Ezkutatu nahi den egoera bat

Greziako agintariek kontrol gogorra ezartzen diote Evros ibaiaren mugaren inguruko errealitatea ezagutu nahi duen edonori.

Izenik gabeko hilerria, Greziarako bidean hil diren errefuxiatuena. AITOR TXABARRI.
2019ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Dakigun bakarra da zein hoteletan lo egiten duzuen eta mugara joateko eskaera egin duzuela; ez dizuegu autorik jarri atzetik, ez ezer». Paskalis Siritudis Greziako Orestiada hiriko komisarioak kazetariei erantzundakoa da, haiek galdetu ondoren zer dela-eta eduki duten auto bat jarraika Turkiatik muga gurutzatu eta gero. Dirudienez, errefuxiatuen gaia tabu bat da mugako Greziako aldean, Turkiako eta Greziako mugan gertatzen denari buruz hitz egitea oso zaila baita. Dena sekretupean eramaten du Poliziak. Mugara hurbilduz gero, haien urduritasuna nabaria da, eta guztiz kontrolatu nahi izaten dute dena. Baina galdetzerakoan, inork ez daki ezer kontrol horri buruz. Errefuxiatuen egoera latzari buruz informazio duina emateko aukerak oso murritzak dira. Trabak handiak dira, eta, gobernuaren edota gobernuaren menpe daudenen iritzia galdetuz gero, erantzuna beti bera da: «Ez».

Informazioa beste iturri batzuetatik lortzeko ahaleginak egiten direnean, berriz, agintariak ahalegin horiek zapuzten saiatzen dira. Beldurraz baliatzen dira ateratzea nahi ez duten informazioa ez ateratzeko. «Gauza normal bat da hemen Polizia atzetik edukitzea errefuxiatuen gaia ukitzen baduzu», adierazi du Orestiadako herritar batek, Fotis izenekoak. Izan ere, eremu horretan gertatzen dena ez da soilik kazetariekin gertatzen: errefuxiatuen gaia ukitzen duen edozeinekin gertatzen da. Kontatu nahi dutenek hori ez egitera «animatu» dituen norbait aurkitu dute gehienetan.

Horren helburua izan ohi da kazetariek, ekintzaileek edo gaiaren inguruan interesa duen edonork, azkenean, eremutik alde egitea, nekatuta. Eta askotan lortzen dute helburu hori, horrelako presio egoera batean ia ezinezko bihurtzen baita 24 orduko jazarpen jarraiarekin lan egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.