Ministroaren salaketarekin ados daude, oro har, Euskal Herriko harategiak. «Kezkatuta» daude egoerarekin, makroetxaldeetan ekoizten den haragia erostearen aldeko apustua egiten duelako jende askok, eta horrek «kinka larrian» jar ditzakeelako harategiak.

JUAN GALLASTEGI Gallastegi harategia (Durango)

«Gure harategian kalitatea dugu bezeroei eskaintzeko»

«Lehertu arte hormonaz betetzen dute ganadua, ahalik eta etekin handiena ateratzeko». Hala mintzo da makroetxaldeez Juan Gallastegi, Gallastegi harategiko nagusia, Durangon (Bizkaia). Izan ere, Gallastegik argi du «oso baldintza txarretan» izaten dituztela abereak makroetxaldeetan.
Azaldu du Mallabian (Bizkaia) dutela familia baserria, eta bertan hazten dutela ganadua. Gallastegi harategian saltzen duten haragiaren %90 baino gehiago beraiek hazitako abereena da, eta, haren ustez, horrek «konfiantza» eman beharko lioke erosleari erosteko garaian. Dioenez, bere harategira joaten den jendea kalitatezko produktuen bila joaten da, «eta guk kalitatea dugu bezeroei eskaintzeko».
Kezkatuta dago makroetxaldeen funtzionamenduarekin, nahiz eta horrek berak saltzen duen haragian eraginik ez izan. Baina azaldu du gizartearen erosketa hautua dela harategiak «kinka larrian» jartzen dituena: «Eroskiren moduko denda handietan saltzen duten haragi gehiena makroetxaldeetatik iritsi ohi da, eta jendeak, askotan, erosoena aukeratzen du, bertara joan eta erostea, alegia».
Gaineratu du harategi txikietan erostea «kalitatearen truke ordaintzea» dela, eta, horregatik, bertan erosteko deia egin du: «Ez dut uste alde handirik dagoenik Eroskiko prezioetatik harategietako prezioetara, baina kalitate aldetik, ordea, alde handia dago».

JAVIER MUJIKA Mujika harategia (Ordizia)

«Jendeak oraindik ere badu harategi txikietan erost eko ohitura»

Hiltegitik etxera. Hala egiten du lan Mujika harategiak. Izan ere, Javier Mujika harakinak dioenez, hiltegitik harategirako bidea «ahalik eta motzena» izan dadin ahalegintzen dira; inongo bitartekaririk gabe: «Hiltegitik zuzenean etxera ekartzen dugu haragia, ez dago beste eskurik». Hala, konfiantza eta kalitatea bermatu dezaketela nabarmendu du.
Ordizian dago Mujika harategia, eta bertan egiten dute lan Javierrek eta haren arreba Maitek. Mujikak ziurtatu duenez, saltzen dituzten produktuak ekoizle txikiei erosi izan dizkiete beti: «Ekoizle txikietatik ekarri ohi ditugu gure produktuak, Nafarroako familia etxaldeetatik, gehienbat».
Mujikak badu makroetxaldeen berri, eta, azaldu duenez, ez da haien jardunaren aldekoa: «Ez dut makroetxalde bat bera ere ezagutzen, baina badakit nola funtzionatzen duten, eta ez dute gure ideiekin bat egiten; guk ekoizle txikiak babestu izan ditugu beti».
Gallastegik bezala, Mujikak dio makroetxaldeek ez dutela eragin zuzena bere harategian, baina larritzen du makroetxaldeen botereak: «Gure etxalde txikietan eragiten badute makroetxaldeek, zuzenean eragingo diote gure harategiari».
Gaineratu duenez, «kezkatzekoa» da haragia supermerkatuetan erostea, baina ziurtatu du oraindik ere ohitura handia dagoela harategi txikietan erosteko: «Esango nuke jendeak sinesten duela harategi txikietan eta oraindik baduela bertan erosteko ohitura hori».

JUANJO LARRAÑAGA Larrañaga harategia (Zumaia)

«Gu ezin gara lehiatu makroetxaldeen prezio txikien aurka»

Zumaiako Larrañaga harategiko harakina da Juanjo Larrañaga, eta baieztatu du Zumaia inguruan dauden baserrietatik jasotzen dutela haragia: «Baserritarrak gertuen duen hiltegira eramaten du aberea, eta handik, hozkailua duen kamioi batean ekartzen digute guri».
Larrañagak dioenez, supermerkatuekin alderatuz kalitate eta zerbitzu hobea eskaintzen diete bezeroei bere harategian. «Gure zerbitzua gertukoagoa eta indibidualagoa da. Whatsapp bidez egiten dizkigute askotan erosketak, eta, nahi izanez gero, etxera ere eramaten diegu. Produktu bakoitza bezeroek nahi duten bezala prestatzen dugu», gehitu du.
Makroetxaldeen funtzionamenduaren eta horiek gizarteari eragiten diotenaren jakitun, haien jarduna gaitzetsi du Larrañagak: «Kalitate txikiko haragia egiten dute makroetxaldeetan, eta, gainera, ez dute ingurumena errespetatzen».
Kezkaz bizi du Larrañagak ere eroslearen erosketa hautua. Dioenez, makroetxaldeetatik datorren haragia, kalitate okerragokoa izateaz gain, merkeago saltzen dute supermerkatuetan, eta zaildu egiten die salmenta harategi txikiei. «Gu ezin gara lehiatu supermerkatuetako haragiaren prezioen aurka».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bizkaiko metalgintzako greban eginiko manifestazio bat. Ertzaintza langileei oldartu zitzaien. ©M. T. / EFE

Hiru urteko zigor eskaera zuen metalgintzako langilea ez da kartzelan sartuko

Imanol Magro Eizmendi

Fiskaltzarekin akordio batera iritsi da eta hamabi hilabeteko zigorra onartu du. Beste bi akusatuen aurkako frogarik ez dute aurkeztu

Shangaiko portua, edukiontziz beteta ©Alex Plavevski (Efe)

NDFk aurtengo hazkunde aurreikuspenak apaldu ditu

Jokin Sagarzazu

Kezka agertu du AEBetako eta Txinako ekonomien bilakaeraren eta inflazio tasa handien inguruan.

Altan Bernedoko langileak, Gasteizko Santiago ospitalaren aurrean protestan. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Bi hilabeteko grebaren ondoren, konponbidea urrun dago Altan Bernedon

Aitor Biain

Osakidetzak isuna jarri dio Arabako enpresari, gatazkaren ondorioz botikak jaso ez dituelako

Metalgintzako bi langile, Bizkaiko enpresa baten aurrean ©Luis Tejido (Efe)

Bizkaiko metalak 2023ra arte atzeratu du susperraldia

Jokin Sagarzazu

Jarduera maila %77,5 da gaur egun. Hiru enpresatik batek ez zuen irabazirik lortu iaz. 2022an 1.000 lanpostu sortzea aurreikusten dute. Patronalak «oso zail» ikusten du soldatak KPIaren igoerara egokitzea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.